Iñaki Etxaniz (Nupes) eta Annaig Le Meur (Rennaissance) diputatuek Frantziako Asanblea Nazionalera ekarri legea moldaturik jalgi da Senatutik bart, nahiz eta Airbnb-ren gisako bizitegi turistikoen gaineko zerga handitzeko neurri nagusia onartu duten. Alabaina, bizitegi turistiko horien gaineko zerga kenketa %71koa eta %50ekoa da gaur egun. Legeak %30era jaistea eskatzen du. Azkenean, senatari eskuindarrek ere onartu dute neurria, baina ez sailkatuak diren bizitegientzat.
Joan den urtarrilaren 29an onartu zuten Frantziako diputatuek Etxaniz-Le Meur legea. Neurri nagusia zen Airbnb-ren gisako etxebizitza turistikoen gaineko zerga kenketa murriztea. Gaur egun, bertan lan egiten duen bati urte osoan bizitegi bat alokatzen dion jabe batek zerga gehiago pagatu behar ditu, turismorako alokatzen duen jabe batek baino. Airbnb-ren bidez alokatzen duen jabeak, Ipar Euskal Herriko tentsio peko eremuetan, %71ko zerga kenketa badu gaur egun egiten dituen etekinetan, eta %50ekoa maila goragoan sailkatua den bizitegia baldin bada. Legeak kenketa horiek %30era jaistera behartzea dakar. Errepublikanoak nagusi diren Senatuak onartu du beraz jaistea, alta, Asanblea Nazionaleko alderdi bereko diputatuek kontra bozkatu zutelarik urtarrilean, eskuin muturreko diputatuekin batean, «jabe txikien defentsa» argudiatuta.
Senatariek, bart, neurri bakoitza bozkatu zuten. Onartu dute %30erako jaistea, baina soilik Airbnb-ren gisako bizitegientzat. Ez, haatik, sailkatuak diren maila batekoentzat. Horietan, %50ean egotea bozkatu dute gehiengoko eskuineko senatariek. Gehiago dena, hein hori aplikatzeko etekin zama urteko 77.700 euroan finkatu dute, jakinez turistei alokatzen dieten jabeen batez besteko etekinak 4.500 eurokoak direla; batzuek salatu dute neurri horrek aurrerantzean ere mesede egingo diela bizitegi askoren jabe diren jaberik handienei. Ezkerreko senatariek ez dute horren alde egin.
Beste neurri bat aldatu dute senatariek. Etxaniz-Le Meur legeak proposatzen du auzapezei ahalmena ematea bizitegi nagusi bat turistei alokatzeko baimena urtean 90 egunera mugatzeko. Gaur egun, 120 egunekoa da muga. Diputatuek onartu zutena ez dute onartu eskuineko senatariek; alokatze turistikoen plataformek eskatzen zutenari segituz, muga 120 egunean utzi dute.
Orain, lege testua Frantziako Asanblea Nazionalera itzultzekoa da, alde bat bozkatua izateko.