Saharako Ilargi Gorriko presidentea

Buhubeini Yahia: «Biltegietan urte amaierara arte bakarrik dago janaria»

Betikotu den krisi humanitario kroniko bati larrialdiko laguntzarekin aurre egiten ari direla salatu du Yahiak: «Oinarrizko saskia %30 murriztu da».

Buhubeini Yahia, Saharako Ilargi Erdi Gorriko presidentea, Rabunin, Tindufen. K. B. T.
Buhubeini Yahia, Saharako Ilargi Erdi Gorriko presidentea, Rabunin, Tindufen. K. B. T.
Kristina Berasain Tristan.
Tinduf
2024ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Saharako Ilargi Gorriaren Rabuniko egoitza, Tindufen, koloretako kontainerrez beteta dago. Independentzia, inpartzialtasuna, neutraltasuna, gizatasuna eta antzeko hitzak daude pintatuta horietako batzuetan, baina letra gorriak gero eta ajatuago daude. Metafora bat dirudi. Buhubeini Yahiak (Dakhla, Mendebaldeko Sahara, 1964) gizatasuna hitzari erreparatu dio. «Horretan behintzat sinesten dut. Kontainer hauetan iristen diren elikagaiei esker bizi gara. Honezkero 900 bat egongo dira pilatuta hemen».

Krisi humanitarioaz ohartarazi duzue. Zein da egoera?

Egoera oso larria da. Krisi humanitario kroniko bati larrialdiko laguntzarekin egiten ari gara aurre. Ia mende erdi bat daramagu horrela bizirauten. Egoera hau ez da gosete baten edo hondamendi natural baten ondorio, baizik eta egoera politiko baten ondorio. Errefuxiatuta bizi den herri txiki bat gara, baina gure lurraldea oso handia da, oso aberatsa, eta, interes politikoengatik nazioarteko diru laguntzaren mende bizi gara. Basamortuan dagoen munduko errefuxiatu kanpaleku bakarra da gurea. Espainiako gobernuek utzitako orbain beltz bat da. Hemen bizitzea latza da, baina, hala ere, estatu bat sortu dugu eta erresistentzian jarraitzen dugu.

Biltegiak ia hutsik daude...

Biltegietan urte amaierara arte bakarrik dago janaria. 12.000 tona kabitzen dira, baina, bistan denez, gabezia handia da. Elikagaien Munduko Programak, prezioen igoera dela eta, %30 murriztu zuen oinarrizko saskia iazko azaroan. Stocka amaitu egin da. Pasta aspaldi amaitu zen. Babarrunik ez dago. Garbantzu gutxi. Produktu freskoak ere ez daude. Urritik apenas daukagun arrozik. Dilistarik ere ez dago, gofioa ere ez, eta garagarra oso gutxi. Haragirik eta arrainik, berriz, ez dugu jasotzen aspalditik.

«Nazioartea ahaztu egiten da krisi humanitario zaharrekin, gerra berriak pizten direnean»

BUHUBEINI YAHIASaharako Ilargi Erdi Gorriko presidentea
Nola dago osatuta saskia?

Elikagaien Munduko Programaren estandarren arabera, pertsonako eta hileko hamasei kilo banatu behar dira; hamabi kilo zereal, bi kilo lekale, litro bat olio, 750 gramo azukre, eta patatak, tipulak, azenarioak... baina ez gara oinarrizko saski hori betetzera iristen. Defizita handia da. Hamaika kilo inguru banatzen ari gara. Nazioarteko merkatuen prezioen igoerak inflazioa igoarazi du, eta emaileek ez dituzte laguntzak maila berean igo. Datu ofizialen arabera, kanpalekuetan 173.672 errefuxiatu daude, eta, zenbakia zaharkituta badago ere, herritarren %77ra baino ez da iristen saskia; 133.672 lagun, 28.092 familia. 

Haurrei galletak banatzen zaizkie.

High energy biscuits. Proteinak, bitaminak eta mineralak dituzte. Berez, larrialdiko egoeretan banatzeko galletak dira, baina hori da kanpalekuetako haurren gosari bakarra. Hilaren lehen egunean banatzen ditugu 72 haurtzaindegi eta eskoletan; 40.800 haurren gosaria da. Bi haurrentzat ehun gramoko paketea. Esne hautsarekin eta gofioarekin nahastuta hartzen dute. Premiazko egoeretan banatu beharko lirateke, baina ez dago beste ezer. Berriro diot: larrialdiko laguntza erabiltzen ari gara ia mende erdi irauten duen egoerari erantzuteko.

«Ez dago irtenbide humanitariorik arazo politiko batentzako. Ezin da parazetamol bat eman»

BUHUBEINI YAHIASaharako Ilargi Erdi Gorriko presidentea
Hortaz, osasun arazoak areagotzen ari dira, ezta?

Errefuxiatuen %91k ez dute elikagaien segurtasunik. Martxoan jada ohartarazi genuen egoera oso kritikoa eta oso kezkagarria zela. Okerretik okerrera goaz. Nazioartea ahaztu egiten da krisi humanitario zaharrekin, gerra berriak pizten direnean. Ikerketa bat egin dugu, eta 5 urtetik beherako bi haurretatik batek dauka anemia. Malnutrizio kronikoa ere asko ari da ugaritzen. Haurdun dauden emakumeen artean ere lautik hiruk daukate malnutrizioa. Programa berezi bat daukagu beraientzako; hilero hemeretzi euro dituen txartel elektroniko bat ematen diegu produktu freskoak eros ditzaten, baina hori ere ez da aski. Egun, 8.500 emakumek jasotzen dute txartel hori. 

Zenbatekoa da defizita?

Premia handia da. Erantzun plan bat egin dugu, eta, kalkuluen arabera, aurten 110 miloi dolar behar genituen, elikadura, osasuna eta hezkuntza eta beste alorretan, eta 54 milioi baino ez ditugu jaso. Elikadurarako bakarrik 34 miloi dolar behar ditugu. Dena den, ez dago irtenbide humanitariorik arazo politiko batentzako. Ezin da parazetamol bat eman. Irtenbide iraunkor bat behar dugu, eta, horretarako, irtenbide politiko bat behar da. 

Mendebaldeko Saharak munduko arrantza bankurik handienetakoa dauka. Hemen, baina, ez da arrainik jaten.

Ez arrainik, ez haragirik, eta ezta frutarik ere. 2016an utzi zion nazioarteak berdel eta atun latak bidaltzeari. Suediatik iristen ziren. Nire aita arrantzalea zen, ez zen nomada. Dakhlan jaio nintzen. 11 urterekin etorri behar izan nintzen hona, ihesean, amarekin, beste milaka pertsona bezala. Aita atxilotu egin zuten. Um Draigan nengoela, napalm eta fosforo zuriarekin bonbardatu gintuen Marokok. Lurrik gabe ez gara ezer. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.