Jeep militar bati harriak jaurtitzea: horixe da Israelgo kartzeletan preso dauden adingabe palestinar askoren delitua. Ekintza horren ordainetan hilabeteak edo urteak eman ditzakete espetxean; gaur egun, 14 eta 17 urte arteko 350 haur eta nerabe daude egoera horretan, Palestinako Addameer presoen eskubideen aldeko elkarteak jasotako datuen arabera. «Azken finean, [Israelgo] okupazioak palestinarren aurka egiteko modu asko ditu», nabarmendu du bideo dei bidez elkarte horretako nazioarterako ordezkari Jenna Abu Hasnak.
Modu horietako bat da 18 urtetik beherako palestinarrak atxiloaldi administratiboan edukitzea, atxiloketa mota horrek bide ematen baitu epaiketarik egin gabe eta frogarik aurkeztu gabe 14 urtetik gorako edozein pertsona gehienez ere sei hilabete preso izateko; halere, ohikoa izaten da atxiloaldia luzatzea. Adingabeak ez ezik, 3.405 palestinar daude atxilo mekanismo hori baliatuta, Addameer elkartearen arabera. «Edozergatik eraman zaitzakete espetxera: ibilgailu militar bati harriak jaurtitzeagatik, sare sozialetan palestinar erresistentziari buruzko argitalpen bat partekatzeagatik edo horri ‘atsegin dut’ emateagatik… Horrelakoetan, okupazioak argudiatzen du atxilo hartutako pertsona mehatxua dela beren herrialdearen segurtasunarentzat, eta indarkeria sustatzea egozten diote», salatu du Abu Hasnak.
Zisjordanian kartzela bakarra dago, baina, horrez gain, bi auzitegi militar, bi atxiloketa zentro eta galdeketa zentro bat; Israelen menpeko lurraldeetan, berriz, hemeretzi espetxe daude, hiru galdeketa zentro eta atxiloketa zentro bat. Zisjordaniako espetxera eraman ordez, preso palestinarrak handik kanpoko kartzeletara eramaten dituztela azaldu du Addameer elkarteko kideak; are, kontatu du palestinarrak direla Israelgo espetxeetan dauden ia preso guztiak. «Palestinarrak Zisjordaniatik kanpo espetxeratzeak nazioarteko legea urratzen du, ez baitaukagu israeldar herritartasuna. Presoen senideek ere ez dute israeldar herritartasuna; hortaz, baimen bereziak eskatu behar dituzte bisitan joateko; eta Israelgo Gobernuak ez du ia inoiz halako baimenik ematen», azaldu du.
Preso hartuak izan ondoren epaiketa bat izateko aukera dutenek ere ezer gutxi daukate irabazteko; palestinarren aurkako epaiketak ez baitituzte ohiko auzitegietan egiten, Israelen menpeko auzitegi militarretan baizik. Organo horiek Israelgo armadak zehaztutako arauen eta neurrien arabera jarduten dute, eta zerbitzu militarra egiten ari diren edo erreserban dauden soldaduek egiten dituzte epaile lanak. Halako auzitegietan egiten dituzte Zisjordaniako herritarren aurkako epaiketa guztiak; kolono israeldarren aurkakoak izan ezik. Horiek Israelgo Gobernuaren menpeko auzitegietan egiten dituzte.
Azalpen horiek eman ondoren, sistema «legez kanpokoa» dela kritikatu du Addameer elkarteko langileak: «Okupazioak nazioarteko legeari izkin egiteko baliatzen duen beste trikimailu bat da auzitegi militarrak erabiltzea; horrela, palestinarren eskubideak urratzen eta deuseztatzen ditu behin eta berriz». Izkin egiten badio ere, nazioartea jakitun dago Israelen jokabideaz; Abu Hasnak horren erakusletzat jo du Tel Avivek hamarkadak daramatzala mekanismo horiek erabiltzen, eta oraingoz nazioarteak ez duela haren aurkako taxuzko neurririk hartu. «Okupazioa bera nazioartearen baimenarekin sortu zen. Ordutik, okupazioak etengabe egin ditu palestinarren aurkako krimenak, eta etengabe urratu du nazioarteko legea; inpunitate osoz eta inolako zigorrik jaso gabe».
«Okupazioak nazioarteko legeari izkin egiteko baliatzen duen beste trikimailu bat da auzitegi militarrak erabiltzea»
ABU HASNAAddameer elkarteko nazioarteko ordezkaria
Palestinarren atxiloketak ez dira oraingo kontua, baina nabarmen egin dute gora 2023ko urriaren 7az geroztik; hau da, milizia palestinarrek Israeli ezustean eraso egin eta Tel Avivek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik. Areagotze horren erakusgarri dira Addameer elkarteak bere webgunean ikusgai dituen datuok: Israelgo soldaduek 14.500 palestinar atxilotu dituzte egun hartatik, eta, gaur egun, 9.500 palestinar daude preso Israelgo espetxeetan; 2023ko irailean, berriz, 5.200 zeuden preso.
«Israelgo kolonoen eta soldaduen indarkeriak nabarmen egin du gora», esan du Abu Hasnak; eta, horrez gain, Israelgo Gobernuak indarrean jarritako neurriek are gehiago zaildu dute preso palestinarrekin lan egiten duten elkarteen jarduna. Zailtasun horietako batzuen berri eman du Addameerko langileak: «Presoen senideek erabat debekatua dute bisitan joatea, eta abokatuek ere muga ugari dituzte. Askotan gertatzen da abokatu batek hitzordua hartzea eta presondegira iristean Israelgo soldaduek eta zaindariek esatea ezetz, egun horretan presoak ez duela bisitarik izango, ezta bere abokatuarena ere. Zergatik galdetuta, argudiatzen dute larrialdiren bat gertatu dela».
Tortura fisikoak eta psikologikoak
Bertan behera utzitako bisiten helburua preso palestinarren aurkako torturak ezkutatzea dela uste du Abu Hasnak; tortura fisikoak eta psikologikoak. «Urteak daramatzagu presoen aurkako torturak ikertzen, eta okupazioak mekanismo eta metodo ugari sortu ditu horretarako». Horien artean aipatu ditu, adibidez, palestinarrak «gosez akabatzea», oinarrizko higiene baldintzak ez bermatzea, osasun azterketarik ez egitea, eta egun bakarrean behin baino gehiagotan jipoitzea.
Urtarrilaren 19an Israelek eta Hamasek Gazarako adostutako meniak gatibuen eta preso palestinarren trukea ahalbidetu du; horren bidez, Israelek aske utzi ditu 1.500 preso palestinar baino gehiago. Truke horien ondoren, ordea, bai Hamasek, bai beste erakunde palestinar batzuek salatu dute presoak «oso ahul» iritsi zirela etxera, eta askok torturen zantzuak zituztela. Abu Hasnak susmo eta akusazio horiek berretsi ditu: nabarmendu du preso palestinarren aurkako torturak eta abusuak «aspaldikoak» direla, baina 2023ko urriaren 7az geroztik presoek geroz eta «indarkeria handiagoa» jasaten dutela. «Urteak daramatzat borrokan, baina ez dago atzera-bueltarik. Gatazka amaitzeko modu bakarra da preso palestinar guztiak askatzea eta auzitegi militar guztiak ixtea; hori Israelgo okupazioa behin betiko deuseztatu ondoren izango da posible, eta nazioarteko komunitateak du horretarako giltza».