George Weah

Birritan errege

Futbolaren nazioarteko izar nagusietako bat izan zen Weah 1990eko hamarkadan. Pobrezian hazi, futbolarekin ospea lortu, eta, orain, Liberiako presidente izanen da.

AHMED JALLANZO / EFE.
mikel rodriguez
2017ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Etxean, George Erregea erraten diote, eta hainbertze miresten dute, non nahiko lukete noizbait presidente izatea. Hala ere, hark zuhurtziaz hartzen du haren nazioaren egoera politiko hauskorra, nahiz eta alde guztiak etengabe saiatzen diren hura limurtzen. Haren herrialdea futbolaren bidez ezagutaraztearekin beteta dauka bizitzako eginkizun nagusia». Erresuma Batuko The Guardian egunkariak idatzi zuen hori George Weahi buruz 2000. urtean. Hilabete batzuk zeramatzan Londresko Chelsea taldean. Gain behera hasia zen haren kirol ibilbidea, baina zaleentzat George Erregea zen oraindik. Bertze hiru urtez eutsi zion futboleko erregetzari, eta presidentetzan ikusi nahi zutenek hamazazpi urte itxaron behar izan dute.

Hollywoodeko kirol filmen gidoi baten antzeko ibilbidea izan du Weahen bizitzak. George Ousmanu Oppong Weah Liberiako Monrovia hiriburuko auzune txiro batean jaio zen, 1966an. Umea zela, gurasoak banandu zitzaizkion, eta amatxik hezi zuen hamabi anai-arrebarekin batera. Telefono teknikari lanak eta futbola uztartzen ari zela, Frantziako ligako Monako futbol taldeko begiraleek amua bota zioten, eta 1988an Europara joan zen.

«Liberian hilko naiz»

Paris Saint Germainen eta, gehienbat, Milanen bihurtu zen Weah futbolaren izar historiko. 1995ean FIFAk urteko munduko jokalari onena izendatu zuen, eta Urrezko Baloia ere irabazi zuen. Nazioarteko fama hark idolo nagusi bihurtu zuen Liberian, eta herrialdean bertan ospe hori errotzen saiatu zen, futbol federazioa finantzatuz eta gobernuz kanpoko erakundeekin lankidetzan. «Liberiara joaten jarraituko dut. Han jaio nintzen, eta han hilko naiz», adierazi zion The Irish Times-i 1999an.

Hitza bete zuen, eta, futbolean erretiroa hartuta, 2004an itzuli zen, presidentetzarako hautagai izateko. Lehia hura galdu egin zuen, ordea. Futbolaren ospea bai, baina kanpainan Ellen Johnson Sirleaf arerioaren aldekoek Weahi eraso zioten goi mailako ikasketarik ez zuela nabarmenduta. Porrotaren ondoren, futboleko izar ohiak estrategiaz aldatu zuen: AEBetan enpresa zuzendaritza ikasketak egin zituen, eta 2009an itzuli zen Liberiara, senatari gisa aurkeztu eta karrera politiko bat hasteko. Astearteko hauteskundeetan jaso zituen fruituak. George Erregeak zain du orain errepublikako tronua. Iraganeko gerren lorratza bizirik duen eta pobreziak itota dagoen herrialde bat du gobernatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.