Boliviako Konstituzionalak bertan behera utzi du berrautapen mugagabea; Morales ezingo da 2025eko bozetara aurkeztu

Auzitegiak ebatzi du politikariek gehienez bi agintaldi egin ditzaketela kargu batean, jarraian edo etenaldi batekin. Presidente ohia eta egungo estatuburua borroka politiko betean daude murgilduta, desadostasunengatik.

(ID_13234360) BOLIVIA POLÍTICA
Evo Morales Boliviako presidente ohia, iragan urriaren 4an, MAS Sozialismorako Mugimenduaren kongresuan. LUIS GANDARILLAS / EFE
ander perez zala
2023ko abenduaren 30a
17:00
Entzun

«Berrautapen mugagabea existitzen ez» dela eta «giza eskubide bat ez» dela argudiatuta, Boliviako TCP Auzitegi Konstituzional Plurinazionalak bertan behera utzi du hautagaiak behin baino gehiagotan eta mugarik gabe hautatzeko aukera. TCPren erabakiak aldaketak eragingo ditu konstituzioan, testu horrek jarraian bi agintaldi baino gehiago egitea debekatzen baitu, eta, aldiz, ez baitu ezer esaten etenaldi baten ondoren hirugarren agintea edo gehiago egiteaz. Interpretazio juridikoez harago, auzitegiak kolpe politiko gogor bat eman dio Evo Morales herrialdeko presidente ohiari (2006-2019), ezingo baita aurkeztu 2025eko presidentetzarako hauteskundeetara.

Boliviako Konstituzionalak bertan behera utzi du auzitegiak berak 2017an emandako ebazpena, eta orain kontrakoa argudiatu du, legalki mugatu egin daitekeela politikari batek zenbat agintaldi egiten dituen. Herrialdeko presidente eta presidenteorde postuak aipatu ditu bereziki gaur jakinarazitako sententzian, baina erabakiak diputatuei, senatariei eta kargu judizialei ere eragiten die: «Soilik bi epetan agindu dezakete, jarraian edo etenaldi batekin».

Duela sei urteko epaiak eman zion modua Moralesi 2019ko bozetara aurkezteko, aurrez jada hiru agintaldi egin zituen arren estatuburu gisa; lehena 2006tik 2009ra izan zen; bigarrena, 2009tik 2014ra; eta hirugarrena, 2014tik 2019ra. Gainera, 2013an, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen, garai hartan presidente zenaren kasuan, lehen legegintzaldia ez zela kontuan hartu behar zenbaketan, tartean konstituzioa aldatu zutelako.

TCPren 2017ko sententzia horren aurretik, konstituzioaren erreforma bati buruzko erreferenduma egin zuten 2016an, helburu zuena, besteak beste, Moralesi berriz aurkezteko aukera ematea. Parte hartzea handia izan zen —%84,45ekoa—, eta boto emaileen %51,3 horren kontra agertu ziren; halere, Auzitegi Konstituzionalaren hurrengo urteko erabakiaren ondorioz, buruzagi sozialista berriz lehiatu ahal izan zen, 2019an. Irregulartasun salaketak tarteko, protestak izan ziren haren kontra boz horien ondoren, eta, hauteskundeak berriz egiteko eskaintza egin zuen arren, manifestariek ez zuten presioa eten, eta azkenean Moralesek dimisioa eman zuen, estatu-kolpe salaketak tarteko.

Horren ondoren, Boliviako presidente ohia erbestera joan zen. Bitartean, 11 hilabetez, behin-behineko gobernu bat egon zen agintean, Jeanine Añez estatuburu zuela, eta hurrengo presidentetzarako bozak 2020an egin zituzten; Moralesek babesturiko Luis Arcek —Ekonomia ministro izan zen haren gobernuetan— irabazi zituen, botoen %55,1 bilduta, eta estatuburu ohia herrialdera itzuli zen, gerora.

Harrezkeroztik, ordea, nabarmen okertu da Moralesen eta Arceren arteko harremana. Boliviako presidente ohiak ministro batzuk aldatzeko eskaria egin zuen, eta, estatuburuak halakorik ez zuenez egin, pixkanaka-pixkanaka, bien arteko tentsioa handitu egin zen. Urteotan hainbat talka izan dituzte, eta Moralesek gobernua kritikatu du hainbat aferarengatik; tartean, MAS Sozialismorako Alderdiaren diputatuek ere islatu zuten borroka hori, eta talde parlamentarioa bitan zatitu zen.

Konstituzionalaren erabakiaren aurrean, Moralesek zera esan du X sare sozialean: «Neoliberalak elkartu egin dira MAS-IPSP debekatzeko, eta gu politiko eta fisikoki ezabatzeko. Beldurrik ez».

«Hautagai bakarra»

Moralesek jada iragarri zuen 2025eko hauteskundeetara aurkezteko asmoa, eta MASek, joan den urrian egindako kongresuan, boz horietarako «hautagai bakar» izendatu zuen Boliviako presidente ohia. Aldi berean, Arce alderditik bota zuten, eta egoera are gehiago gaiztotu zen bien artean. Urte hasieran, «anaiak» zirela esaten zioten elkarri; urte amaierarako, «etsaiak» direla.

Hori bai, ikusteko dago MASen barne prozesu horrekin zer gertatuko den. Besteak beste, Hauteskunde Auzitegi Nagusiak esan baitzuen irregulartasun zantzuak daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.