Xose Manuel Beiras. BNGko bozeramaile ohia eta idazlea

«BNG izan liteke PPren alternatiba 2024ko hauteskundeetan»

'Nos Diario'-ri emandako elkarrizketan, Galiziako estatutuak Xuntari eta Parlamentuari ematen dizkien ahalak eta eskumenak «barrendik hustu» izana egotzi dio Beiras buruzagi nazionalistak Feijoori.

NOS DIARIO.
Maria Obelleiro.
2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Xose Manuel Beirasen (Santiago de Compostela, 1936) Retratos en fite kaleratu berria da Laiovento argitaletxean, zuzenean ezagutu dituen zenbaiten soslaien bilduma. Duela 50 urte justu, O atraso económico da Galiza-ren lehenbiziko edizioa argitaratu zuen, Galizia kolonia bat dela dioen liburua. «Halaxe pentsatzen dut orain ere», segurtatu du Beirasek Nos Diario-ri emandako elkarrizketan. «Duela 40 urte baino okerrago gaude».

Liburu berria argitaratzearekin batera, 50 urte beteko dira O atraso económico da Galiza publikatu zenuela. Orain idatziko bazenu, zer aldatuko zenuke?

Ekonomiari buruzko liburu bat da, Galiziaren patologia sozioekonomikoari buruzkoa, eta Galizia kolonia bat dela dio, nahiz eta barneko kolonia edo Espainiako estatuaren barne kolonia izendatu. Barne kolonialismoari buruzko tesi batzuk erabili ditut. Ez dira marxistak, baina atze-atzean eskema marxista bat dago; izan ere, aintzat hartzen dira Galiziako gizartea egituratzen duten multzo sozialak, ekoizpen moduen arabera. Batetik, kapitalismoa baino lehenagoko sistema bat dago, Galizia nekazaria eta arrantzalea, garai batean biztanle gehienak hartzen zituena, eta, bestetik, kapitalismoaren sektorea dago. Bien arteko harreman dialektikoa azaleratu dut.

Horretaz galdetu nahi nizun, ea orain ere pentsatzen duzun Galizia kolonia bat dela.

Jakina, eta lehen baino gehiago. Joan deneko hamabost urtean gutxienez, gaizkitu egin da Galiziaren sindrome koloniala. Sindrome hori ez dagokio gizartearen oinarri ekonomikoari bakarrik, ez dakarkigu gure baliabideez eta soberakin ekonomikoaz gabetzea bakarrik, eta kontua ez da politikariak eta subiranotasun politikoa baditugun ala ez: gainegiturari ere eragiten dio, hala nola arlo ideologikoari eta kulturalari. Ikusi besterik ez dago: 40 urte badira gobernu autonomo bat dugula, estatutuak dio galegoa dela hemengo hizkuntza, baina herritarrek berek antolatu behar dute galegoa normalizatu dadin.

[Alberto Nuñez] Feijooren gobernuekin, barrendik hustu dituzte estatutuan Galiziako Xuntari eta Parlamentuari ematen zaizkien ahalak eta eskumenak. Espoliazio hutsa da.

Espainiakoa huts egindako estatu bat da. Estoldei buruz hitz egiten denean, erredundantzia bat da, estatua bera baita estolda. Espainiako Estatuan, botere judizialaren buruzagitza bera ere kolpista da. Erakundeez baliatzen dira erakundeak berak azpikoz gora jartzeko, zerbitzu egiteko Europako Batasuneko oligarkiei eta plutokraziari.

Kontatzen ari zaren horregatik, zure ustez Galizia «askoz okerrago» dago orain, duela 40 urte baino.

