Ameriketako VII. Goi Bilera. Jesus Arboleya. Habanako Nazioarteko Harremanetarako Goi Institutuko irakaslea

«Blokeoa amaitzeko joera historiko bat dago»

Historia doktorea da Arboleya, Habanako Unibertsitateko irakaslea. 2013an, Casa de las Americas sari prestigiotsua jaso zuen, 'Cuba y los cubanoamericanos. El fenómeno migratorio cubano' lanagatik.

LUISMI UHARTE.
Habana
2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Panamako Ameriketako Goi Bileran Kubaren eta AEB Ameriketako Estatu Batuen arteko harremanek itzal handia izango dute. Harremanok gaur egungo egoerara nola etorri diren azaldu dio BERRIAri Arboleyak.

Kubak eta AEBek elkarrizketahasi dute, mende erdiko blokeo, liskar eta ezinikusiaren ostean. Zeintzuk dira egoera honetara iritsi izanaren gakoak?

Gako nagusia da AEBek ondorioztatu dutela euren estrategiak porrot egin duela. Gogoratu behar da haien estrategia ekuazio honetan oinarritzen zela: itotze ekonomikoa (blokeoa) nazioarteko bakartze politikoarekin osatzea. Egoera horrek kaosa ekarri behar zuen Kubara, eta horrek justifikatu behar zuen AEBek esku hartzea. XXI. mendearen hasieran, estrategia hori guztiz antzua dela frogatu da. Batetik, Kubak lortu duelako toki bat nazioarteko ekonomian, eta 1990eko hamarkadako krisi ekonomikoa gainditua duelako; Txina, Errusia, Venezuela eta Brasilekin lortutako harreman estuak oinarrizkoak izan dira bide horretan. Bestetik, Kubak lortu duelako Latinoamerikan integratzea, hainbat erakundetan toki bat eginda, bereziki CELACen [Karibe eta Latinoamerikako Estatuen Erkidegoa]. Egoera horretan,AEBak ari ziren bakartuta geratzen.

Zer aldaketa espero dituzu epe labur eta ertainean?

Lehen fasean, hiru aldaketa aurreikusten ditut, nahiko azkar. Batetik, harreman diplomatikoei berrekitea. Horren ondorioz, enbaxadak irekiko dira. Horretarako, beharrezkoa izango da egoitza diplomatikoen funtzionamenduaren gaineko arauak zehaztea, desorekak eragozpetako —funtzionario kopuru bera enbaxada bakoitzeko, eta abar—. Hirugarrenik, alde biko intereseko akordioak sinatu beharko lirateke. Izan ere, jada ari dira hogei eremuren gainean negoziatzen: kostaldeen kontrola, narkotrafikoa, posta zerbitzua, pertsonen trafikoa...

Kuba oraindik herrialde terroristen zerrendan dago.

Bai, eta Obamaren agintaldiari falta zaizkion bi urte hauetan, hortik ateratzea ezinbestekoa da. Aldi berean, AEBetan dauden Kubako ordezkaritzen finantza funtzionamendua ere arautu behar da, orain ezin baitituzte kontuak eduki edo transakzioak egin.

Hori, epe laburrean; eta luzera begira?

Epe ertainean, litekeena da eremu batzuetan negozio batzuk zabaltzea; adibidez, telekomunikazioen alorrean, Kubak garapen gutxitxo baitu arlo horretan. Nekazaritza eta elikagaien sektorea funtsezkoa da, eta lehentasunezkoa da kentzea Kubak kreditu bidez AEBetako enpresariei halakoak erosteko indarrean dagoen debekua. AEBetako herritarrei Kubako turismorako atea irekitzea ere garrantzitsua da, aurreikusten baita milioi bat turistak baino gehiagok bisitatuko dutela uhartea. Horrek gaur egun dauden bisitak heren bat gehitzea ekarriko luke.

Moduak aldatu arren, AEBek ez dute aldatu beren azken xedea; alegia, Kubako Iraultza amaitzea. Nola egin behar dio aurre Kubak egoera berriari?

