Bipartidismotik eskuineko koalizioen arora

Inkestek aurreikusten dutenaren arabera, Fianna Failek lortuko ditu boto gehien: %21. Gaur egun legez, oso posible da datozen lau urteetan ere Fianna Fail eta Fine Gael koalizioan aritzea.

Irlandako Errepublikako Gobernua osatzen duten hiru alderdien buruzagiak, prentsaurreko batean, maiatzean. TOLGA AKMEN / EFE
Irlandako Errepublikako Gobernua osatzen duten hiru alderdien buruzagiak, prentsaurreko batean, maiatzean. TOLGA AKMEN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko azaroaren 29a
05:05
Entzun

Irlandako Errepublika 1937an Erresuma Batutik guztiz at geratu zenetik, bi alderdik gobernatu dute soilik: Fine Gaelek eta Fianna Failek. Batzuetan beren kasa, eta beste batzuetan alderdi txikiagoekin batera koalizioak eratzen. Duela lau urte, baina, bipartidismo horri etena jarri eta koalizioa osatu zuten eskuineko bi alderdiek, Sinn Fein ezkerreko alderdiak lortu baitzituen boto gehien. Gaur bozkatuko dute Irlandako Errepublikan Parlamentuaren osaketa, eta, horren ostean, gobernua eratu beharko dute. Ezustekorik izan ezean, beste lau urtez bipartidismoak Fine Gaelen eta Fianna Failen arteko koalizioari egin beharko dio leku.

«Errealitatea onartu dute: egungo testuinguruan koalizioa behar dute gobernuan egoteko», adierazi du Gail McElroy Dublingo Trinity College unibertsitateko politika zientzietako irakasleak. «Zenbaki kontua» da harentzat. Izan ere, Sinn Feinek behera egin eta 2020an lortu zituen botoen %37tik urrun egon arren —Ipsos ikerketa enpresak eta The Irish Times egunkariak aste hasieran argitaratutako azken inkestaren arabera, botoen %20 lortuko ditu ezkerreko alderdiak—, beste bi alderdiak ere ez daude gertu Irlandako Parlamentuan gehiengoa izateko beharrezkoak diren 88 eserleku lortzetik —denera 174 eserleku daude—.

Hedabidearen datuek diotenez, Fianna Fail alderdiak lortuko lituzke boto gehien: %21; hau da, duela lau urte baino puntu bat gutxiago. Simon Harris egungo lehen ministro Fine Gaelek, berriz, %19; ia bi puntu gutxiago 2020ko emaitzekin alderatuz gero. Beraz, gobernuan jarraitu nahi badute, koalizioa osatu beharko dute. McElroyk egintzat ematen du hori: «Ideologikoki oso antzekoak dira, eta argi utzi dute, nahi izanez gero, koalizio egonkor bat osatu ahal dutela». Eskuineko bi alderdi horiez gain, Berdeak alderdia ere gaur egungo gobernuaren parte da. Koalizio hori osatzeko, lau hilabeteko negoziazioak behar izan zituzten.

Inkestek orokorrean aurreikusten dituzten emaitzei erreparatuta, badirudi eskuineko bi alderdiek beste alderdi bat beharko dutela. McElroyren ustez, Laboristek osatuko dute oraingoan hirukotea. Sozialdemokratak dira horiek; baina, Trinity Collegeko irakasleak azaldu duenez, zail dute Sinn Feinekin ezker koalizio bat adostea: «Ezkerra eta zentro-ezkerra hautsita daude hemen, koalizio posibleak oso gutxi dira».

«Alderdi denek eskuinera mugitu dituzte haien diskurtsoak immigrazioarekiko» 

GAIL MCELROYTrinity College unibertsitateko zientzia politikoetako irakaslea

Hauteskundeak baino bi aste lehenago Harrisen alderdia zen aurrena inkestetan —inkestek botoen %24 lortuko zituztela aurreikusten zuten—, harritzekoa ez zen zerbait, politologoaren iritziz: «Karismadun buruzagia da». Alderdi politikoko buruzagi gisa lehiatuko den lehen aldia izango da gaurkoa Harrisentzat. Izan ere, Leo Varadkar izan zen duela lau urte Fine Gaeleko hautagaia, eta hark izan zuen lehen ministroaren kargua 2022tik aurtengo apirilera arte, pauso bat atzera eman eta kargua Harrisen esku utzi zuenean. Eta aurreneko kolpea jaso du. Iragan ostiralean biral egin zen lehen ministroak supermerkatu batean desgaitasunen bat zuen pertsona bati mespretxuz hitz egiten zion bideo bat. Horrek bost puntuko erorikoa eragin dio inkestetan.

Hala ere, bozak bi gai nagusik erabakiko dituztela argitu du McElroyk: immigrazioak eta bizitzaren kostuak. «Europako beste herrialdeetan gertatzen ari den antzeko zerbait gertatzen ari da Irlandan, geroz eta garestiagoa da bizitza», nabarmendu du.

Sinn Feinen erorikoa

Immigrazioaren afera da, McElroyren ustez, Sinn Feniek lau urtean ia hamazazpi puntuko babesa zergatik galdu duen ulertzeko gakoa: «Hautagai independenteek mobilizatu dituzte kasu askotan duela lau urte Sinn Fein bozkatu zuten herritarrak. Immigrazio politiketan Sinn Fein baino eskuinerago dauden politikoak dira horiek». 2022an 68.000 ukrainar heldu ziren Irlandako Errepublikara gerratik ihesi. Horiek, ohiko migrazio mugimenduei gehituta, herritarrengan zein politikoengan nolabaiteko erreakzioa eragin dutela azpimarratu du McElroyk: «Alderdi denek eskuinera mugitu dituzte haien diskurtsoak immigrazioarekiko; Sinn Feinek barne». Iazko azaroan, esaterako, protestak egon ziren Irlandako hainbat hiritan asilo eskatzaileen aurka.

Sinn Feinek, baina, ez ditu adierazpenak bereziki gogortu, eta horrek kalte egiten diela azaldu du Trinity Collegeko irakasleak: «Sinn Fein ezker muturreko alderdi nazionalista bat da, baina haren boto emaileen zati handi bat ez da liberala afera guztiei dagokienez». McElroyk adierazi duenez, alderdiari zaila egiten zaio nolabaiteko balantza bat mantentzea hirietako gazte liberalen eta landa eremuko langile klasearen artean.

Boto emaileen eta alderdiaren diskurtsoaren arteko talka ez da, hala ere, Sinn Feinek indarra galdu izanaren arrazoi bakarra. Azken urtean zenbait kasu egon dira Sinn Feineko politikariei loturik; horietako bik eragin dute harrabots handien: batetik, Irlandako Polizia alderdiko kide bat ikertzen ari da adin txikikoen aurkako sexu delituengatik; bestetik, Niall O'Donnghale senatariak 2023ko abenduan kargua utzi zuen, eta «osasun arazoengatik» egin zuela argudiatu zuen alderdiak, baina azken hilabeteetan jakin denez, nerabe bati mezu «desegokiak» bidaltzeagatik baztertu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.