BOLIVIA. ERREFERENDUMA. «Politika pribatizatzeko eta elitizatzeko proiektuaren hondarrak daude oraino»

2008ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Aldaketa prozesuan sakontzea edo neoliberalismora itzultzea. Alvaro Garcia Linera (Cochabamba, 1962) Boliviako presidenteordearen ustez, hori da gaur jokoan dagoena Bolivian. Erreferendumak sostengua emango diela ziur dela esan dio berriari.

Evo Morales presidentearen agintaldiaz gain, zurea eta zortzi gobernadoreena daude kolokan. Zer espero duzue?

Kolokan dago aldaketa prozesuan sakonduko dugun edo estrategia neoliberal eta pribatizatzaileetara itzuliko garen. Historian atzera egitea ekarriko luke presidentea eta presidenteordea baliogabetzeak; Gonzalo Sanchez de Lozada agintari pribatizatzailearen izenetik eratorritako gonismoa, eta haren tokian tokiko ordezkariak baino ez lirateke geratuko; funtsean, izan ere, politika pribatizatzeko nahiz elitizatzeko eta jatorri apalekoak baztertzeko proiektu haren hondarrak eta oihartzunak geratzen dira oraindik Bolivian.

Eskuinak bultzatu zuen erreferendum hau, baina gero damutu egin zen eta desegonkortze kanpaina bati ekin zion; hauteskunde iruzurra eta bortizkeria salatu ditu...

Atzera egin zuten haien kalkulu politikoek huts egin zutela ohartu zirenean: Beni, Pando, Santa Cruz eta Tarijako kontsulta autonomikoetan izandako emaitzen ondoren egin zuten atzera. Hango bizitza politikoaren jaun eta jabe zirelakoan zeuden! Erreferendum haietan argi geratu zen, bada, herriak ez dituela erabat babesten eta haiei ere ate-joka zebilkiela klase borroka eta zatiketa politikoa. Horrek kolokan jarri zituen, eta erreferenduma baztertzera lerrarazi zituen. Onartu egin dute hitzez, baina ez ekintzaz. Probokazio kanpaina bat ere sustatu dute sektore kontserbadoreek, erreferendumaren eta demokraziaren aurka; agintariek ez diote amore emango probokazio halakoari, eta ez diete inolako aitzakiarik emango eraso talde haserretu horiei. Gizartean liskarra baino ez baitute eragin nahi.

Eskuina bananduta dago. Jorge Quirogaren eskuin politika alde batetik, eta autonomiaren bandera goratzen duten oposizioko gobernadoreak bestetik. Abantaila bat al da hori?

Oposizioak ez dauka nazio buruzagitzarik. Jorge Quiroga buruzagi kontserbadoreak oker politiko mordoa egin zuen, eta, politikari dagokionez, hautagai garaitua da. Eta gainerako eskualdeetako buruzagiak ez dira haien departamenduez harago hedatu. Eta ez da politika nazionalik egiten eskualdeetatik. Buruzagitza txikien arteko konkurrentzian datza arazoa, ez baitute bermatu ahal izan proiektu nazional estatal irmo eta hedakor bat. Horrek ekarri ohi ditu, gero, eskuin faxistaren -zeinari enbarazu egiten baitio demokraziak- eta eskuin moderatuaren arteko liskarrak.

Zer ekarriko luke baietzak gaurko galdeketan gailenduko balitz?

Estatu sendo bati esker, ekonomia boterearen egitura berria osatzea. Eta estatu industrial bihurtzea, presentzia pribatua izango duena. Estatu parte-hartzaileago bat nahi dugu, petroliogintza gehiago aztertu eta ustiatuko duena. Politikari dagokionez, berriz, Konstituzio berria onartzea, eta, horretarako, hainbat akordio lortu beharko ditugu Kongresuan, erreferenduma dela-eta aldaketak gerta baitaitezke eskualdeetako indarren korrelazioan, zenbait prefet kanporatzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.