Blanca Eekhoutek hitzaldia emango du larunbatean Errenterian

Venezuelan Emakumeen Gaietarako ministro izandakoak Euskal Herria-Venezuela Elkartasun Topaketetan hartuko du parte

Blanca Eeekhout, adierazpenak egiten. M. G. / EFE
Blanca Eeekhout, adierazpenak egiten. M. G. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko maiatzaren 23a
11:20
Entzun

Blanca Eekhout PSUVeko diputatu eta Emakumeen Gaietarako Venezuelako ministro izandakoak hitzaldia emango du larunbatean, 10:15ean, Errenterian (Gipuzkoa). Elkartasun Keinua Venezuelari elkarteak Merkatuzarren antolaturiko egun osoko topaketen hasieran hartuko du hitza. Iraultza bolibartarraren etorkizuneko erronken inguruko hausnarketa hitzaldia emango du.

Eekhout (Acarigua, Venezuela, 1966) ibilbide luzeko politikaria da. Gaur egun, diputatu izatez gain, Venezuelako Komunen Garapenerako Batzorde Iraunkorreko eta Nazio Batzordeko presidentea da. Aurretik, hainbat arlotako ministro izandakoa da: Komunikazio eta Informazio ministroa (2009-2010), Hugo Chavezen gobernuan; eta Emakumeen Gaietarako (2016-2018) eta Komunetako ministroa (2018-2020), Nicolas Madurorekin. Mercosurren ere parlamentaria izandakoa da (2013-2015).

Ez da Euskal Herrira etorri den lehen aldia, 2014an Bilbon antolaturiko beste elkartasun topaketa batzuetan hartu baitzuen parte. Larunbatean, esan bezala, topaketen hasieran hartuko du parte Eekhoutek. Hitzaldiaren ondoren, Venezuelarekiko elkartasun mugimenduen parte hartzearen berri emango dute (12:00), eta, arratsaldez, herri bazkariaren ondoren, ekitaldi politiko eta kulturalak egingo dituzte. Gauean (21:00), musika festa antolatu dute Landare tabernan. Interesa duen orok www.elkartasunkeinua.com webgunean eman dezake izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.