Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohia inhabilitatu dute, zortzi urterako. Hauteskunde Auzitegi Nagusiak Bolsonaro epaitu du egunotan, botere abusua leporatuta, eta epaileen gehiengoa estatuburuaren kontrako neurria hartzearen alde agertu da: zazpitik bost. Hortaz, printzipioz, Bolsonaro ezingo da hauteskundeetara aurkeztu 2030era arte —presidentetzarako hurrengo bozak 2026an egingo dituzte—. Estatuburu ohiak iragarria du helegite bat aurkeztuko duela Auzitegi Gorenean, hilabeteotan esan baitu «errugabea» dela, eta politikan jarraitu nahi baitu; halere, Brasilgo hedabideen arabera, ez luke arrakastarako aukerarik izango.
Alderdi Demokratiko Laboristaren salaketa batek abiarazi zuen prozesu judiziala, eta ernamuina du estatuburu ohiak iazko uztailaren 18an egindako batzar batean. Atzerriko herrialdeetako 50 bat enbaxadore deitu zituen presidentetzaren jauregian egindako bilera batera, eta, ikerketaren arabera, hori erabili zuen «larriki» egiteko hauteskunde sistemaren aurka, horri egotziz, frogarik gabe, Luiz Inacio da Silva Lula orduan presidentegaia zenaren —presidentea da egun— alde egitea.
Estatuburu ohiaren abokatuak azaldu du Bolsonaroren asmoa zela hauteskunde sistema «hobetzea»; halere, aitortu zuen haren bezeroak bilkura horretan erabilitako tonua ez zela erabat egokia izan, «oso zuzen» mintzatu zelakoan. Ideia hori defendatu du gaur, hain justu, presidente ohiak, Itatiaia irratiari adierazi baitio sistemaren «balizko ahuleziak agerian» jartzen ari zela: «Epaiketak ez du zentzurik». Gerora, hedabideen aurrean, zera esan du presidente ohiak: «Ikusi dut [epaiketako] boto batzuen laburpena. Horietako batek zioen hauteskundeen emaitzetan eskua sartu nuela. Hala egin izan banu, irabazi behar izan nuen, ez?».
Inhabilitazioaren alde bozkatu duten epaileek, ordea, kontrako iritzia eman dute. Benedito Gonçalvesek, kasurako, esan du Bolsonarok estatuburu posizioa baliatu zuela «hauteskunde giroa degradatzeko», eta Floriano de Azevedok, esaterako, adierazi du bozetarako «abantaila bat» lortzen saiatu zela «moralik gabeko ekintzen» bitartez.
Joan den urrian egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak Brasilen, eta, gutxigatik eta bigarren itzulian izan bazen ere, Bolsonarok galdu egin zituen, eta Lula presidentetzara itzuli zen hamarkada bat pasa geroago, botoen %50,9 bilduta. Estatuburu ohia ez zen izan buruzagi ezkertiarraren kargu hartze ekitaldian, joan den urtarrilaren 1ean; horren ordez, AEBetara joan zen.
Eta astebete geroago, urtarrilaren 8an, Bolsonaroren 1.600 bat jarraitzailek presidentetzaren egoitza, Kongresua eta Auzitegi Gorena indarrez hartu zituzten; horietako askok Brasilgo hedabideei azaldu zietenez, estatu kolpe bat egin eta Lula agintetik kentzeko. Ez zuten halakorik lortu; estatuburu ohia bi egun geroago mintzatu zen horretaz, AEBetatik eta Twitter bidez, eta ez zituen bere jarraitzaileak kritikatu.
Zortzi urteko inhabilitazioaren ondoren, Bolsonarok beste hamabost salaketari egin beharko die aurre; besteak beste, bere lehiakide politikoen aurka desinformazioa zabaltzea leporatu baitiote.