AEBetako Los Angeles hiria berriro dago polizia indarkeriaren epizentroan. Urtarrilaren 3an, Los Angelesko Poliziak Keenan Anderson 31 urteko gizon beltza hil zuen, taser pistola batekin. Hil zuen poliziaren kamerak grabatutako irudiak eman zituen Poliziak asteazkenean, eta gaur zabaldu dira mundu osora, sare sozialen bitartez. Horietan ikus daitekeenez, poliziek lurrean geldiarazita zuten Anderson, eta haietako batek behin baino gehiagotan egin zion tiro, taser pistola bat haren gorputzari itsatsita. Poliziaren arabera, tiro egin eta bost minutura iritsi zen anbulantzia. Atxilotua ospitalera eraman zuten, baina handik lau ordu eta erdira hil zen, Santa Monicako ospitalean, bihotzekoak jota.
[BIDEOA] Urtarrilaren 3an, Los Angelesko Poliziak Keenan Anderson 31 urteko gizon beltza hil zuen, taser pistola batekin. Irudiak eman zituen Poliziak asteazkenean, eta gaur zabaldu dira mundu osora. @jonordoez@edulartzangurenhttps://t.co/EBCMqeQBbapic.twitter.com/hkRXJCKqvf
— Berria.eus (@berria) January 13, 2023
Anderson Black Lives Matter mugimenduaren sortzaileetako baten lehengusua zen, Patrisse Cullorsena. «George Floyd bezala tratatzen ari zaizkit», errepikatu zuen Andersonek hil aurretik, bideoan ikusten denez. Floyd 2020ko maiatzean hil zuten, Minneapolisen, eta orduan ere bideo irudiak hilketaren lekuko izan ziren: ikusten zen nola jarri zion polizia batek belauna lepoan, lurrean zegoela, eta hiltzeraino ito.
Lepoa zanpaturik
Bideoaren hasieran, ikusten da polizia batek lepoa zanpatu ziola besoarekin Andersoni, eta, ondorioz, hark nekez hitz egin zezakeen. «Laguntza» eta «mesedez» ere oihukatu zuen Andersonek. Poliziek agindu zioten ez gogor egiteko eta ahuspez jartzeko, eta halako batean Andersonek erantzun zien ez zela gogor egiten ari. Hala ere, mehatxu egin zioten taser pistolarekin: «Elektrokutatu egingo zaitut», esaten dio poliziak. Azkenean, tiro egin zion hainbat alditan, guztira 30 segundo baino gehiago: hasieran, zentimetro batzuetara; gero, pistola gorputzaren kontra jarrita.
Floyden kasuan bezala, Anderson ere laguntza eskatzen ari zela nabarmendu du haren lehengusuak. «Nire lehengusua laguntza eskatzen ari zen, eta ez zuen jaso. Beldurra zuen. Bazekien zer zuen jokoan, eta babestu egin nahi zuen», esan du Cullorsek lehengusuaren heriotzaz.
Trafiko istripu batengatik
Michel Moore Los Angelesko poliziaburuak asteazkenean agerraldi batean azaldu zuenez, abisu bat jaso zuten 15:00etan: trafiko istripu batez ohartarazi zieten dei batean. Anderson ihes egin zuela esan zuen Moorek, eta delitu larria dela hori. Azaldu zuen hasieran lasai zegoela, baina «norbaitek hil egin nahi zuela zioen». Gero, ordea, polizia gehiago hurbildu ahala, «urduritu» egin zen eta ihes egiten saiatu zen, Mooreren arabera. Hori gertatu ondorengoak dira gaur sare sozialetan zabaldu diren irudiak. Moorek esan zuen normalean irudi horiek gertatu eta 45 egunera zabaltzen dituztela, baina oraingo honetan lehenago eman dituztela, «interes publikokoak direlako». Autopsia egitean Andersonen gorputzean kalamu eta kokaina arrastoak aurkitu dituztela esan zuen.
Ikusi gehiago:Koloreek baldintzatuta
Urtea hasi denetik Los Angelesko Poliziak hil duen hirugarren pertsona beltza da Anderson. Aurreko egunetan Takar Smith (45 urte) eta Oscar Sanchez (35) hil ditu, tiroz. Los Angelesko Poliziak esan du hiru heriotzak ikertzen ari dela, eta Karen Bass alkateak, «gertaera asaldagarriak» direla. Cullorsek Los Angelesko poliziaburuaren dimisioa eskatu du. Eskubide zibilen aldeko hainbat elkartek eskatu dute trafiko istripuetara armarik gabeko poliziak bidaltzeko.