Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiaren jarraitzaileek herrialdeko Kongresua, presidentetzaren egoitza eta Auzitegi Gorena hartu zituzten hilaren 8an, eta hasiak dira ja estatu kolpe saiakera ustez bultzatu eta egin zutenak ikertzen eta zigortzen. Izan ere, Bolsonaro ikertuko duela iragarri du gaur goizaldean Brasilgo Auzitegi Gorenak, Fiskaltzak eskatu ostean. Ministerio Publikoaren arabera, Bolsonarok publikoki bultzatu zuen «krimenaren praktika», eta estatu kolpe saiakeraren «egile intelektuala» izan zen.
Alexandre de Moraes Goreneko epaileak Fiskaltzaren argudio nagusia onartu du, hilaren 11n Bolsonarok Facebooken argitaratutako bideo batekin loturikoa. Bertan, aditzera ematen zuen Luiz Inacio da Silva Lula Brasilgo presidenteak joan den urriko hauteskundeak irabazi zituela Hauteskunde Auzitegiaren eta Gorenaren laguntzaz. Ezabatu egin zuen bideo hura, eta Fiskaltzak Meta enpresari eskatu zion hura berreskura dezan.
Izan ere, Bolsonaroren jarraitzaileek Brasilgo hiru botereen egoitzak lau orduz hartu zituzten ez zutelako, besteak beste, Lularen garaipena onartu.
Brasilgo presidente ohia, gainera, AEB Ameriketako Estatu Batuetan dago iragan abendu amaieratik. Horren ondorioz, ez zuen parte hartu Lularen inbestidura ekitaldian, eta ez zegoen Brasilen estatu kolpe saiakera gertatu zenean. «Badakizue hori bultzatu duten presidente ohiaren hainbat diskurtso daudela. Haren erantzukizuna da, eta hari lagundu dioten alderdiena», nabarmendu zuen Lulak estatu kolpe saiakera gaitzetsi zuenean. Bolsonarok ordea, argi utzi zuen lehen unetik berak ez zuela izan zerikusirik horrekin. «Uko» egin zien «frogarik gabeko» akusazio orori, eta esan ez dituela halako ekintzak babesten; «lotsagarria izan da guztiontzat».
De Moraesen arabera, Bolsonarok «erakundeen aurkako jarrera kriminal eta iraingarria» hartu zuen, «bereziki Auzitegi Gorenaren kontrakoa». Gaineratu du «ikerketa gai» diren jokabideak izan dituela «behin eta berriz». Urtarrilaren 1ean izendatu zuten Lula Brasilgo presidente, eta, ordutik, Bolsonarok ez du immunitaterik.
Torres, espetxera
Gainera, Brasilgo Poliziak Anderson Torres atxilotu du gaur, estatu kolpe saiakera egin zutenean izan zuen «ustezko omisioarengatik». Torres Bolsonaroren gobernuko Justizia ministroa izan zen, eta hilaren 1etik, Brasiliako Distritu Federaleko Segurtasunaren idazkaria da—Brasilgo hiriburuan Bolsonaroren alderdiak agintzen du—. Urtarrilaren 2an bihurtu zen Brasiliako segurtasunaren arduraduna, eta handik bost egunera oporretara joan zen, estatu kolpe saiakera Brasilian gertatu zen garaian. Horregatik leporatzen dio «ustezko omisioa» Brasilgo Auzitegi Gorenak.
Izan ere, Brasiliako Segurtasun Idazkaritzako inteligentzia zerbitzuek estatu kolpe saiakera baino bi egun lehenago bazuten arriskuaren berri, Folha de Sao Paulo egunkariak gaur argitaratu duenez. Zehazki, bazekiten Bolsonaroren jarraitzaileek «indarkeria erabiltzeko asmoa» zutela.
Estatu kolpe saiakeran nolabaiteko parte hartzea egotzita, 1.800 lagun atxilotu dituzte guztira Brasilen. Erasoaren biharamunean 1.200 atxilotu zituzten —gehienak, Brasilian—, eta ondorengo egunetan, gainerakoak. Flavio Dino Brasilgo Justizia eta Segurtasun Publikoko ministroak atzo jakinarazi zuen datozen egunetan atxiloketa gehiago egingo dituztela.
Urriaren 30ean egin zituzten presidentetzarako hauteskundeak Brasilen, eta Lulak irabazi zituen, botoen %50,9 eskuratuta bigarren itzulian —botoen %49,1 lortu zituen Bolsonarok—. «Maitasuna gorrotoari gailendu zaio», esan zien Lulak herritarrei bere inbestiduran. Gaur, sare sozialen bidez, «itxaropena» aldarrikatu du, baita «berriro irribarre egiteko eskubidea» ere. «Herrialde honek funtzionatu dezake», esan du Lulak.