Bizi guztiko zigorra Sankararen hilketaren akusatu nagusiei

1987an lider panafrikanista hiltzea egotzita, Burkina Fasoko auzitegi militar batek Blaise Compaore herrialdeko presidentea izandakoa (1987-2014) zigortu du. Erbestean dago

Thomas Sankarak iraultza sozialista bat egin nahi izan zuen Burkina Fason. BERRIA.
Igor Susaeta.
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Burkina Fasoko presidente (1984-1987) eta panafrikanismoaren liderretako bat izandako Thomas Sankararen hilketaren akusatu nagusiei bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zien atzo Uagaduguko (Burkina Faso) auzitegi militar batek. Zigortuetako bi dira Blaise Compaore 1987tik eta 2014ra herrialdeko presidentea izandakoa, eta haren segurtasun dispositiboko burua zena, Hyacinthe Kafando. Biak ala biak in absentia epaitu dituzte, 2014tik Boli Kostan erbesteratuta daudelako. Gilbert Diendere jeneralari ere zigor bera ezarri diote. Hogei urteko espetxe zigorra betetzen ari da hura, 2015ean herrialdean gertatutako estatu-kolpe saiakeraren buruetako bat izatea egotzita. Beste bederatzi akusaturi hiru eta hogei urte arteko zigorrak ezarri dizkiete.

Hilketaren ikerketa blokeatuta egon zen Compaorek agintean egindako ia 30 urteetan. Azkenean, iazko urrian hasi zen epaiketa. Sei hilabeteotan ehun bat lekukok deklaratu dute. Fiskaltzak 30 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Compaore eta Kafandorentzat, joan den otsailean. Presidente ohiaren defentsaren iritziz, «salbuespenezko jurisdikzio bat» duen epaiketa politiko bat izan da, epaimahaia militarrek osatzen dutelako. Argudiatu dute, gainera, immunitatea duela, estatuburua izan zelako. 2015etik, hura atxilotzeko nazioarteko agindu bat emanda dago.

Compaore bezala, Sankara (1949-1987) ere militarra zen, eta estatu kolpe baten bidez heldu zen agintera. Hilketarik ez zen izan, ordea, matxinada hartan.Carlo Bataren El África de Thomas Sankara (Thomas Sankararen Afrika) liburuaren hitzaurrean Giovanni Giacopuzzik aipatzen duenez, «gerra gorrotatzen zuen militar bat» zen Sankara.

Iraultza sozialista bat zuen asmo, eta, horretarako, erreforma plan handi bat jarri zuen martxan. Besteak beste, helburu hauek zituen: lurrak eta baliabide naturalak nazionalizatzea, lehen mailako beharretan oinarrituriko garapen autonomoari bide ematea, herritarren ongizatea bermatzea, demokrazia zuzena erdiestea, emakumearen rola sustatzea, kontsumo beharrak asetzeko adina ekoiztea eta eliteen pribilegioen aurka borrokatzea. Kubako iraultzaren jarraitzailea zen, eta Afrikako Che Guevara deitu izan diote. Herritarren eskutik egin nahi zuen iraultza. Esaten zuen hobe zela herriarekin urrats bat egitea, herririk gabe hamar egitea baino.

Pauso horiek emateko ezinbestekoa izan zen Compaoreren laguntza. Biak lagun minak ziren orduan, eta orain bizi guztiko kartzelara zigortu dutena Justizia ministro izan zen 1984tik 1987ra. Urte haiei buruz hitz egin izan duen aldi bakanetan adierazi izan du Sankara agintetik kendu nahi zuela, baina ez zuela hil nahi, eta hilketa gertatu zela estatu kolpe bat emanez hura atxilo hartzera joan zirenean liskarraldi bat izan zelako.

Bere aholkulariekin bilera bat egiten ari zen Sankara 1987ko urriaren 15ean, eta erasoan hamabi kolaboratzaile ere hil zituzten. Erasotik bizirik atera zen bakarra Alouna Traore izan zen. Epaiketan lekuko gisa deklaratu du, eta Compaoreren bertsioa gezurtatu. Traoreren arabera, soldaduak bilera gelan sartu ondoren, Sankarak eskuak altxatu zituen, eta besteei adierazi zien bere bila joanak zirela militarrak. Jarraian hil zutela adierazi du Traorek.

Buruzagi deserosoa

Sankarak uko egin zion Burkina Fasok zuen kanpo zorra ordaintzeari, eta Afrikako gainontzeko herrialdeek ere gauza bera egitea nahi zuen. Gainera, harreman bikainak zituen Sobietar Batasunarekin eta Kubarekin. Horrenbestez, lider deserosoa zen Mendebaldearentzat.

Herrialdea Frantziaren kolonia izan zen 1919tik 1958ra. Orduan Volta Garaia izena zuen, eta agintera heldu eta berehala Burkina Faso (gizon duinen herria) izena jarri zion. Frantziako orduko agintariek ere ez zuten Sankara gogoko, Parisek kontinentean egiten zituen esku hartzeak auzitan jartzen zituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.