2024ko Galiziako Parlamenturako bozak

BNG: itxaropena ari du

Bloke Nazionalista Galiziarrak ekitaldi jendetsu batekin amaitu du Galiziako Parlamenturako bozen kanpaina, Santiagon. Boto emaileek aldaketarako nahia lehenetsi dute, eta Pontonek «historia egitera» deitu du.

(ID_13612279) ESPAÑA ELECCIONES GALLEGAS
BNGren Xuntarako presidentegai Ana Ponton, gaur, Santiagon, mitina hasi aurretik. LAVANDEIRA JR / EFE
ander perez zala
Berriemaile berezia - Santiago
2024ko otsailaren 16a
21:15
Entzun

Antolatzaileak eta boluntarioak alde batetik bestera ari dira; batzuk lasai, oinez, eta beste batzuk korrika. Kanpoan, pixkanaka-pixkanaka, lehen jarraitzaileak iristen ari dira. Ordubete falta da BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren kanpainako azken ekitaldirako. Aukeraturiko aretoa bada esanguratsua, Santiago kanpoaldean dagoen Multiusos Fonte do Sar pabiloia; egindako kanpainaren tamainakoa, alderdiaren zale batek besteari esan dionez.

Diego Boguete eraikinaren kanpoan dago, BNGren «aspaldidaniko» boto emaile bat. «Aldaketa» nahi du, PPG Galiziako Alderdi Popularrak Galiziako Xuntan ez jarraitzea: «Hamalau urte dira zerbitzu publikoek okerrera egin dutela». Alboan dituen hiru lagunek bat egin dute ideia horrekin. Eta, Boguetek PPG aipatu duela baliatuta, denek aho batezko beste iritzi bat eman dute: alderdi horren kanpaina ez zaiela batere gustatu.

«PPren gezurrak sufritu ditugu», esan du Begoña Iglesiasek, Boguetek adierazitakoei jarraipena emanda. «Bildu! Amnistia ere bai. Uf…», gehitu du Marga Mejutok; hura katalana da, eta pare bat urte da Galizian bizi dela. Taldeko laugarren laguna Pepe de Pura da. Askoz kritikoago mintzatu da kontserbadoreen agintaldiez, eta, batez ere, deitoratu egin du PPGk ez duela hitzemandakoa bete.

Laurak BNGz aritu direnean, kontrastea, espero bezala, nabaria da. «Itxaropentsua» iruditu zaie Galiziako ezkerreko alderdi subiranistaren eta, batez ere, Xuntarako presidentegai Ana Pontonen kanpaina. «Blokea jendearengana gerturatzen saiatu dira; nazionalistak direnengana, eta ez direnengana ere», gehitu du Boguetek.

Hamabost minutu falta dira BNGren mitina hasteko. Aretoan sartzeko ilarak geroz eta luzeagoak dira, baina inork ez du presarik. Badirudi jende asko helduko dela. Pablo Alvarezek, eraikinean sartu aurretik, zigarro bat erre behar du; ez du hitz egiteko gogo handirik, eta erantzun laburrak eman ditu. «Ana Ponton ikusteko etorri naiz, ideia argiak dituelako. Badaude aukerak aldaketarako», esan du Alvarezek.

Pabiloiaren barnean, jarraitzaileetako batzuek jada aukeratu dute beren eserlekua. Ruben da horietako bat —ez du bere abizena eman izan nahi—; ez da «beti» izan BNGren boto emailea, «batzuetan» egin du alderdi horren alde, baina etzi Galiziako ezkerreko alderdi subiranistari emango dio botoa.

«Ezkerreko boto emailea naiz. BNGk ilusioa helarazi du, proiektu interesgarri bat. Galiziari begirakoa. Badirudi eskura dagoela [agintera iristea]», azaldu du Rubenek. Eta nolakoa iruditu zaio PPGren asteotako estrategia? «Ez dut inoiz ezer espero haiengandik. Uste baino gehiago nahastu dira kanpainan».

«Presidente, presidente»

Multiusos Fonte do Sar aretoa bete egin da azkenean. Adin guztietako jendea dago harmailetan, baita pistan ere. Irribarreak dira nagusi, agurrak eta zorion mezuak ere bai BNGren jarraitzaileen artean. Eta Ponton agertu denean, ilusioa lehertu da: «presidente, presidente» oihuak besterik ez dira entzuten txalo artean.

«Jakingo bazenute zer ikusi dudan egunotan… Ikaragarria da. Herrialde hau aldatu da dagoeneko», esan du BNGren Xuntarako presidentegaiak. «Ez dago ezer aldaketa geratuko duenik».

Pontonek goranzko ibilbidea izan du kanpainan. Besteak beste, presidente irudia sustatu du, eta badirudi, inkesten arabera, estrategia horrek mesede egin diola. Ezustekorik ezean, gainera, BNGk bere inoizko emaitzarik hoberena lortuko du etzi; bai boto kopuruari dagokionez, baita ordezkaritzari dagokionez ere. «Ziklo berri bat ireki dezakegu gure herrialdean. Berdin du zer bozkatu zenuten beste aldietan: boto guztiak ezinbestekoak dira aldaketarako. Aldaketak milaka lagun elkartu gaitu».

Milaka lagun elkartu, eta ezkerreko subiranismoa ere bai. BNGren Xuntarako presidentegaiaren alboan baitzegoen eserita Xose Manuel Beiras; baita Camilo Nogueira ere, alderdiaren diputatu ohi ezagunetako bat. Eta, atzerago, Anxo Quintana, Galiziako Xuntako presidenteorde izandakoa (2005-2009) ezkerreko alderdi subiranistak eta PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistak eratu zuten koalizio gobernuan.

Pontonen mezua argia izan da, behin eta berriz «historia egitera» deitu baitu. Eta oso kritiko agertu da PPGrekin: «PPk hauteskundeak galduko ditu. Hau garaipen heroikoa izango da; irabazi egingo dugu, gezurrak esan dituzten arren, funts publikoen erabilera alderdikoia egin duten arren, TVG [Galiziako telebista publikoa] erabili duten arren».

BNGk inoiz baino eskurago du Galiziako Xuntako presidentetza. Alderdiaren jarraitzaileek ere hala uste dute, eta pozik atera dira mitinetik, azken bultzada jasota —3.000 lagun elkartu dira, alderdiaren arabera—. «Herrialde duin bat irabazteko» eskatu die Pontonek. Eta, batez ere, botoa ematera joateko: «BNG bozkatuz gero, historia egingo dugu. Emakumezko lehen presidentea izango dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.