Boliviako oposizioko kide batek presidente izendatu du bere burua quorumik gabe

Jeanine Añez Senatuko presidenteordeak estatu kolpea ukatu du, eta bozetara deitzeko asmoa agertu. Moralesen ustez, «kolperik maltzurrena» izan da

Emakume aimara bat bere salmenta gunea ixten, atzo, La Pazen. Istiluak hasi zirenetik zortzi lagun hil dira. MARTIN ALIPAZ / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
«Biblia jauregira itzuli da». Hitz horiekin hartu du boterea Jeanine Añezek. Boliviako presidente izendatu du bere burua orain arte oposizioan aritu den senatariak, botere hutsunea baliatuz eta orain arteko presidentea erbestera iritsitako egun berean. Senatuko bigarren presidenteordea izanik trantsiziorako gidaritza bereganatu du, bozketan quorumik izan ez badu ere; izan ere, parlamentuaren heren baten babesa baino ez zuen izan bozketan.MAS Sozialismorako Mugimenduak gehiengo zabala dauka bi ganberetan, eta alderdiko ordezkariek ez zuten parte hartu herenegun arrapaladan egindako saioan. Bart, bestalde, Poliziak ez zien utzi parlamentuan sartzen.

Evo Moralesek irmo erantzun zuen: «Historiako kolperik maltzurrena eta zorigaiztokoena izan da». Halaber, Añezi herria zapaltzen ari den armadaren eta Poliziaren esanetara aritzea egotzi zion, eta zehaztu haren izendapena konstituzioaren kontrakoa dela: «Bolivia herriaren boterearen kontrako oldarraldia jasotzen ari da».

Buruzagi indigenak bera babesten duten alderdikideentzako hitzak ere izan zituen Mexikotik: «Zorionak anai-arrebei, batasunarekin eta duintasunarekin arbuiatu dutelako eskuin arrazista, kolpista eta herri-saltzailearen manipulazioa». Twitterretik ari da presidente ohia, iragan igandean dimisioa eman zuenetik sare hori erabiltzen baitu mintzatzeko. Moralesek Mexikon hartu du babesa, gobernuak «arrazoi humanitarioengatik» asilo politikoa eman baitio.

Talka dialektikoa

Boliviako polarizazioa, bada, agerian geratu da bi buruzagien arteko talka dialektikoan. Añezek adierazi zuen dagokion lekua hartu baino ez duela egin, eta estatu kolpea izan dela ukatu: «Ezin zen estatuaren hutsunerik egon, kalean dagoen bandalismoa aintzat hartuta». MAS parlamentuko saioari «boikot egiten» saiatu zela esan zuen. Moralesena, berriz, «ekintza koldarra» izan zela: «Morales presidentea nahi izan zuelako joan zen, ez zelako herrialdeari erantzutera ausartzen, eta biktimarena egin nahi du munduari helaraziz estatu kolpe bat izan dela».

Nuñezek Hauteskundeetarako Auzitegi Gorena izendatzeko asmoa agertu zuen, ondoren trantsiziorako gobernua osatu eta, hartara, bozetara deitu ahal izateko. Haren hitzetan, «irtenbidearen aldeko» urratsa egin dute.

Nuñezek Gobernuaren Jauregiko balkoitik egin zuen bere lehen agerraldia. Williams Kaliman armadako buruak ezarri zion presidentetzako xingola. Konstituzionalaren sostengua ere jaso zuen, baita urriaren 20ko bozez geroztik, irregulartasunak izan zirela argudiatuta, protestak sustatu dituen buruzagi zibilarenak, Luis Fernando Camachorenak.

AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Brasilek ere babestu zuten izendapena. Argentinak eta beste hainbat herrialdek ez zuten izendapena aitortu, baizik haren zilegitasuna zalantzan jarri.

La Pazen giroa tenkatuta dago. Nuñez jauregian kargua hartzen ari zen unean, milaka lagun zeuden eraikiaren kanpoaldean whipala indigenen ikurra eskuetan eta gerra zibilaren aldeko oihuak aldarrika. Poliziek negar gasa erabiliz sakabanatu zituzten.Urriaren 23az geroztik izandako protestetan zortzi lagun hil dira, hiru gutxienez poliziek eta armadako kideek egindako tiroenondorioz. Beste 500 zauritu daude.

Kale nagusiak, berriz, hutsik daude, dendak itxita eta garraio publikoa etenda. Betty Yañiquez MASeko buruzagiak adierazi zuen bozen aurretik prestatuta zegoen estatu kolpea ikusarazten ari direla egunotan: «Indar armatuak kalean izatea da horren erakuslea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.