Brasil

Bolsonaroren jarraitzaileek Brasilgo Kongresua hartu dute

Poliziak bi ordu eta erdi geroago berreskuratu du kontrola.

Bolsonaroren jarraitzaileak Brasilgo Kongresuaren parean, gaur. ANDRE BORGES / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 8a
20:09
Entzun

2021eko urtarrilaren 6an Ameriketako Estatu Batuetan izan zen, eta 2023ko urtarrilaren 8an, Brasilen: Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiaren ehunka jarraitzailek Brasilgo Kongresua hartu dute, Brasilian. Luiz Inacio da Silva Lula presidentearen aurka egiten ari ziren manifestazio bat kongresura iritsi da; han, Poliziaren hesia gainditu, eta eraikinera sartu dira. Han zeuden hainbat gauza suntsitu dituzte, besteak beste. Presidentearen egoitzako hirugarren pisuraino ere igo dira.

Manifestariek ez dute Lularen garaipena onartzen, eta haren aurkako esku hartze militar bat eskatzen dute. Euskal Herrian 18:40ak zirenean gainditu dute Poliziaren hesia (14:40ak Brasilian). Kongresuaren sartu dira lehenik, eta, jarraian, Planalto jauregira —presidentearen egoitzara— joan dira. Gune berean dago Brasilgo Auzitegi Gorena ere. Bidean Poliziaren hainbat auto suntsitu dituzte, eta aurre egin diete agenteei. Manifestari gehienak Brasilgo banderekin eta kamisetekin jantzita ageri dira irudietan. Poliziak Euskal Herrian 21:00ak zirenean berreskuratu du kontrola.

Lula ez dago Brasilian. Asteburu honetan bidaia bat zuen Sao Pauloko Araraqua hirira, euriteek gogor eragin baitiote, eta bideokonferentziaz bildu da bere gobernuko ministroekin. Flavio Dino Justizia ministroa, adibidez, hiriburuan dago, ministerioaren egoitzan. Twitterren hau idatzi du: «Euren nahia indarrez inposatzeko saiakera zentzugabe hori ez da nagusituko. Gobernu Federalak errefortzuak egongo direla dio. Eta gure esku dauden indarrak ari dira lanean. Justizia Ministerioaren egoitzan nago».

Oraintxe, ez dago martxan Brasilgo Kongresua. Otsailean berrekingo diote jardunari han. Bolsonaro, bestalde, AEBetan dago, Orlandon; Lularen kargu hartzea baino bi egun lehenago joan zen hara.

Lula Brasilian bertan egindako ekitaldi jendetsu batean izendatu zuten berriz ere presidente, urtarrilaren 1ean, duela astebete. 2003tik 2011ra presidente izandakoa orduan itzuli zen Planalto jauregira —presidentearen egoitzara—, Brasilgo hauteskundeak irabazi ondoren. Botoen %50,9 eskuratu zituen bigarren itzulian, eta ia bi punturen aldea atera zion Jair Bolsonaro aurreko presidente eta eskuin muturreko hautagaiari (%49,1).

Hainbat hilabetetako protesta

Gaurkoa ez da Bolsonaroren jarraitzaile talde horren lehen protesta. Izan ere, urriaren 30etik —Bolsonarok hauteskundeak galdu zituenetik—, Brasilgo Armadaren hainbat egoitzaren aurrean kanpatu ziren. Brasiliakoa zen kontzentrazio nagusia —handik abiatu da gaurko manifestazioa—, baina beste hiri batzuetan ere izan dira; Belo Horizonten, adibidez, istiluak izan ziren ostiralean, kanpamentu horietako bat desegin zutenean.

Giroa, gainera, berotzen ari zen azken egunetan: atzo bertan, Dino ministro izendatu berriak talde horien aurka egiteko baimena eman zien Brasilgo Segurtasun Indarrei, misio berezietan soilik jarduten den goi mailako talde bateko kideei. Manifestariei indarrez aurre egiteko asmoa erakutsi du hasieratik Dinok, beste ministro batzuek ez bezala.

Bolsonaroren jarraitzaileek Kongresua hartu aurretik, gainera, haiei mintzatu zitzaien: esan zien 2026. urtera arte itxaron beharko dutela, hurrengo hauteskundeetara arte. Horretaz gain, jakinarazi zuen berehalako bilera batera deitu zituela segurtasun indarrak, manifestazioei aurre egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.