BOLIVIA. ERREFERENDUMA. Moralesen Bolivia, arriskuan

Evo Morales presidenteak, presidenteordeak eta zortzi gobernadorek agintean jarraitzeko galdeketa egingo dute gaur Bolivian; Moralesek hauteskundeetan baino sostengu zabalagoa jasoko duela diote inkestek

2008ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Ez naute beldurtzen laidoek eta probokazioek. Ondotxo dakit aldaketa prozesu hau geldiarazten ahaleginduko direla aberriaren aurkako berekoi zenbait. Jakin ezazue, bada, neba-arrebok, demokrazian sakontzen ari garela, demokrazia aurrera doala». Boliviaren nazio egunean, joan den asteazkenean, bozkalekuetara joateko lau egun besterik geratzen ez zelarik, hala esan zuen Evo Moralesek. Gaur egitekoa den erreferendum horretan erabakiko dute beren karguan jarraituko duten bai presidenteak -Evo Morales-, bai presidenteordeak -Alvaro Garcia Linera-, eta baita zortzi gobernadoreek ere -MAS Sozialismorako Mugimenduaren gobernuaren aurkariak gehientsuenak-.

Senatuak, oposizioko eskuinaren ekimenez, joan den maiatzean deitu zuen agintariak baliogabetzeko erreferenduma. Jorge Quiroga Tuto presidente izandakoaren alderdiak -Podemos- onartu egin zuen deialdia, baina asmo batekin: Boliviako Konstituzio berriari buruzko kontsulta eragoztea -Batzar Konstituziogiletik atera zen testua-. Oker jo zien kukuak, ordea, erreferendumak desaktibatu egin baitzituen eskari autonomistak eta atzera eginarazi baitzien eskuinekoei, eskualdeetako departamenduetan babes harturik aurre egin baitzioten Evo Moralesen gobernuari, haien estatutu autonomikoak onartu eta gero.

«Bozkalekuak bai, armak ez», esan zuen presidenteak joan den maiatzaren 12an, erreferendumera deitu ahal izateko legea onartu zuenean. Egun hartaz geroztik, hainbat gertaera izan dira, herritarrek gaur bozkatzeko aukerarik izan ez dezaten: hala nola ezin konta ahala lege ekimen antolatu dituzte, eta itunaren aurkako errekurtso zenbait aurkeztu; hauteskunde iruzurrean aritzea eta errolda manipulatzea egotzi diete; dimisioa emateko eskatu diote Hauteskundeetako Gorte Nazionaleko presidenteari; gose grebak egin dituzte; kanpaina mediatikoa abiarazi dute eta bortizkeria bolada bati bide eman diote. Estatu kolpe baten arriskuaz ere ohartarazi behar izan du asteon Moralesek.

Inkestak

Boliviaren historian inoiz izandako hauteskunde ikuskatuenak izango dira hauek horregatik guztiagatik; nazioarteko ehun behatzailek baino gehiagok gainbegiratuko dituzte. Hauteskunde adituen batzorde batek esandakoaren arabera, erroldak %98ko fidagarritasuna du. Orain arteko inkestetan ageri denez, presidenteak eta presidenteordeak Gobernuan jarraituko dute; uste izatekoa da botoen %60 lortuko dituztela, 2005. urteko boz historiko haietan baino sei puntu gehiago (%53,7).

Inkestetan ageri denez, halaber, hainbateko handia (%80 inguru) bereganatuko du berriro ere Santa Cruzeko Ruben Costas gobernadoreak. Eskualdeetako aurkari eskuindarrek, autonomiaren banderadun eta estatutu autonomiko federalisten aldeztaile gisa dute Costas -eskumen erabatekoa eskatzen dute hainbat gai korapilatsutan, lurrari eta baliabide naturalei dagozkienetan; guztira, hogeita hamarren bat eskumen-.

Boliviaren zatiketa

Boliviaren bi aldeak agerian dira berriz ere: nazionalista-popular-indigena bata, jatorrizko sektore nekazariei dagokien duintasuna itzuli nahi diena, ekonomia estatu sendo bat eratuz; eta autonomikoa bestea, haranetan, ordokietan eta oihanean babestu eta eredu neoliberala sostengatzen duena.

Evo Moralesen gobernuak, ordea, fronte autonomikoa ahularazteko itxaropena du, haien prefetatik bik -Pandoko Leopoldo Fernandezek eta Tarijako Mario Cossiok- baliogabetuak izateko arriskua baitute, botoen %50 gehi bat lortu ezean. Beste bi prefet ere, La Pazeko Jose Luis Paredes -Podemos taldekoa- eta Cochabambako Manfred Reyes Villa kapitaina -Gonzalo Sanchez de Lozada presidente izandakoaren aliatua garai batean- arrisku larrian daude.

Reyes Villak bakarrik uko egin dio erreferendum baliogabetzailean parte hartzeari, legez kontrakoa dela uste baitu -Konstituzioak ez bide du jasotzen irudi juridiko hori-, eta honela esan du: «Prefeta baliogabetzeko aukerak irabaziz gero, inork ez nau irtenaraziko Prefeturatik; kontsulta hau legez kontrakoa da, eta nire agintaldia datorren urtean amaituko da». Cochabamban beldur dira, baldin eta gaur Reyes Villa garaitzen badute, ez ote diren berriro ere iaz bezalako gertakari bortitzak izango; ordu hartan, hiru pertsona hil ziren, MASen jarraitzaileen -Cochabambako cocaleroak gehienbat- eta Villaren aldeko militanteen arteko borroketan. Prefetak «Santa Cruzeko independentzia» aldeztu izanak eragin zituen gertakari haiek.



Ez diot beldurrik herriari, baina ezta inperioari ere; batzuek inperioaren iritzira soilik makurtu nahi dute»

evo morales
Boliviako presidentea




.697.882

Banatutako hektareak. Evo Morales 2005eko abenduan ailegatu zen boterera. Orduz geroztik, 697.882 hektarea lur banatu ditu nekazari indigenen artean; gobernu neoliberalen hamar urteko agintaldian halako 200; izan ere, 36.815 hektarea banatu zituzten ordura arte.





MASen bi urte eta erdiko agintearen lorpenak

MAS Sozialismorantz Mugimenduaren Gobernuak bi urte eta erdian lortutako emaitzak agerian dira. Evo Moralesek gasa nazionalizatu zuenetik gorakada handia izan dute gasetik eratorritako baliabideen ustiapenak. Lehen 300 milioikoa zen urteko petrolio errenta, eta orain 2.000koa.Hezkuntzan, alfabetatze programa arrakastatsua egin dute. Orain arte, 600.000 boliviarrek ikasi dute irakurtzen eta idazten, alegia analfabeto guztien %70ek. Gobernuak bi diru laguntza banatzen ditu, bata 20 eurokoa haurrek eskolara joateari utz ez diezaioten, eta bestea zaharrentzat, pentsio modukoa da, eta horri esker, urtean 500 euro inguru jasotzen dute edadetuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.