Bihar sartuko da indarrean Gazako su etena, 07:30ean

Israelek 1.890 preso palestinar askatuko ditu, eta milizia palestinarrek 33 bahitu utziko dituzte aske, Egiptoren arabera. Trumpek Netanyahuri zin egin dio negoziazioek huts egitekotan erasoei berrekin ahalko diela ondoriorik gabe.

Emakume talde bat, menia akordioa lortu dela ospatzen, asteazkenean, Tunisian. MOHAMED MESSARA / EFE
Emakume talde bat, menia akordioa lortu dela ospatzen, asteazkenean, Tunisian. MOHAMED MESSARA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko urtarrilaren 18a
17:00
Entzun

Israelgo Gobernuak bart gauerdian eman zion oniritzia Hamasekin adostutako meniari, eta, hortaz, bihar sartuko da indarrean su etena Gazan. Asteazkenean jakinarazi zuten bi aldeek akordio batera heldu zirela, eta hango hartan ez zegoen argi onartuz gero zer ordutan sartuko zen indarrean: AEB Ameriketako Estatu Batuekin eta Egiptorekin batera bitartekari lanetan aritu denak, Qatarrek, esan zuen 12:15ean hasiko zela menia. Bada, Majed al-Ansari herrialde horretako Atzerri ministroak ordua zehaztu du, X sare sozialean gaur argitaratu duen mezu batean: Gazako 08:30ean sartuko da indarrean menia; hau da, Euskal Herrian 07:30 direnean.

Ezustekorik ezean, meniaren lehenengo fasea hasiko da bihar. 42 egun iraungo du aurreneko faseak, eta, hartan, Hamasek eta Palestinako beste zenbait miliziak 2023ko urriaren 7an Israelgo lurretan egindako erasoetan bahitutako 33 gatibu askatuko dituzte. Guztira 94 gatibu daude milizia palestinarren esku, baina horietako 34 hilik daudela zabaldu dute nazioarteko hedabideetan.

Are gehiago, azken egunetan Israelgo armadak erasoak areagotu dituela salatu dute milizia horiek, eta Palestinako Jihad Islamikoak —2023ko urriko erasoetan parte hartu zuen— ohartarazpena egin dio Tel Avivi: menia hasi aurreko azken orduetan erasotzeari utzi ezean bahitu gehiago hilko dituztela. «Israelen bonbardaketaren intentsitateak bi bide zabaltzen ditu: lehena, preso israeldarren familiek beren seme-alabak hilkutxetan jasotzea, eta bigarrena, etxera bizirik iristea. Israelgo armadari bakarrik dagokio aukeratzea», adierazi du miliziaren adar armatuko bozeramaile Abu Hamzak, ohar bidez.

Bahitu horien truke, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuak 1.890 preso palestinar utziko ditu libre, Egiptoren arabera. Israelgo Justizia Ministerioak bart plazaratu zuen aske utziko dituen presoen zerrenda, 735 izenekin. Apurka joango dira Israelgo espetxeetatik ateratzen, eta ministerioak jada ohartarazi du menia indarrean sartu eta ordu batzuetara hasiko direla presoak aske uzten: 16:00etan, hau da, Euskal Herriko 15:00etan.

Meniak, ordea, ez du esan nahi Gazara bakea helduko denik gauetik goizera. Izan ere, Israelgo armadak ez du guztiz utziko zerrenda; «eremu jendetsuetatik» aterako da soilik. Qatarko Atzerri ministroak, esaterako, Gazako herritarrei eskatu die «kontu handiz ibiltzeko eta agintarien jarraibideen zain egoteko». Gauzak horrela, AI Amnesty International GKEak uste du «genozidioa amaitzeko urrats gehiago egin behar» direla. Hala esan die gaur hainbat kazetariri AIko Espainiako zuzendari Esteban Beltranek.

Beltran ez da bakarra menia indarrean sartu arren Gazaren inguruan kezka adierazi duena. EB Europako Batasuneko diplomaziaburu Kaja Kallasek bi aldeei eskatu die menia «guztiz» ezarri ahal izateko «baldintzak beteko direla ziurtatu» dezatela. Kallasek EBko kide guztien izenean eman du prentsaurrekoa, gaur, erakundearen iritzia helarazteko. Pozik agertu da Gazako herritarrek «hain beharrezkoa duten laguntza humanitarioa» zerrendara helduko delako, eta azken urtean EBk eskatu duen konponbidea berretsi du: «Bake justu, global eta iraunkor baten alde egiten dugu; uste dugu horretarako beharrezkoa dela bi estaturen konponbidean oinarritutako sistema bat ezartzea».

Aurreneko fasea onartu izanak ez du esan nahi Israelgo Gobernuak erraztasunak jarriko dituenik aurrerantzean negoziatu beharreko bi faseak onartzeko. Izan ere, Axios AEBetako hedabideak gaur argitaratu duen informazioaren arabera, etzi AEBetako presidente kargua hartuko duenak, Donald Trumpek, zera jakinarazi dio Netanyahuri: bigarren faserako elkarrizketek huts egiten badute Israelgo armadak erasoei berrekin ahalko diela ondoriorik gabe. Eta Netanyahuk, telebista bidez egin berri duen adierazpenean, hori berretsi du: «Israelek bigarren fasean borrokari berriro ekiteko eskubidea babestuko du Trumpek».

PAN Gazan

Gazan laguntza humanitarioa sartzeko eta zerrendako azpiegiturak berreraikitzeko PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin elkarlanean aritzeko prest daudela jakinarazi du Kallasek. PANek, ordea, ez du Gazan agintzen, Zisjordanian baizik. Izan ere, nazioartean Palestinako ordezkari politikotzat PAN hartzen den arren, Gazan Hamasek du agintea 2007tik. EB ez da bakarra zerrendan Mahmud Abbasen alderdiak gobernatzea nahi duena; izan ere, AEBek proposatu dituzten gerraren osteko plan gehienetan PANi eman diote Gazaren administrazioa. Eta Abbas prest agertu da horretarako: bart, Wafa Palestinako berri agentziak argitaratutako ohar batean, adierazi zuen «guztiz prest» dagoela Gazan esku hartzeko. Palestinako beste taldeek, ordea, ez dute onartuko PANen buruzagitza, ezustekorik ezean. Izan ere, borrokan ari dira Zisjordaniako zenbait eremutan; Jeninen, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.