Biodibertsitatea leheneratzeko neurri gutxi hartuta iritsi dira herrialdeak COP16ra

Biodibertsitatearen leheneratzea finantzatzeko funtsak ere adostu baino diru gutxiago jaso du. Norvegiak eta Suediak soilik eman dute adostu zutena.

Protestak Bolivian, sute batzuen aurka. JUAN CARLOS TORREJON / EFE
Protestak Bolivian, sute batzuen aurka. JUAN CARLOS TORREJON / EFE
inaut matauko rada
2024ko urriaren 21a
14:00
Entzun

Gaur hasi da ofizialki Biodibertsitateari Buruzko Nazio Batuen Erakundearen Konferentzia (COP16), Calin (Kolonbia), nahiz eta harrera ofiziala atzo egin zuten. Negoziazioak hasi besterik ez dira egin, baina badirudi atzo bidea hasi zuen goi bilera 2022ko COP15ean hartutako konpromisoen jarraipena egitekoa dela. Izan ere, Kunming-Montreal munduko esparrua onartu zuten urte hartan Montrealen (Kanada), lau helburu handirekin eta beste 23 partzialekin, eta Parisko Akordioekin alderatzen dute askok, biodibertsitatearen galera gelditzeko eta ekosistemak leheneratzeko oinarri sendoa delakoan. Hala definitzen du Greenpeacek adostasun hori: «Akordio historiko bat da, benetako indarra duena biodibertsitatearen eta espezieen galera masiboa gelditu eta hari buelta emateko».

2022ko akordio horretako helburu nagusietakoak bigarrena eta hirugarrena dira, eta herrialdeek horiek betetzeko hartutako neurriak baloratzeko aprobetxatuko dute azaroaren lehenera arte iraungo duen goi bilera. Bigarren helburuaren arabera, jada degradatutako ekosistemen %30 leheneratzeko neurriak hartu beharko dituzte estatu sinatzaileek, eta, hirugarren helburuaren arabera, lurrazalaren %30 eta itsasoen %30 babesteko neurriak ere hartu beharko dituzte.

Zaila da neurtzea estatuek zenbaterainoko anbizioa erakutsi duten onartutako —edo onartu gabeko— neurrietan. WWF World Wildlife Fund erakundeak tresna bat sortu du baloratzeko nolako politikak onartzen dituzten estatuek biodibertsitateari dagokionez. Bi erakundeek egindako ikerketaren arabera, Kunming-Montreal akordioa adostu zuten 196 herrialdeen %10k soilik aurkeztu dituzte nazioarteko akordio horren araberako plan berrituak, eta %33k berritu dituzte aurretik onartuak zituzten planak. Greenpeacek adierazi du «kezkagarria» dela aurkeztu diren planen «kantitatea eta kalitatea», baina onartu du, era berean, herrialde askok baliabide arazoak dituztela planak onartzeko.

«Atmosferara karbono dioxido gehien isurtzen dutenak dira ekonomia fosilak, petrolioa eta ikatza baliatzen duten herrialdeak; besteak beste, AEBetako, Txinako eta Europako ekonomia indartsuak»

GUSTAVO PETROKolonbiako presidentea

The Guardian egunkariak eta Carbon Brief klima aldaketan zentratutako hedabideak batera egindako ikerketa baten arabera, herrialdeen %85ek baino gehiagok ez dituzte adostutako epeak bete biodibertsitatea babesteko neurriei dagokienez. Hamazazpi herrialdek herrialde megadibertsoen kategoria dute, munduko biodibertsitatearen %70 baitute, eta hamazazpi horietatik soilik bostek hartu dituzte konpromiso berriak naturaren galera oztopatzeko.

