Oscar Temaru (Faaa, Polinesia Frantsesa, 1944) independentismoaren buruzagia da, eta Frantziaren kolonialismoak ez du askorik ezkutatzen lider historikoarekiko ezinikusia. 2013an, bere herrialdea Nazio Batuaren Erakundearen (NBE) Deskolonizatu beharreko Lurraldeen zerrendan sartzea lortu zuen, eta, duela aste batzuk, independentzia galdeketa eskatu zuen NBEn. Frantzia Hagako auzitara ere eraman du, Polinesian hiru hamarkadatan egindako proba nuklearrak gizateriaren aurkako krimenak direla salatuta. Orain, argi du Kaledonia Berriaren atzetik euren txanda dela independentzia lortzeko.
Iaz, urtebetez kanporatu zintuzten parlamentutik; orain, berriz, zigortu egin zaituzte auzitegiek, Fa'a'ako alkate izanik Radio Tefana irratiari emandako diru laguntzagatik. Borroka antinuklearrean nabarmendu den irratia da, eta itxi beharko dutela diote eurei ezarritako isuna ordaindu behar badute. Zer gertatu da?
2013an hasi ziren. New Yorken eta munduko beste hainbat lekutan ibili ginen babes bila; ez zen erraza izan, baina azkenean lortu genuen NBEren zerrendan berriz ere sartzea. Orduan hasi ziren irratiaren ikerketarekin. Ez zegoen ezer, baina urtero jarraitu zuten, eta 2018an presidente guztiak Hagako Auzitegira eraman nituenean, [Nicolas] Sarkozy, [Valery] Giscard d'Estaing, [François] Hollande eta [Emmanuel] Macron, traidorea nintzela erabaki zuten, kanpoan utzi behar nindutela. Erabat politikoak eta kolonialistak dira auziak, baina ez dugu etsiko, berez dagokigun eskubidea da autodeterminazioa.
[youtube] https://youtu.be/OyxNM-ND9SA[/youtube]
Itsas eremu zabaleko bost artxipelago, eta beste horrenbeste herri eta hizkuntza polinesiar daude Polinesia Frantsesean. Zer estatu eratu nahi duzu?
Polinesia Frantsesa deitzen dutena Maohi Nui da guretzat, eta bost estatu autonomo bilduko dituen estatu federala izango da. Politikoki efizientea izateko, artxipelago bakoitzak bere lurraldea garatu behar du.
Kaledonia Berriak egin du erreferendum bat, eta beste bat dator 2020an. Zer espero duzu?
Kanakyn badakite irabazi behar dutela, eta elkarrekin joan behar dutela. Beste galdeketa baterako aukera ere badago, baina berriki han izan naiz, eta esan diet: oso kontuz ibili, ez negoziatu Frantziarekin, eta ez egon bi aldeak bakarrik, beti izan aldamenean NBEren deskolonizaziorako ordezkaria. Frantziak ez du Kaledonia Berria askatzerik nahi.
Eta euren ostean, zuen txanda?
Kaledonia Berriak zortea izan zuen, 1986an zerrendan sartu zutelako. Hasieratik egon gara elkarrekin. New Yorkera joan ginen Jean-Marie Tjibaou —buruzagi kanak historikoa— eta biok, ziur nengoen bion herrialdeak sartuko zituela zerrendan. Baina bera beldur zen Frantziak betoa erabiliko ote zuen. Eta hau esan zidan: aurretik joango zela, eta esango zuela aurten haiek izango zirela, eta hurrengo urtean atzean datorren bere anaia txikia izango zela. Baina gero hil egin zuten.
Haren ostean urte asko galdu genituen, 2013an berriz sartzea lortu arte. Orain, NBEren zerrendan dago berriz ere, baita Hagako Auzitegian ere. Tjibaourekin apustu egin nuen: nire herrialdea berearen aurretik izango dela, berak ezetz, bera izango zela. Oso positiboa da Kaledonia Berrian gertatzen ari dena, eta, era berean, badakit Frantzia oso beldurtuta dagoela. Badaki, Kanaky joanez gero, gu atzetik goazela. Askatasunaren haizeak honantz joko du, eta horrek asko beldurtzen ditu.
Beraz, hemen ere gerta daiteke?
Hori da gure asmoa eta borondatea. Jendeari hezkuntza eman behar diogu, bilerak antolatu behar ditugu. Bizkor joan behar dugu: ez ditugu mugak kontrolatzen, eta etengabe ari dira jendea ekartzen Frantziatik. Tahitin, kalean bizi diren mutikoak atzeman eta armadara bidaltzen dituzte borrokan, Malira eta abar, eta era berean euren jendea ekartzen dute hona. Eta etxe eta eraikin berriak Frantziako jendeak erosten ditu, dirua zuritzeko, zergarik gabe, eta lana aurkitzeko ere guk baino erraztasun gehiagorekin. Azaltzen diogu gure jendeari, baina ez da erraza, burua jan diote askori.
Datarik jartzerik bai?
2022an, hurrengo presidentetzarako bozetan. Birritan saiatu naiz, eta ez didate utzi, baina orain beste estrategia bat erabiliko dugu.
Cook uharteetakoa zenuen ama; hemendik gertu daude. Estatu Libre Elkartua dira Zeelanda Berriarekin, hau da, ia independente eta burujabeak. Zuentzat erdibide egokia izan liteke?
Gakoa kulturala da. Anglofonoak pragmatikoak dira, frantsesak ez. Kulturalki Frantzia da hau, hala esan zuen Hollandek hona heldu zenean. Mururoa Frantzia da, eta ez omen dugu gertatutakoagatik kexatzerik, Kaledonia Berria ere Frantzia baita. Subiranotasun eskubidea eurek duten artean, konpetentzia pixka bat emango dizute agian, baina ia aginte guztiari eutsiko diote. Begira, urruneko uharteetan ez dute medikurik, eta Kubako medikuak ekartzeko eskaera egin berri dut. Guk baditugu osasun arloko eskumenak hori egiteko, baina migrazioa Frantziaren esku dago; beraz, Parisek erabakitzen du bisa eman ala ez.
Europatik begiratuta, beste puntan zaudete. Baina Pazifikoko herrialdeak abangoardia izan zarete hainbat gaitan: borroka antinuklearrean, eta klima larrialdearen aurka orain. Herri txikien elkartasunean ere bai.
Vanuatu, Tuvalu eta Salomon Uharteak izan ziren gure babesleak NBEko deskolonizazio batzordean; herrialde txikiak, ez-boteretsuak izan dira babestu gaituztenak. Walter Lini Vanuatuko buruzagi independentistak aspaldi esan zidan Vanuatu ez dela librea izango Pazifikoko herri guztiak libre izan arte.