Polo Patriotiko Handia koalizioaren koordinatzailea

Blanca Eekhout: «Jokoan dago Venezuela berriro kolonia izatea»

Eekhoutek adierazi du «arrazoi asko» daudela pentsatzeko Nicolas Maduro «berme bat» dela «demokraziaren, iraultzaren eta bakean bidean aurrerapausoak ematen segitzeko».

Blanca Eekhout. BERRIA
Blanca Eekhout. BERRIA
Igor Susaeta.
2024ko uztailaren 27a
05:05
Entzun

Blanca Eekhout (Acarigua, Venezuela, 1968) bada nor Venezuelaren azken mende laurdeneko politikan. Hugo Chavez presidentearen azken agintaldian (2007-2013) Komunikazio eta Informazio ministroa izan zen (2009-2010), eta Berdintasun ministroa (2016-2018) eta Komunena ere (2018-2020) izan da Nicolas Maduro presidentearekin. 2021etik da Polo Patriotiko Handia koalizio chavistaren koordinatzailea eta Asanblea Nazionaleko diputatua. Chavismoaren jarduna defendatzen du zalantzarako tarterik utzi gabe.

Zer dago jokoan Venezuelako presidentetzarako hauteskundeetan?

Venezuelan demokrazia parte hartzaileko prozesu bat sortuz joan gara. Gure iraultza prozesuaren bizkarrezurra herriaren boterea da. Burujabetza ariketa erabateko horrekin hausten dira AEBen inperialismoak gure ekonomiaren, politikaren, kulturaren gain duen nagusitasunaren eta mendekotasunaren kateak. Beraz, jokoan dago berriro kolonia izatea, edo aurrerantzean ere herrialde burujabe eta independentea izatea.

Herritarrek zergatik bozkatu beharko lukete Nicolas Maduroren hautagaitzaren alde?

Hasteko, langile klaseko presidente bat da Maduro. Ez da, Daniel Noboa Ekuadorkoa bezala, bankari bat. Ez da pertsona bat, Milei bezala [Javier Milei Argentinako presidentea], oligarkiak jarritakoa. Edo ez da AEBen langile bat, [Juan] Guaido txotxongiloarekin saiatu zirenean bezala. Eskuin faxisteneko eta egoskorreneko halako pertsonaiak, besterik gabe, AEBetako inperialismoaren nahiak inposatzera etortzen dira.

Erakutsi du gizon zintzoa dela, ausarta, eta defendatu duela Venezuelako herria unerik zailenetan: inbasio saiakerak egin direnean, blokeo hiltzaile honetan. Horren guztiarekin aurrean, Madurok erakutsi du jakituria eta ausardia duela bakea, demokrazia mantentzeko, haiek gerra zibil bat piztu nahian ari zirela. Oso estu hartu izan dutenean ere, elkarrizketari eutsi dio; eta aurrerapausoak eman ditu demokrazia sakontzeko. Hala, gaur egun, hazkunde ekonomikoa dugu; bakea dugu; eta benetako, muturreko herri demokrazia bat dugu. Beraz, arrazoi asko ditugu pentsatzeko Maduro berme bat dela demokraziaren, iraultzaren eta bakearen bidean aurrerapausoak ematen segitzeko.

Chavismoak ez du aurreikusten gal dezakeenik?

Gu gerra, blokeo, setio jokaleku batean egon gara. Blokeo hiltzaile baten erdian ari gara hauteskundeak egiten — 900 zigor gehiago—. Inoiz ez dugu pentsatu gal dezakegunik. Zeren konpromiso kontu bat da: iraultzaileak gara betidanik.

Eta galtzen baduzue, nola erreakzionatuko duzue?

Hasteko, badakigu eskuinak inoiz ez duela herriaren garaipena onartu; beti ukatu du. Ziur gaude garaipenaz, gure herriaren kontzientziaz, eta herri eta iraultza gisa irabazteko egin dugun ahalegin alimalekoaz. Baina atzerapauso bat, estatu kolpe bat, inbasio bat edo, zuk esan bezala, porrot bat egoera oso zaila izango litzateke ez soilik Venezuelarentzat; are, egoera oso zaila litzateke Latinoamerikarentzat eta munduarentzat. Venezuela herrien ezkutu bat bihurtu da, baita Latinoamerikaren burujabetzarena ere. Eredu bat da esan ahal izateko bizi daitekeela zutik eta ez belauniko.

Beraz, [hauteskundeak galtzea] gerra egoera bat litzateke. Gringoen nahia ez da Guaido jarri nahi izatea. Haiek gure herrialdea osorik hartu nahi dute: urrea, petrolioa, lurrak, mineral estrategikoak bere egin.

«Venezuela herrien ezkutu bat bihurtu da; baita Latinoamerikaren burujabetzarena ere»

Oposizioak presidentetzarako aurreko hauteskundeak boikotatu zituen, 2018koak, iruzurtzat jota. EBko Europako Batasuneko behatzaileei zergatik debekatu die Caracasek igandeko bozak gainbegiratzea?

Zoritxarrez, Europako Batasunak oraindik ere pentsatzen du kolonia bat garela. Aintzat hartu behar da, gainera, Europako Batasuna —ez da burujabea: AEBek agindutakoaren menpe dago— etengabe ari dela Venezuelari eraso egiten, neurri hertsagarri aldebakarrekoak hartzen. Haiek zigor deitzen diete, baina ezin dira zigorrak izan, gu ez baikara inoren kolonia. Europako Batasunak babestu egin zuen Donald Trumpek [AEBetako presidentea 2017tik 2021era] jarritako txorimaloa: Juan Guaido. Bidenek mantendu zuen [Joe Biden AEBetako presidenteak], bere kabuz erori zen arte. Europako Batasuna une oro ari da, sistematikoki, gure gobernuaren eta herriaren kontra, eta ahalegindu zen, gainera, guri barre egiten. Gainera, Venezuelak hauteskunde sistema garden bat dauka, ikuskatua izateko modukoa dena, maila guztietan. Hortaz, ez dugu onartzen ez Europako Batasunaren, ez inoren umiliaziorik.

Atzerrian bizi diren venezuelar batzuk salatzen ari dira zailtasunak dituztela botoa emateko erregistratzerakoan.

Hori gezurra da, egiten diguten gerra kulturalaren, mediatikoaren, psikologikoaren, faxistaren parte. Ez da manifestazio masibo bakar bat ere egon erregistratzeko orduan.

NICOLAS MADURO. VENEZUELA.
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea ekitaldi batean, joan den ekainaren 16an. EFE
NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia batzuk eta hainbat GKE gobernuz kanpoko erakunde bateratzen dituen plataforma baten arabera, azken hamarkadan 7,7 milioi pertsonak alde egin dute Venezuelatik; azken bost urteotan, 6,5 milioik. Horrek esan nahi du lau venezuelarretik batek alde egin duela.

Gezurra da jendeak ihes egin duela. Gure herrialdean ez dago jazarpen politikorik. Hemen immigrazio ekonomiko bat egon da, blokeo hiltzailearen eta gerra mediatikoaren ondoriozkoa. Beldurra eta itxaropenik eza eragiteko kanpaina baten ondorio izan da. Gezurra da gure herrialdetik hainbeste jendek alde egin duela. Mundu guztian daude immigrazioak.

Venezuela, kontrara, herrialde solidarioa izan da mundu guztiko milioika gizakirekin.

«Immigrazio ekonomiko bat izan da, blokeo hiltzailearen eta gerra mediatikoaren ondoriozkoa»

NBE Nazio Batuen Erakundearen txosten batzuek gizateriaren kontrako krimenak egitea egozten diote Venezuelari. Gezurretan oinarrituta daude?

NBEk ez du ezer egin blokeoa kentzeko. NBEk ez du ezer egin aldebakarreko ekintza terrorista, ilegal, hiltzaile eta justifikaziorik gabekoak eragozteko. NBEri ez diogu ezer sinesten. Datuak faltsuak dira.

Venezuelak giza eskubideak urratzen dituela argudiatuta, AEBek zigor ekonomikoak jarri dizkiote azken hamarkadan. Herrialdearen jarduna baldintzatu dute horiek. Nola daude bi herrialdeen arteko harremanak?

Zigorrak ez dira arindu. AEBek Venezuelako petroliorako sarbidea edukitzeko, enpresa batzuei neurrietako batzuk kendu zizkien, salerosketak egin ahal izateko. Venezuela ia mila zigorren biktima da oraindik ere. Guk ez dugu munduarekin salerosketan aritzeko arazorik, baina ordain diezagutela eskatzen dugu; ez diezagutela lapurtu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.