Kunming-Montreal akordioan, jaso zuten helburu hori betetzeko politikek bat egin behar dutela indigenen komunitateen aitortzarekin eta haien eskubideekin. Horrek garrantzia berezia izango du, kalkulatzen baita komunitate indigenen esku dagoela munduko biodibertsitatearen %80 —munduko gainazalaren %22 kudeatuta—. Hori irudikatzeko, Kolonbiako indigena batzuek eman zioten hasiera COP16 foroari, eta gizakiak naturarekin orekan bizitzeko garrantzia nabarmendu zuten. Kolonbian 1,5 milioi indigena bizi dira, gutxi gorabehera 115 herritan banatuta.

Finantzaketa ere funtsezko

Aurrez aipatutako helburu horiek 2030erako jarrita daude, eta baliabide asko eskatzen dituzte, ekonomikoak batez ere. Izan ere, biodibertsitatearen galera gelditzeko eta jada degradatutako ekosistemak leheneratzeko politikak garestiak dira, eta horretarako funts komun bat sortzea adostu zuten: 2025era bitartean, 20.000 milioi dolar urtero, eta hortik aurrera, 30.000 milioi dolar urtean. Hala ere, akordio hori onartu eta berehala, Greenpeacek ohartarazi zuen kantitate hori ez zela nahikoa, eta beste arazo batzuk ere azaleratu zituen, iritzi baitzion ez zegoela garbi nondik aterako den diru hori.

DATUAK

20.000

 

BIODIBERTSITATEA LEHENERATZEKO FINANTZAKETA, MILIOI DOLARRETAN. Herrialdeek 2022an onartu zuten 2025era bitartean urtero 20.000 milioi dolarreko ekarpen globala egingo zutela helburuak lortzeko, eta 2025etik aurrera, berriz, urtean 30.000 milioi dolarrekoa.

%10

 

2022KO AKORDIOEN ARABERA NEURRIAK HARTU DITUZTEN HERRIALDEAK

. 2022ko akordioak sinatu zituzten 196 herrialdeetatik soilik %10ek onartu dituzte helburu horiek betetzeko politika berriak, eta %33k aurrez zituztenak berritu dituzte, Greenpeaceren eta WWFren arabera.

Bada, funts horri herrialdeek egin dizkioten ekarpenak ere aztertu ditu WWFk, eta azaldu du dirua emateko konpromisoa hartu zuten 28 herrialdeetatik soilik hemezortzik eman dutela dirua, eta hemezortzi horietatik soilik Norvegiak eta Suediak eman dute promestu zuten bezainbeste. Europako Batasuneko herrialdeen aurka egin du Greenpeacek, azalduz funts horri behar adinako ekarpena ez egiteaz gain diru publikoz finantzatzen jarraitzen dutela ingurumena «hondatzen» duten sektoreak.

Atzo egin zen COP16ren aurkezpena, eta, garrantzi handirik gabeko ekitaldiak badirudite ere, negoziazioek zer martxa izango duten iradokitzen dute askotan. Kolonbiak hartu du aurten goi bilera, eta Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak gogor jo zuen herrialderik industrializatuenen aurka: «Atmosferara karbono dioxido gehien isurtzen dutenak dira ekonomia fosilak, petrolioa eta ikatza baliatzen jarraitzen duten herrialdeak; besteak beste, AEBetako, Txinako eta Europako ekonomia indartsuak».

Hori dela eta, herrialderik «dirudunenak» zergapetu behar direla uste du Kolonbiako presidenteak, ekoizpenetik eta kontsumotik «karbonoa kentzeko». Munduko finantzak aldatu behar direla esan zuen, COP16ren «gai nagusia» izango dela aurreratuta. Klima larrialdia bere osoan aztertuta, Petrok uste du «kapitalak eta irabaziek» klimaren oreka hautsi dutela, eta gizarte zibilak «kapitala deskarbonizaziorantz eramateko» duen rola nabarmendu du. Bide hori egiteko, gazteen eta emakumeen garrantzia nabarmendu du.

Petro kritiko bada ere beste herrialdeekin, Kolonbiak oraindik ez du onartu biodibertsitatea babesteko neurri berririk, 2022an adostu moduan. Brasil eta Peruren ostean, Amazoniako oihanaren eremurik handiena duen herrialdea da Kolonbia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.