Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak G7ko kideek eskainitako laguntza onartuko du baldin eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Amazoniari buruz egin zituen adierazpenak zuzentzen baditu. G7ko herrialdeek Amazoniako suteei aurre egin ahal izateko hemezortzi milioi euroko diru laguntza ematea onartu zuten herenegun. «Lehenik eta behin, Macron jaunak esan zizkidan irainak erretiratu behar ditu. Gezurti deitu zidan, eta Amazoniaren subiranotasuna gai ireki bat dela esan zuen gero», azaldu zuen Bolsonarok, atzo.
Macronek G7koen gailurra bukatzean egin zituen adierazpenez ari zen Brasilgo presidentea. «Amazoniari nazioarteko estatusa emateari buruz eztabaidatu beharko dugu, noizbait, haren suntsipena galarazteko edo Amazoniako gobernadore batek munduko ongizatearen aurkako neurriak har ez ditzan», adierazi zuen Frantziako presidenteak, herenegun.
Brasilgo Gobernuak Amazoniaren gainean duen subiranotasunaren aurkako mehatxu gisa hartu zituen Macronen adierazpen horiek, eta lurraldearen kontrola hartu nahi izatea leporatu zion Frantziako presidenteari. «Brasilek ez du onartuko bere subiranotasuna erlatibizatzeko balioko duen ekinaldirik», ziurtatu zuen Ernesto Araujo Brasilgo Atzerri ministroak. Beraz, ez dago argi zer gertatuko den Amazoniarekin. Izan ere, munduaren birika sutan dagoen bitartean, Macronen eta Bolsonaroren arteko borroka pertsonala nagusitu da.
Agintari guztien jarrera, ordea, ez da berdina izan. Donald Trump AEBetako presidenteak, adibidez, Brasilgo presidentea zoriondu du, bere Twitter kontuan: «Bolsonaro presidentea ondo ezagutzeko aukera eduki dut. Oso gogor ari da lanean Amazoniako suteetan, eta lan bikaina egiten ari da, zentzu guztietan. Ez da erraza. Hark eta haren herrialdeakAEBen babes osoa dute». Bolsonarok eskerrak eman zizkion Trumpi, eta suteak «arrakasta handiz» itzaltzen ari direla adierazi zuen. Gainera, Brasil garapen jasangarriaren «erreferente bat» dela azaldu zuen. Brasilen, ordea,kalera atera dira herritarrak, Bolsonaroren politiken aurka egiteko. Presidenteak baliabide naturalen ustiapenerako politika eztabaidagarriak bultzatu ditu, agintera iritsi zenetik.
Rodolfo Nin Novoa Uruguaiko Atzerri ministroak ez zuen bi presidenteen arteko liskarrari buruzko adierazpenik egin, baina Amazoniako suteen inguruko jarrera positiboa azaldu zuen. «[Suteak] Gainditu egingo ditugu», ziurtatu zuen Atzerri ministroak. Haren arabera, «munduaren birika zazpi herrialderen afera da, eta ez Brasilena bakarrik». Horregatik, Amazoniako suteak itzaltzeko konponbideak bilatuko dituztela adierazi zuen. Nin Novoak azaldu zuenez, Paraguaiko eta Argentinako Atzerri ministroekin elkarrizketatu da, eta «haien kideen iritzian eragiten» saiatuko da, irtenbideak aurkitzen saiatzeko.
Boliviaren erantzuna
Brasilgo Amazonia ez da kiskaltzen ari den bakarra: suak milioi bat hektarea baino gehiago erre ditu Bolivian, gobernuak emandako datuen arabera. Hori dela eta, Evo Morales Boliviako presidenteak «etenaldi ekologiko bat» egitea erabaki zuen atzo. Hau da, debekatu egin du lurren salmenta, suteek erre dituzten eremuetan. Moralesek azaldu zuenez, egunik «zailenak» abuztuaren 17a eta 18a izan ziren, 8.000 sute baino gehiago antzeman baitzituzten. Hala ere, egoera «baretu» egin dela azaldu du, orain 1.100 sute inguru baitaude piztuta.
Azken egunotan, presidenteak «kooperazioa» eskatu die gainontzeko herrialdeei, haren ustez, Amazoniako suteak «nazioarteko kontua» baitira.«Nahiz eta G7ko kideek hogei milioi dolarreko laguntza eman nahi duten, ez dakit nahikoa ote den», azaldu zuen Moralesek. Boliviak NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Latinoamerikako Garapen Funtsaren laguntza jaso du, besteak beste. Baina herrialde mugakideei dagokienez, Peru izan da Boliviako suteak itzaltzeko prest agertu den bakarra, Moralesen arabera.
Bolsonarok baldintzak jarri dizkio Macroni G7koen diru laguntza onartzeko
Frantziako presidenteak Amazoniaren subiranotasunari buruz esandakoa zuzendu ezean, Brasilek ez ditu hartuko agindutako hemezortzi milioi euroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu