Udal eta foru hauteskundeak. Katalunia eta Galizia

BNGrentzat, Galizian goberna dezakeela islatu dute udaleko hauteskundeek

ander perez zala
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Ana Ponton BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren bozeramaile nazionala pozik agertu zen atzo, BNGk lortu dituen emaitzengatik, eta adierazi zuen udal hauteskundeetan izandako babesak frogatzen duela Galizian gobernatzeko aukera izango dutela. «Lan egingo dugu gure herrialdeari mugak ezartzen ez dizkion presidente bat izateko», esan zuen atzoko agerraldian.

Galizian urtebete barru egingo dituzte parlamenturako hauteskundeak, eta, Pontonen ustez, BNG «prest» dago «garai berri bat irekitzeko». 2020ko bozetan sekulako gorakada izan zuen alderdi independentistak, eta oposizioko lehen indarra bilakatu zen, sei aulkitik hemeretzira igota; orain, BNGren bozeramaile nazionalak uste du udal hauteskundeak bultzada bat izan direla 2024an irabazi ahal izateko. «[Galiziako Xuntako presidente Alfonso] Ruedak nahi duenean deitu ditzake herritarrak [bozkatzera]. PPren alternatiba gara», esan du Pontonek.

Ruedarentzat, lehen lehia izango da Galiziako Parlamentuari dagokionez presidentegai gisa, gobernuburu kargua iazko maiatzean lortu baitzuen, Alberto Nuñez Feijook Espainiako politikara emandako saltoaren ondorioz. PPG Galiziako Alderdi Popularrak gehiengo osoa du, eta ikusteko dago, Feijoo gabe, horri eusteko gai izango al den.

Gora hirietan

Galiziako independentistek uste dute herenegungo babesa bultzada handi bat dela. Eta, hirietako emaitzak aztertuz gero, badirudi BNG eta PSdeG Galiziako Alderdi Sozialista ados jarriko direla bata bestearen alkatetzak bermatzeko. Independentistek Pontevedrari eutsiko liokete, eta hiriburuan, Santiago de Compostelan, alkate kargua ere izango lukete, kasurako.

Oro har, BNGren ordezkari kopurua lehen halako bi da Coruñan eta Ourensen, eta lehen halako hiru Vigon eta Santiagon; gainera, alderdiak gora egin du Ferrolen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.