Washingtonek, orain, pixkanakako aldaketa baketsuaren aldeko apustua egiten du. Horrek esan nahi du Kubako gizarte zibilean eragiten saiatuko dela bestelako tresna batzuekin: enpresa pribatuen inbertsioaren eta hark dakartzan balioen bidez; teknologia berrien bidez (Internet, sare sozialak); gazteenganako mezuak lehenetsiz, kultura eta hezkuntza trukeen bidez... Horrek esan nahi du AEBekin dugun harremana ez dela izan eta gero ere ez dela izango normalizatua. Lor dezakeguna da inguruko beste herrialde batzuek dutenaren moduko harreman mota bat. Alegia, guztiz antagonistak izango gara aurrerantzean ere.

Zeintzuk dira egoera berriaren abantailak eta arriskuak?

Ageriko abantaila bat da Kubak handitu egiten duela AEBei aurre egiteko eta nazioarteko ekonomian toki bat egiteko ahalmena. Datu esanguratsu bat da zeinen azkar mugitzen ari den Europa harremanak bideratzeko, bai baitaki blokeoa amaitzera doala, eta ondo kokatuta egon nahi du bere negozioetarako. Arrisku handiena, berriz, hau da: AEBekiko balizko menpekotasun ekonomikoa, zeren, daukaten botere ekonomiko eta gertutasunagatik, eskaintza komertzialik erakargarriena haiek egingo digute, eta horrek kalteak ekar diezazkioke gure burujabetzari.

Kuba, historian, inperialismoaren aurkako erresistentziaren ikur bat izan da. Hori alda daiteke egoera berriarekin?

Kubak nazioartean duen egoera ez da aldatuko. Azkenaldian Etxe Zuriak egindako erasoen inguruan Venezuelaren alde agertu izanak hori erakusten du. Raul Castrok garbi esan du Kuba ez dagoela salgai eta Venezuela ez dela beldurtzen. Segur aski, gatazka horren ondorioz atzeratu dira Habanako eta Washingtongo enbaxadak.

Aipatu duzun gatazka horrek nahas dezake Ameriketako Goi Bilera?

Zalantzarik gabe, Venezuelaren aurkako jarrera itxiak asko zaildu dio Obamari Ameriketako Goi Bilera. Izan ere, egin dioten erasoa zabarra eta premiarik gabekoa izan da. Bruno Rodriguez Kubako kantzilerrak garbi esan du asko zailtzen duela goi bilerako giroa. Hain da hala, ezen goi bileran bi eztabaidagai nagusi egongo baitira: Kubaren gaineko blokeoa kentzea eta Venezuelaren gaineko mehatxua bukatzea. Washingtonek Venezuelaren aurkako erasoa ezkutatu nahiko du Raul Castrori bostekoa emanez, baina hark ez dio horretarako aukerarik emango.

Goizegi bada ere, pentsa daiteke blokeoa amaitzeko prozesua bueltarik gabekoa izango dela?

Hasi besterik ez bagara ere, uste dut bueltarik gabeko joera bat dagoela zenbait faktore historikoren nahasketaren ondorioz. Batetik, AEBetako herritar gehienak blokeoa amaitzearen alde daude. Bestetik, kubatar-amerikarren komunitatearen soslaia aldatuz joan da. Orain arte, Kubaren aurkako hauteskunde estrategia beligerante batek arrakasta zuen Miamin, baina jada ez da hala. 2012ko errepublikanoen kanpainak emaitza txarra izan zuen kubatarren artean, eta 2014ko eskualdeko hauteskundeetan joera irekia duten hautagaiek babes handia jaso dute. Aldi berean, AEBetako enpresarien sektoreak Kubako atea irekitzeko eskatzen ari dira. Merkataritza Ganberak alderdi guztiak estutu ditu Kubarekiko politika alda dezaten. Blokeoa bukatzeko eskatu du nekazaritza industriako 30 enpresa boteretsuenek osatutako lobby-ak, eta, azkenik, ez dugu ahaztu behar Latinoamerikan ere gero eta jarrera irmoago dagoela eskatzeko AEBei Kubarekiko politika aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.