Bolsonarori egotzi diote kolpe saiakeraren «mentore intelektuala» izatea

Brasilgo Kongresuak gertatutakoa ikertzeko osatutako batzordeak eskatu du presidente ohia inputatzeko, indarkeria politikoagatik

Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia, artxiboko argazki batean. A. BORGES / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Brasilgo Kongresuak joan den urtarrilaren 8ko estatu kolpe saiakera ikertzeko osatutako batzordeak bukatu ditu bere lanak, onartu du azken txostena, eta, horren arabera, Jair Bolsonaro herrialdeko gobernuko presidente ohia (2019-2022) izan zen ekintza haren «mentore intelektuala». Leporatzen dio «erantzukizun zuzena» edukitzea saiakeran, eta, horregatik, eskatu du inputatu dezatela, zilegi ez den elkarte bat sortzeagatik, indarkeria politikoagatik, zuzenbide estatua indarrez baliogabetzeagatik, eta estatu kolpeagatik. Herenegun eman zuten horren berri, eta batzordeak jakinarazi du dokumentua Fiskaltzari bidaliko diola, erabaki dezan eskuin muturreko estatuburu zenaren kontrako karguak aurkeztuko dituen.

Batzordeak proposatu du, gainera, beste hirurogei pertsona inputatzea; horien artean daude Bolsonaroren agintaldiko bost ministro, armadako komandante izandakoak, eta hogei bat militar, besteak beste. Eliziane Gama senatariak idatzi du dokumentua, eta batzordeko hogei kidek horren alde egin dute, 11k kontra, eta bat abstenitu egin da.

Bost hilabetez aritu da lanean batzordea, argitu nahian zer gertatu zen urtarrilaren 8an, Luiz Inacio da Silva Lula-k Brasilgo presidente kargua hartu eta astebetera. Izan ere, ultraeskuineko presidente izandakoaren milaka jarraitzailek Kongresuaren, Auzitegi Gorenaren eta presidentetzaren eraikinak hartu zituzten indarrez Brasilian, eta kalteak eragin zituzten horietan.

Gertakari horiengatik 1.400pertsona inguru auzipetu ditu Auzitegi Gorenak, eta dozena bat inguru zigortu. Bolsonaro ikerketapean dago, baina hura inputatu behar dutelakoan dago Kongresuko batzordea. Tesi hori osatzeko, kolpe saiakeraren aurreko hilabeteak berreraiki ditu, gertakarien lekukoen deklarazioei esker. Eta txostenak hauek jasotzen ditu, besteak beste: kamioilariek egindako errepide mozketak, esku hartze militar bat exijitzeko armadaren kuartelen parean egindako kanpaldiak, Brasilian huts egin zuten atentatuak, eta Lularen inbestidura eragozteko aurreko gobernuak izandako ustezko eztabaidak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.