Duela 50 urte Andeetako glaziar batean galduta zegoen Carlitos Paez (Montevideo, 1953). Hark eta beste 44 pertsonak hegazkin istripu larria izan zuten 1972ko urriaren 13an, eta 70 egun pasatu zituzten ia 4.000 metrora, erreskatatu zituzten arte. Hildako lagunen gorpuen haragia jan behar izan zuten elikatzeko. Hamasei soilik atera ziren bizirik. Paez gazteena zen. 50 urte geroago, «mendikatea» aipatzen du istripuaz hitz egiteko. Urtean ehundik gora konferentzia ematen ditu talde lanaz, erabakiak hartzeko gaitasunaz eta etsipenarekiko tolerantziaz. Ezbeharraren 50. urteurreneko ekitaldiak hasi aurretik elkarrizketatu du BERRIAk. Ondoren, hildakoak gogoratzeko meza batera joan da, bizirik jarraitzen duten beste lagunekin.
Nola bizi duzu urriaren 13a?
Gogoratzeko egun bat da niretzat. Abenduaren 22a erreskatearen eguna izan zen, baina hau hildakoak eta haien senideak gogoratzeko eguna da. Gaurko egunez hasten da gure istorioa.
Gazteena zinen, 18 urte.
Gazteena, gaizki hazia, nahi nuen guztia nuen eta ez nuen ezertarako balio. Nire aita famatua zen —Carlos Paez Vilaro artista zuen aita—, dena eginda neukan eta hori tokatu zitzaidan. Orain istorio hau kontatzera kondenatuta nago, The Beatles bezala hil artean Yesterday kantatzera. Baina gustu handiz egiten dut.
Zertan aldatu zintuen istripuak?
Gaizki hazia naiz oraindik ere, baina ikasi nuen aurrera ateratzeko baliabideak dauzkadala. Garrantzirik ez duten gauzengatik ez kexatzeko, mendikatearen erreferentzia hartzen dut.
Andeetan istripua izan zuen hegazkineko bidaiariak, aireratu aurretik. Carlitos Paezek utzia
26 liburu, bederatzi dokumental eta lau film egin dira Andeetan bizi izan zenutenarekin. Nola sentitzen zara zu protagonista zaituzten besteen istorioetan?
Nik esaten dut norberak bere mendikatea duela, eta ez dagoela mina neurtzeko gailu bat. Zuk zure mendikatea daukazu, eta nirea bezain garrantzitsua da. Mina ezin da neurtu. Negatiboa den zerbaitetik gauza positiboak ateratzea da garrantzitsuena, eta jabetu behar gara pertsona arruntei gertatu zitzaigun istorio bat dela gurea. National Geographic-ek dio bizirik irauteko inoizko istorio harrigarriena dela, baina protagonistak jende arrunta ginen. Zu izan zintezkeen.
Baina zu atera zinen handik.
Ez da nire meritu bat. Bilaketa lanak bertan behera utzi ondoren, munduan bakarrik geundela jakinik, 70 egunez eboluzionatu eta transformatzeko gaitasuna duen gizakiaren meritua da. Elurrik ez dagoen herrialde bat da Uruguai, eta altuera handiena 500 metrokoa da. Andeetan, berriz, 4.000 metrora geunden, beti elurtuta dagoen inguru batean, baliabiderik gabe. Eta, hala ere, taldean lortu genuen handik ateratzea.
Hegazkina eta istriputik bizirik atera zirenak, mendikateko tontorren artean, elurrez inguratuta. Carlitos Paezek utzia
Nola hasiko zinateke zu orain kontatzen zuen istorioa?
Nik hitz batzuekin definitu beharko banu, jarrera eta apaltasuna izango lirateke. Jainkoak erakutsi zigun oinak lurrean izaten. Handik aterako ginela sinesten hasi ginen bakoitzean, borroka egin behar izan genuen ezezkoari baietz esateko. Gure jarrerak, pasioak eta irmotasunak egin zuten posible gure istorioa. Duela gutxi ikasi dudan Asisko San Frantziskoren esaldi bat oso aproposa da egin genuena azaltzeko: «Hasi egiten beharrezkoa dena, gero egin posible duzuna, eta bukatuko duzu ezinezkoa dena egiten». Hori egin genuen.
Nola gogoratzen duzu hildako lagunen gorpuen haragia jatea proposatu zuten unea?
Oso ondo. Kontrakoa pentsa litekeen arren, niretzat oso naturala izan zen. Hamar egun generamatzan ezer jan gabe, eta bagenekien gu bilatzeari utzi ziotela; bizitzeko eskubidearen alde borrokatu behar izan ginen, etxera itzuli ahal izateko. Zuk ez zenuen gauza bera egingo? Eman ditudan azken 80 konferentzietan beti galdetzen dut gauza bera, eta inork ez dit esan ezetz. Naturala da.
