Bolivia

Boliviako Gobernuak ohartarazi du edozein momentutan atxilotuko dutela Morales

Presidenteari sedizioa, terrorismoa eta terrorismoa finantzatzea leporatzen diote, bideo bat oinarri hartuta. Moralesek salatu du kriminalizatu egin nahi dutela.

Evo Morales, asteartean Argentinan eman zuen prentsaurrekoan. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
2019ko abenduaren 19a
12:56
Entzun

Boliviak Evo Morales atxilotzeko agindua eman zuen atzo. Presidenteari leporatu dizkiote sedizioa, terrorismoa eta terrorismoa finantzatu izana. Arturo Murillo jarduneko Barne ministroak zabaldu zuen atzo fiskaltzaren agindua, txio batean. Horren arabera, edozein momentutan atxilotu dezakete.

 

 

Moralesi leporatu diote jarduneko gobernuaren aurkako indarkeria bultzatu izana Mexikon asilo hartuta zegoenean, urriaren 20an haren aurka egin zuten estatu kolpearen ostean. Akusazioaren arabera, ustez Moralesen ahotsa dena entzuten da bideo batean, Faustino Yucra MAS Moralesen alderdiko kidearekin hizketan. Elkarrizketa horretan, ustez eskatzen dio Boliviako «herrien sarrerak blokeatzeko» eta «elikagaien eta erregaien sarrera oztopatzeko». Fiskaltzak onartu du, ordea, ez dagoela frogatuta Morales denik bideokoa. Yucra atxilotzeko ere agindu dute.

Bi akusatuak Argentinan daude, eta Moralesen abokatuak jakinarazi du presidenteak babesa eskatu duela han. Horregatik, gogorarazi du «nazioarteko berme guztiak» dituela. Argentinako Barne Ministerioak, ordea, argitu du oraindik ez duela errefuxiatu estatusa, tramitean baitago eskaera. Boliviak «alerta egoera» aktibatu du muga inguruetan, bereziki Argentinan, eta ohartarazi du Interpolekin harremanetan jarriko direla nazioarteko atxilotze agindua emateko.

Moralesek Twitter bidez kritikatu du kriminalizatu egin nahi dutela: «Saihetsezina den horren beldur dira: gu bueltatu eta berriro martxan jartzea gure proiektu plurinazionala, eta Boliviako duintasuna berreskuratzea. Ezingo diote irabazi historiaren indarrari. Milioika itzuliko gara».

 

 

Gainera, argudiatu du presidente izaeragatik pribilegiozko epaiketa egin behar diotela, eta hori ez duela kontuan hartu Jeanine Añez jarduneko presidentearen gobernuak. Atxilotzeko agindua atzo eman zuten, hain justu, duela hamalau urte Moralesek lehen aldiz hauteskundeak irabazi zituen egun berean. Salatu du atxilotze agindua «injustua, legez kanpokoa eta konstituzioaren aurkakoa» dela, eta hori izan dela jarduneko gobernuak urteurren egun horretan egin dion «oparirik onena» .

Datozen hauteskundeei begira

Leonilda Zurita MASeko kidearen esanetan, ez da kasualitatea agindua orain igortzea. Salatu du «kikiltzea» eta «beldurtzea» dela Añezen gobernuaren helburua. Izan ere, 2020rako deitu dituzte hauteskundeak, eta Morales izendatu dute MASen kanpainako buru. Behin baino gehiagotan erakutsi du Boliviara itzultzeko asmoa, argudiatuz bertan «politika egiteko eskubidea» duela. Agindu honekin, ordea, zaila izango du herrialdera itzultzea.

Añezek, berriz, hauteskundeei buruz hitz egin du: «Gure eginbeharra da gure aberria baketzea eta hauteskundeak antolatzea, herritarrek eskatu diguten moduan». Halere, Diego Pary Boliviako kantziler ohiak salatu du Moralesen gobernukide ohiei eta lider sozialei «jazartzen» ari zaizkiela. Azaldu du kartzelan sartzen ari direla MAS alderdiko buruak, eta egoera horretan ezin dutela egin hauteskunde prozesu «libre eta garden bat». «Diktaduraren garairik gogorrenean ere, ez zen inoiz debekatu igarobaimenik ematea, eta orain batzuei ukatu egin diete; tamalgarria da», kexatu da Pary.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.