Siriako gatazka

Bizitza heriotzaren erdian

Aski ezagun diren arren, ospitaleko medikuek euren izenaren berri ez emateko eskatzen dute. Alepoko matxinoen guneko laguntza zentrorik garrantzitsuenean, baliabideak eskasak dira.

Mediku batzuk gizon bat artatzen, Alepoko matxinoen eremuko ospitale nagusian. SERGI CABEZA.
Alepo
2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Omar txikia lurrikara baten modukoa da, eta Raxad, haren arreba, lotsati samarra. Batek jolastu, eta korrika eta oihu egiten du, eta bestea, berriz, erratza pasatzen hasten da, edo amaren magalean babesa hartzen du. Ume txikiak dira, beren adinekoek berez egiten dutena egiten, baina inguru oso ezberdinean. Etxe inprobisatua arrotzez betetzen denean, umeak goiko solairuan egoten dira, baina Raxad batzuetan eskaileretan behera joaten da negarrez. Gerran dagoen hiri bateko ospitalean bizi dira, egunero jendea hiltzen den leku batean. Txikiak argi izpi bat dira mundu ilunean.

Edozein eguneko gaueko bederatziak inguru dira, eta Osman doktoreak, umeen aitak, kalean anda batean etzanda orduak daramatzan gizon bat atarira sartzea erabaki du. «Eskale bat da, eta behar duena zerbitzu sozialak dira, ez ospitale bat», dio erdi txantxetan, erdi benetan, sueroa sartzeko zain bat zulatzen dion bitartean. «Denbora darama jan eta edan gabe; ezin dut gehiago egin», dio Osmanek, ohiko keinua eginez. Nekatua edo etsitua dirudi. Belarrian ebaki bat duen umea da ospitalean geratzen den bestea. Zorua odolez garbi dago jada, eta ez dago arrastorik erakusten duenik duela ordu batzuk tragediaren munduko hiriburua izan dela. Beste egun bat.

Puntako orduetan, atari txikia odol putzu bat izaten da. Lehentasuna da nola hala jendea onik ateratzea. Pertsona bat hanka bat zintzilik iristen denean, lotu egiten zaio, benda jarri eta beste ospitale batera eramaten dute, hirian bertan edo beste leku batera, ebakuntza egin diezaioten. Inor hiltzen denean, berehala ondoko lokalean uzten dute, gorputegi inprobisatuan, beste gaixo batek har dezan haren lekua. Ez dago negar egiteko astirik, ezta andarik ere denontzat.

Doktorea

Osmanekin solasean aritzea zaila da. Une lasaienetan ere beti du zerbait egiteko. Larrialdietarako mediku bakarra da. «Bart bi aldiz esnatu ninduten. Egun batzuetan lortzen dut hiru edo lau ordu jarraian lo egitea», dio, ironiko, ume bat artatu aurretik. Amorratuta dator, uste baitu garuneko odoljarioa duela, eta unibertsitateko ospitalera bidali behar dela. Arazoa da ospitalea beste aldean dagoela, Al-Assaden tropak kontrolatutako gunean, eta bidea oso arriskutsua da. «Hiru pertsona bidali ditugu gauez, baina tiro egin diete, eta itzuli egin behar izan dute. Hemen ez gaude gerrarako prestatuta», dio, hutsera begira dagoela.

Osman Alepoko kardiologia zentro bateko medikua zen, borrokak hastearekin bat itxi zuten arte. Gero, umeen zentro batera joan zen, baina orain dagoen ospitalera bisitan iritsi eta gaixoak lurrean artatzen zituztela ikusi zuenean geratzea erabaki zuen. «Emazteak pentsatu zuen elkarrekin bizi garela eta elkarrekin hilko garela, filmetan bezala», esan du, bere familia zentroan bizi dela argudiatzeko. Era berean, uste du «umeak txikiegiak» direla inguruan gertatzen denaz konturatzeko.

Ospitalean dauzkaten baldintzekin lan egiteko, eginkizun horren gaineko uste osoa izan behar da. Osmanek badu, pentsatzen duelako «iraultza zintzoa» dela. Alepon heriotzarekin harreman handiena duten pertsonetako bat bada ere, ez dio uko egiten egoerari: «Asko galdu dugu; asko sakrifikatzen ari gara, baina ez dugu onartzen diktadorea», dio, ahots itzaliz baina seguru. Uste osoa izan behar du bizitzak salbatzeko energia osoa jarri ahal izateko, askotan arrakastarik gabe. Uste du, gainera, bizitza bat galtzen duen aldiro bere errua dela.

Beste guztiak

Osman doktoreaz gainera, hogei bat pertsonak osatzen dute ospitaleko lantaldea. Mediku gutxi, beheko solairuan, larrialdi gelaren eta atariaren artean. Sotoan erradiografiak egiten dira, eta lehen eta bigarren solairuan bizitzeko baliatzen dituzte. Gainerako lekuak ezin dira erabili aurreko eta izkinako eraikinak bonbardatu zituztenetik.

Lantaldekoa da Hassan, gazte erizaina, eta lanpetuta ez dagoenean errezora deitzen du harrera gelako mikrofonotik. Hamid ere edozertarako dago; erosketak egiten ez dituenean, odoleztatua dagoen lurra garbitzen du, une larrienen ostean. Hamidek 15 urte dauzka, eta ez du bere senideekin joan nahi Siriako armadak kontrolatzen duen guneko etxera bizitzera.

Zacaria ere han dago. Biktimak zenbatzen ditu, eta haien izenak idazten. Hildakoek agiririk ez daramatenean eta ez direnean senitartekoekin etorri, argazki bat ateratzen die eta artxibatu egiten du, egunen batean inor galdetzera etorriz gero non dauden lurperatuta esan ahal izateko. Ahmed, beti adi, militarrez jantzita dago, duela gutxi kendu bazioten ere kalaxnikova. Segurtasunerako dago, eta furgoneta txiki bat gidatzen du, hileta autoa, hildako anonimoak kanposantura eramateko eta hobi komunetan lurperatzeko. Frontetik urrun dauden iraultzaileak dira. Dena den, hiruk bakarrik lan egiten zuten zentroan Alepoko batailaren aurretik. Orain, minak batzen duen familia bat da, zeina egunero borrokatzen den bizitzak heriotzari gerra irabazteko.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.