"Abubakar Shekau naiz, eta gure anaiak daude Katsinako bahiketaren atzean", jakinarazi du Abubakar Shekau Boko Haram Nigeriako talde jihadistako buruzagiak, HumAngle atarira bidalitako audio bidezko mezu batean. "Islama sustatzeko eta islamarekin lotu gabeko praktikak errefusatzeko" egin zuten erasoa, Shekauk dioenez, "Mendebaldeko hezkuntza ez baita Alak eta profeta santuak baimentzen dutena".
300 ikasle baino gehiago ditu bahituak talde islamistak, joan den ostiralean Kankara hiriko bigarren hezkuntzako ikastetxe bati eraso egin ostean. Katsina estatuko agintariek jakinarazi zuten erasoaren unean 839 ikasle zeudela ikastetxean, baina horietatik 400 baino gehiago aske daude.
Orain arte, Boko Haramek ez du tamaina horretako erasorik egin Nigeria ipar-mendebaldean, eta herrialdearen ipar-ekialdean zentratu ditu bere ekintzak.
Katsina estatuko gobernadore Aminu Bello Masari herrialdeko presidente Muhammadu Buharirekin bildu zen atzo, gertakariari erantzuteko. Bilkuraren ostean igorritako ohar batean, Bello Masarik adierazi zuen bahitzaileekin kontaktuan zeudela, eta segurtasun irizpideak eta ikasleak euren etxeetara itzultzeko prozedura eztabaidatzen ari zirela. Boko Haramek HumAngle atariari ziurtatu dionez, ordea, talde islamistak ez du inolako eskakizunik egin, eta ez dute ikasleak askatzeko baldintzarik jarri.
'Itzul iezazkiguzue gure mutilak'
2014an, Boko Haramek 276 neska gazte bahitu zituen Chibok hirian, eta egun, oraindik, desagertuta daude horietatik gutxienez 112. Herrialdea astindu zuen gertakari hark. Sare sozialetan erabiltzaile asko hasi dira Kankaran gertatu dena orduko harekin alderatzen, eta elkartasun mezuak zabaltzen ari dira, #BringBackOurBoys (Itzul iezazkiguzue gure mutilak) traolarekin —#BringBackOurGirls (Itzul iezazkiguzue gure neskak) kanpainarekin erantzun zion herritar askok Chibok hirian gertatutakoari—.