Bilaketa lanen amaiera, talde barruko liskarrak, elur jauzia... zer izan zen zailena?
Niretzat, elur jauzia. Jainkoak bizkarra ematen zigula sentitu nuen, labankada bat ematen zigula bizkarretik. Istripuaren, bilaketa lanen albistearen eta hildako lagunen gorpuekin elikatzeko erabakiaren ondoren, Jainkoak elur jauzi bat bidali zigun eta gutako zortzi hil ziren, horien artean nire bi lagunik onenak. Hegazkinaren barruan hiru egun egon ginen atera ezinik. Berriro hasi behar izan genuen borrokan bizirik aterako ez ginelako ustearen aurka. Errazena hiltzea zen.
70 egunez biziraun zuten elurretan Andeetan 3.570 metrora bizirik atera ziren hamasei lagunek. Carlitos Paezek utzia
Nola gogoratzen dituzu hildako 29 pertsonak?
Dolua pasatu nuen. Batzuetan pentsatzen dut nolakoa izango zen bizitza hura gertatu izan balitz... Nire lagunak izaten jarraituko zuten. Bidaia horrek ilusio handia egiten zigun, eta ilusioa hautsi egin zen. Jarrera, apaltasun eta irmotasun hitzei ilusioa gehitu behar zaie istorio hau definitzeko hitzak bilatzean.
Eta 70 egunen ondoren, erreskatea. Ondo gogoratzen duzu ala emozioak gailentzen dira?
Ez, ez, oso ondo gogoratzen dut. Nire bizitzako unerik zoriontsuenetako bat da. Nire liburuaren azalean (Después del día diez; Hamargarren egunaren ondoren) bi marra agertzen dira gurutzatuta; helikopteroaren hegalak dira. Askatasunaren ikurra da niretzat. Azkenean bizitzak irabazi zuen, eta bizitza horrek ekarritako beste bizitzak: oraintxe esan dit semeak zortzigarren biloba izango dudala. Bizitzari egiten zaion omenaldi izugarri bat da mendikateko gure istorioa.
Erreskatea. Carlitos Paezek utzia
Nola nahiko zenuke belaunaldi horiek hura gogoratzea?
Hasteko, antropofagiaren gainetik. Baina, begira, nire epitafioa aukeratu ahalko banu, nahi nuke jartzea hemendik pertsona on bat pasatu zela, besterik ez. Ahal nuena egin nuen, neuzkan baliabideekin eta zirenik ere ez nekien beste batzuekin; horiek mendikatean aurkitu nituen.
Itzuli al zara istripuaren tokira?
Bai, hiru aldiz egon naiz, eta berriro joatea nahi dute, baina leku turistikoa bihurtu da: milaka pertsona joaten dira bi eguneko zaldi gaineko bidaia batean. Eta nagiz nago, ez dut beharrik. Joan ez den bilobarengatik eta jaiotzear denarengatik soilik joango nintzateke, besteek ezagutzen dute eta. Uste dut ondo dagoela nondik datozen jakitea.
Bizirik atera zinetenen arteko harremana nolakoa da?
Zuk zure eskolako lagunekin daukazunaren parekoa: batzuen laguna zara, beste batzuen ez horren laguna...
Motibatzeko hitzaldiak ematen dituzu. Zergatik?
Ni ez naiz motibatzailea. Nik ez dut esango «zuk ahal duzu». Istorioak agintzen du hemen. Ni istorio kontatzaile bat naiz, pertsona arrunt batzuei bizitzea tokatu zitzaigun istorio baten kontatzaile. Uste dut egokia dela beste batzuei horren berri ematea. Une oro daude mendikateak gainditzeko. Orain, Ukrainan, Errusian...
Zer esango zenieke aurrean mendikate bat dutenei?
Esteban Bullrich alboko esklerosi amiotrofikoa duen senatariak dio: «Gaur da bizitza, eta bihar, itxaropena». Hori da guk egin genuena, eta hori soilik esan dezaket; ez zait gustatzen aholkuak ematea. Baina gaur borroka eginez soilik lortu dezakegu bihar gauza asko izatea.
Carlitos Paez. Andeetako hegazkin istriputik bizirik ateratakoa
«Bizitzari egiten zaion omenaldi izugarri bat da gure istorioa»
«Ezertarako balio ez» zuen gazte bat izateari utzi, eta Andeetan 70 egunez ia 4.000 metrora egon ostean bizia salbatu zuen Carlitos Paezek duela 50 urte. Antropofagia alde batera utzita, «gauza positiboak» ateratzeko eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu