BOLIVIA. ERREFERENDUMA. «Prozesu autonomikoaren aurkako arma bat izan da erreferenduma»

2008ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Boliviako prozesu autonomikoaren ikur da Ruben Costas (Santa Cruz, 1955). Evo Moralesen gobernuak ezarritako neurri herritar eta nazionalizatzaileen aurkako erresistentziaren ikurra da. Santa Cruzeko gobernadorea ziur da boterean jarraituko duela, erreferendumaren inguruko inkestek %70eko babesa ematen baitiote. MAS Sozialismorantz Mugimenduak bere jarrera aldatu egin beharko duela eta oposizioarekin bat etorri uste du Costasek.

Zer dago jokoan, Santa Cruzen zehatz-mehatz, eta Bolivian oro har?

MASen bi urte eta erdiko agintaldian gertaturikoa ikusirik, kolokan dago ea Gobernuaren ikuspegi totalitarioa gai izango den demokrazia eta boliviar guztien eskubideak eta askatasunak garaitzeko. Santa Cruz, Beni, Pando, Tarija eta Chuquisacako prozesu autonomikoaren aurkako arma bat izan da erreferenduma. Galdutako babesa berreskuratu nahi dute, eta haien Konstituzio berria inposatu: presidentea berriro aukeratzea nahi dute botere osoaz jabetu dadin. Santa Cruzen kolokan dago gure baliabideak nola erabili erabakitzeko eskubidea. Administrazio eraginkor, zintzo eta hurbileko bat eratu nahi dugu, etorkizunari itxaropentsu begiratzeko.

MASen helburua da zenbait prefet garaitzea eta berriz osatzea eskualdeen eta botere zentralaren arteko indar korrelazioa. Lortuko duela uste al duzu?

Gobernuaren helburua da hori, baina jakin beharko lukete jarrera autonomista ez dela abagune jakin bateko kontua, baizik eta urte askoko uste sendoa. Erreferendum hau itunaren aurkakoa da. Borrokatu ezean gehiegikeriari bide emango genioke, eta bertan behera geratuko litzateke batzorde eragilea, eta horrek prozesu autonomikoa geldiaraziko luke, zeina benetako aldaketa baita. Ez da norbanako jakin batzuen kontua; Gobernuaren eta Boliviako gehiengoaren ikuspegi bakezale eta demokratikoa daude aurrez aurre. Orain eta hemen, jokoan dago herriek erreferendum autonomikoen bidez eman diguten eginkizuna bete ahal izango dugun edo ez.

Oposizioaren prefetek desadostasunak izan dituzue. Kaltegarria izan al daiteke desadostasun hori?

Demokrazian gaude eta ez ditugu agindu bertikal jakin eta bakar batzuk bete behar. Santa Cruzek borrokan jardun beharko du aurrerantzean ere, bere ametsak beteko baditu. Aurreko beste ezein gobernuk ez zuen garaitu ahal izan, eta oraingo honek ere ez du garaitu ahal izango.

Zer gertatuko da bihartik aurrera?

Printzipio batzuen arabera jokatzen dugunez, oraindik ere uste dugu bakearen bidetik lortu behar dela adostasuna. Estatu Autonomikoak hainbat eskumen ditu -nazioari, departamenduei nahiz udalerriei dagozkienak-, Gobernuak besterik badio ere. Demokrazia batean, ez dakioke inolaz ere aterik itxi elkarrizketari; elkarrizketa horrek benetakoa behar du izan, ordea, akordioak betetzeko erantzukizuna dakarrena,eta ez haiek manipulatzekoa. Hidrokarburoen gaineko zuzeneko zerga itzul diezaguten nahi dugu, bahitu egin baitigute. Botere gehiegikeriari aurre egiteko herriak gaur agertuko duen jarrera onartu beharko du MASek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.