Guztiz. 60 urtetik beherakoek ez zuten parte hartu ez konstituzioan, ez estatutuan ez halako ezertan. Egina zegoelarik jaso zuten. Jadanik gutxi gara laurogeitaka urte izan eta Galizia nolakoa zen kontatzen dugunok. Ez dute erreferentziarik jakiteko zer den diktadura bat eta zer den erregimen faxista bat, jendeari ez baitzaio informaziorik eman. Isiltasun ituna lazgarria izan zen. Prozesu moduko batean, memoria historikoa galarazten ari dira, eta zentsura ezartzen; horrek guztiak eta oraingo beste gauza askok antz handia dute Alemanian Weimarko Errepublikan gertatutakoarekin, eta bide eman diote PPren faxistizazioari eta Voxen agerpen esplizituari. Arazoa ez dira Voxek esaten dituen astakeriak. Herritarrek kultura demokratikoa izango balute, haiek ez lituzkete bilduko botoen %5 baino gehiago.

Lehengoari helduta: herri galegoa desagertzeko prozesu bat da. Konponbide bakarra herritarren iraultza bat izango da, eta, izan, izango da. Ez dakit garaiz iritsiko den, baina iritsiko da, historia ez baita lineala.

Hanka sartze ikaragarriak egin ditugu, eta horrek ere izan du zerikusia: bistatik galdu genuen nazio askapenerako prozesu estrategikoa, nahiz eta hura zen bidea markatzeko iparrorratza. Nazionalismo antolatua izenez eta hitzez zen nazionalista eta subiranista, baina autonomista zen praktikan. Konparatu urte hauetako diskurtsoa eta 90eko urteetan esaten nuena. Oso diskurtso inklusiboa zen, ez zen batere dogmatikoa, eta, era berean, jendearengana iristen zen, arazo konkretuei heltzen zielako, arazoen mamiari, eta borroka guztietan ari ginen, kalean. Mezua erradikala zen oso. Hor ari ziren beti.

Urte zailak etorri ziren gero.

90eko hamarkadaren bukaeran, sentitzen nuen kontraesan gaizto batean ginela, 1997tik aurrera BNG bigarren indarra izan baitzen parlamentuan, eta aukera izan baikenuen Xuntan gobernatzeko, baina ni bozeramaile nazionala nintzen, hau da, BNGren proiektu estrategikoaren bozeramailea, askapen nazionalerako prozesua helburu zuen proiektu baten bozeramailea, eta, aldi berean, Xuntako presidentetzarako hautagaia nintzen, konstituzioaren eta autonomia estatutuaren esparruan. Eta gogoan dut komunikazioaz eta propagandaz arduratzen zenak, Mario Lopez Ricok, honela esaten zuela: «Presidente baten diskurtsoa egin behar duzu». Eta nik: «Ez, BNGren bozeramailearen diskurtsoa egin behar dut, baina prest nago hauteskundeak baino sei hilabete lehenago presidente baten diskurtsoa egiteko». Baina egoera gaiztoa zen. Gero eta konpromiso gehiago genituen erregimeneko erakundeetan: 1999an, zazpi hirietatik bostetan gobernatu genuen, haietatik hirutan alkatetza edukita; eserleku bat genuen Europan, eta gero eta harrapatuago geunden. Zer egin? Ohartzen nintzen ondo bereizi behar zirela bi rol, EAJk egiten duen bezala: zuzendaritzak hartzen ditu erabakiak, baina lehendakariak ez du botorik ematen.

PPren alternatibarik ikusten al duzu 2024rako?

Ikusten dut, bai. Egon badago alternatiba bat. BNG alternatiba izateko moduan dago, baina kontua da arrunt zaila dela Galizian BNG nagusitzea PSOEri parlamenturako hauteskunde batzuetan, Xuntan nork aginduko duen erabakiko den hauteskunde batzuetan. Txorakeriarik egiten ez bada eta buru argiz lan egiten bada, aukera hori badago, baina BNGk ez du konexiorik ezker ez-nazionalistarekin, PPren kontra aliatua izan daitekeen ezker horrekin.

Oso argi dago kontraesanen bi ardatzak mugitu egiten direla halako depresio handi bat dagoenean, baina badago beste ardatz bat, nazio kontraesanaren ardatza, Galizia-Estatua. Ezkerreko nazionalismoak, eta Galizian nazionalismoa ezkerrekoa izan da beti—ez baita eskuineko nazionalismorik izan—, bi kontraesan horiekin jokatu behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.