Loratzen ari dira herri indigenen eta tokiko komunitateen, emakumeen, gazteen… ahotsak. Suntsiketaren aurkako lehen lerroan egin duten barne lana dira sustraiak, eta udaberria da topaketa, arazo berberei aurre egiten dietela eta biodibertsitatea eta klima zaintzeko benetako konponbideak behar dituztela sumatu dute kolektiboki. Hain justu, tokiko komunitateen eskubideak izan dira egunotan aldarri nagusietako bat, Kolonbiako Cali hirian amaitu berri den COP16 biodibertsitatearen nazioarteko goi bileran.
Mariluis Malig Basoen Koalizio Globaleko politika zuzendariak argi du elkarteak zer lehentasun duen. «Oihan galtzea benetan gelditzea». Malig Bolivian bizi da. Han deforestazioak hamar milioi hektarea suntsitu ditu. «Suntsitzen duten baso hektarea bakoitzeko, milaka izaki suntsitzen dira, zuhaitzak, lurra, bioma, hektarea horretako ekosistema guztia, abereak, intsektuak eta gauza horien mende dauden beste izaki bizidunak, oso konplexua baita, eta askok ez dute ihes egitea lortzen».
Deforestazioaren arrazoi nagusiari estraktibismoa deitzen diote, baina meatzaritza bakarrik ez, horren barruan sartzen dituzte baita abeltzaintza industrialerako oihan garbiketak eta latifundio industrialak ere.
Herrien arteko trukea elikatzeko txosten ugari atera dituzte loratutako erakundeek; bada, horietako baten arabera, biodibertsitatearen suntsiketarekin lotuta dauden jarduerek 7.000 milioi dolarren inbertsioak —6.480 milioi euro— jasotzen dituzte urtero. Hori baimentzen duen botere sistema jotzen dute oztopotzat.
«Munduan zehar, Amazonian, Indonesian edo Afrikako baso tropikaletan bizi diren herri indigenen ezagutza tradizionalari kasu egin behar zaio. Arazo berdinak dituzte, arazo horiek guztiek aldi berean toki desberdinetara barreiatuak izan balira bezala. Baina, proposamenak ere badituzte, bizimoduak, ezagutza kultural eta tradizionalak, basoarekin harreman agroekologiko eta iraunkorra mantentzeko gai dira, naturaren zikloak kontuan hartuz eta bereziki, garrantzitsuena, jendearen eskubideak errespetatuz», Maligek esan duenez.
Euren kabuz suteak gelditzeko gai izan dira Amazonian. Ekuadorren, Yasuniko parkean, meatzaritza jarduerak baztertu dituzte erreferendumaren konponbidea bultzatuz eta bozketa irabaziz. Orain lege eta politika arloan esku hartu nahi dute Yasuniko ekosistema osoa loratzeko, baita han bizi diren komunitateak ere. Naturaren eskubideak eta komunitateenak elkarren mendekoak, osagarriak eta bereizezinak dira haientzako.
Lehen lerroan bizi diren komunitateak errespetatzea eta entzutea ez ezik, biodibertsitatearen kontserbazioaren izenean gertatu ahal diren lur harrapaketak ere salatu eta ukatzen dituzte. Kontserbazioaren aldera finantzabide pribatuak gehitzeko aitzakiaz biodibertsitate-offset eta kredituak garatzen jarraitzearen konponbidea faltsua dela esaten dute. Lehenik, erauzketa proiektuek eragindako suntsiketa ontzat jotzen da, garapenerako beharrezkoa dela esanez, eta gero, korporazio kutsatzaileen ordainketen bitartez, goitik beherako gotorleku-kontserbazio jarduerak sustatzen dira, ekosistemaren osotasuna ulertu gabe, maiz komunitateak kanporatuz, elikadura segurtasuna ahulduz eta, azkenean, biodibertsitatea are gehiago kaltetuz.
«'Merkatuak konponduko du', diote, baina horrek ez du sekula funtzionatzen! Merkatuaren helburua irabaziak dira, korporazioak aberatsago bihurtzen ditu bakarrik», dio Maligek. Horren ordez, biodibertsitatearen galeraren azpiko arrazoiei aurre egiteko, ekitatean eta aldaketa eraldatzailean arreta jartzea eskatzen dute. Erantzukizunak galdatuko dituen erregulazio eraginkorra indarrean jartzea ere bai. Bideari eusteko, beharrezkoa da, yasunitarrek egin duten bezala, herri, komunitate, janari-sendagai ekoizle, emakume, gazte eta jendeek finantza fluxu eta inbertsio kaltegarriak geldiaraztea, eta, hortik aurrera, ekosisteman, komunitatean, eskubideetan eta zientzian oinarritutako ikuspegien konbinazioan oinarritzea, luzera begira ekosistemen osotasuna indarberritzeko.