Boliviako bozetarako hautagaitza erretiratu du Jeanine Añezek

Lehian ez parte hartzea erabaki du, MASen kontrako botoa zerrenda bakarraren inguruan biltzeko. Moralesek salatu du «inpunitatea negoziatu» duela hauteskundeetara ez aurkeztearen truke

Jeanine Añez Boliviako behin-behineko presidentea, iazko azaroan, hedabideen aurreko agerraldi batean. RODRIGO SURA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Jeanine Añez Boliviako behin-behineko presidentea ez da hautagai izango hurrengo hauteskundeetan. Añezek berak atzo adierazi zuenez, «demokrazia babesteko» hartu zuen erabakia. Azaldu du MAS Sozialismorako Mugimenduaren kontrako botoa banatzeak kezkatzen duela, eta, ondorioz, Evo Morales Boliviako presidente ohiaren alderdiari garaipena erraztea urriaren 18an egingo dituzten bozetan.

«Batzen ez bagara, Morales itzuliko da; batzen ez bagara, demokraziak galduko du», adierazi du behin-behineko presidenteak sare sozialen bidez zabaldu duen bideo batean. Añezek iazko azaroan izendatu zuen bere burua presidente, Evo Morales orduko presidenteak oposizioaren eta armadaren presioaren ondorioz dimisioa aurkeztu ostean. Oposizioak azken hauteskundeetan iruzur egitea leporatu zion. Moralesek «estatu kolpea» salatu zuen, eta ordutik erbestean da. Mexikora joan zen lehenengo, eta Argentinara ondoren.

Añezek, presidente kargua hartu zuenean, adierazi zuen ez zela aurkeztuko bozetara. Baina iritziz aldatu zuen hilabete batzuen buruan, eta Elkarrekin koalizioko hautagai izan da, atzo arte.

Añezekin batera, lehiatik kanpo utzi du bere burua Elkarrekin koalizioko Samuel Doria Medinak ere, presidenteorde kargurako hautagai izatekoa zenak. Doria Medinaren esanetan, koalizioak «MAS geldiarazi dezakeen hautagaia» babestuko du, «demokraziaren indartzea bermatu dezakeena, edozein dela ere».

Herenegun, inkesta batek laugarren tokian kokatu zuen Añez hauteskunde lehian, botoen %10 lortuko lituzkeela esanda. Tarte handia aterako lioke MAS alderdiko presidentegai Luis Arcek, botoen %40 lortuko bailituzke. Inkestak bigarren tokian kokatu zuen Carlos Mesa presidente ohia, botoen %26rekin.

Boliviako legediaren arabera, hautagai batek lehen itzulian irabaz ditzake bozak botoen %40 baino gehiago biltzen baditu eta bigarren hautagaiari hamar punturen aldea baino handiagoa ateratzen badio. Beraz, zenbait iragarpenen arabera, Arce gai izango litzateke Moralesen MAS alderdia berriz ere gobernuaren gidaritzara eramateko.

«Aspalditik» erabakita

Moralesek Añezen egoera pertsonalarekin lotu du hark bozetan parte hartzeari uko egin izana. Ziurtatu du «aspalditik» zuela erabakia hartuta, eta «inpunitatea negoziatu» duela hauteskundeetan ez parte hartzearen truke. «Argi dago bere aliantza berriaren ordaina inpunitatea dela». Moralesek «pandemiaren erdian» egindako ustelkeria kasuak leporatu dizkio, eta Senkatako eta Sacabako «genozidioaren» arduradun izatea —22 lagun hil zituzten bi hiri horietako protestetan, iazko azaroan—. Moralesen esanetan, «krisi neoliberala eragin zutenek Bolivia arpilatzen jarraitu nahi dute koalizio erraldoi baten bitartez».

Mesa presidente ohi eta Komunitate Hiritarra koalizioko zerrendaburuak txalotu egin du Añezen erabakia. «Demokraziaren aldeko ekarpena» dela nabarmendu du, eta bere koalizioa «elkarrizketarako prest» dagoela. Presidente ohia da hurrengo hauteskundeetan MASeko Arcerekin batera balizko bigarren itzuli batean lehiatzeko faborito nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.