Brasilen iaz egindako presidentetzarako hauteskundeen atarian boterekeriaz aritzea leporatuta epaitzen ari dira Jair Bolsonaro Hauteskunde Auzitegian, eta Benedito Gonçalves auziko instrukzio epaileak erruduntzat jo du herrialdeko presidente ohia (2019-2023); horrenbestez, hura zortzi urtez inhabilitatzearen alde bozkatu zuen, atzo, epaiketaren bigarren auzi saioan. Azkenean erruduna dela deliberatzen badute, ezingo luke aurkeztu 2026an egitekoak dira presidentetzarako bozetara.
Gonçalvesen arabera, Bolsonarok estatuburu posizioa baliatu zuen «hauteskunde giroa degradatzeko», eta, aldi berean, «paranoia kolektiboko egoera bat sustatzeko». Hori bultzatu zuen, instrukzio epailearen txostenak jaso duenez, «informazio faltsuekin eta gezur izugarriekin» fabrikatzeko «konspirazioaren teoriak». Hau nabarmendu du Gonçalvesek. «Ez da posible begiak ixtea, ez diskurtso biolentoen eragin antidemokratikoen aurrean, ez hauteskunde justiziaren sinesgarritasuna zalantzan jartzen duten gezurren aurrean».
Bihar dira egitekoak epaiketaren hirugarren auzi saioa, eta, hasiera batean, epaimahaiko beste sei magistratuak auziaren beren irakurketak plazaratzekoak dira. Alderdi Demokratiko Laboristaren salaketa batek abiarazi zuen prozesua, eta ernaimuna du Bolsonarok iazko uztailaren 18an egindako batzar batean. Atzerriko herrialdeetako 50 bat enbaxadore deitu zituen presidentetzaren jauregian egindako bilera batera, eta, ikerketaren arabera, hori erabili zuen «larriki» egiteko hauteskunde sistemaren aurka, horri egotziz, frogarik gabe, Luiz Inacio da Silva Lula orduan presidentegaia zenaren —presidentea da egun— alde egitea.
Batzar hura «gaitzesgarria» izan zen Gonçalvesen arabera, eta gogoratu du zuzenean eman zutela Brasilgo telebista publikoan eta presidente zenaren sare sozialetan. Urrian egin zituzten bozak, eta, gutxigatik eta bigarren itzulian izan bazen ere, Bolsonarok galdu egin zituen, eta Lula presidentetzara itzuli zen hamarkada bat pasa geroago.
Bolsonaroren hitzetan, errugabea da. Nolanahi ere, martxan den auziak erruduntzat hartuko ez balute ere, auzitegi berean bere kontrako beste hamasei salaketa daude jarrita, besteak beste, boterekeriagatik eta bere kontrario politikoen aurka desinformazioa zabaltzeagatik