Junquerasek %48,3 boto lortuta, bigarren itzulian erabakiko da nork hartuko duen ERCren buruzagitza

Ezker Nazional Berria hautagaitzarekin lehiatu beharko du Junquerasen Militancia Decidim-ek, abenduaren 14an. Godasen hautagaitzak 2.308 boto eskuratu ditu.

ERCko militante bat botoa ematen, gaur, alderdiaren egoitzan, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE
ERCko militante bat botoa ematen, gaur, alderdiaren egoitzan, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko azaroaren 30a
21:35
Entzun

ERC Esquerra Republicana de Catalunya alderdiko militanteak zuzendaritza aukeratzekoak ziren gaur. Datozen urteetan alderdi subiranista nork gidatuko duen jakiteko, ordea, abenduaren 14ra arte itxaron beharko dute militanteek. Izan ere, gaur zuzendaritzara aurkeztutako ezein hautagaitzak ez ditu lortu botoen %50; hortaz, beste itzuli bat beharko dute. Boto gehien lortu duen hautagaitza Oriol Junquerasen Militancia Decidim izan da, botoa eman duten militanteen %48,3k haren alde egin baitute; hau da, 3.157 militantek.  Eta prentsaurrekoan, Junquerasek nabarmendu du «pozik» dagoela zuzendaritza lehen itzulian eskuratu ez duen arren: «Emaitza apartekoa izan da, eta oso harro gaude hori lortzeagatik».

Militancia Decidim taldetik hamahiru puntura geratu da Ezker Nazional Berria hautagaitza. Xavier Godas Vilassar de Dalteko alkate ohia (2011-2019) buru duen hautagaitzak 2.308 boto eskuratu ditu. Horiek horrela, Godasen eta Junquerasen hautagaitzak aurrez aurre lehiatu beharko dute bi aste barruko bozketan.

Emaitzak jakin ostean egindako prentsaurrekoan, Godasek adierazi du datozen hamabost egunetan «lanean buru-belarri» arituko direla: «Datozen bi asteetan alternatiba positibo eta kohesionatu bat eraikitzen jarraituko dugu aldaketa gauzatzeko». Junquerasek botoen %50 lortu ez izanaren inguruan ere mintzatu da: «Begi bistakoa da [Junquerasek] babesa galdu duela. Hura izango banintz, gertatutakoaz hausnartuko nuke». Azken adierazpen horren inguruan galdetu diote kazetariek Junquerasi, eta erantzun du bere aukerak bildu duela boto gehien, baina «denak entzuteko prest» dagoela. Are gehiago, lehen itzulitik «erdibituriko alderdi bat eraiki ote duten»  galdetuta, azpimarratu du ez dagoela halakorik: «Guk eta alderdiko beste hautagaitzek beti jokatuko dugu borondate onez. Gehiengoak errespetatzeko gaude hemen».

Junqueras ERCko presidente izan da 2011tik aurtengo ekainera arte. Aurtengo Kataluniako hauteskundeetan alderdi subiranistak izandako emaitza txarrak zirela medio —Kataluniako Generalitatea galdu zuen—, eta «militanteei entzuteko», atzerapauso bat ematea erabaki zuen Junquerasek maiatzean, eta ERCk ezohiko Kongresu Nazionalera deitu zuen gaurko. Ordu hartan jada iragarri zuen alderdiko buruzagitza uzteko erabakia behin-behinekoa zela, adierazi baitzuen «lanean jarraitzeko prest» zegoela oinarriek nahi izanez gero.

ERC «eraberritzeko» eta Junquerasen aukerari aurre egiteko xedearekin eratu zuten Ezker Nazional Berria hautagaitza, abuztuan. Kongresuan aurkezteko Junquerasen hautagaitzak baino mila gutxiago lortu bazituen ere —2.500 abal eskuratu zituen Junquerasek—, Ezker Nazional Berriak Pere Aragones Generalitateko presidente ohiaren (2021-2024) eta Marta Rovira alderdiaren idazkari nagusi ohiaren (2011-2024) babesa jaso zuen.

Alderdiko militanteek telematikoki eman dute botoa, eta parte hartzea handia izan da: guztira 8.030 lagun zeuden botoa ematera deituta, eta 6.533k eman dute; hau da, %81,3k. Are gehiago, 13:00etarako erdiek baino gehiagok botoa emana zuten —%52k, hain zuzen—; eta botoa emateko epemuga bete baino bi ordu lehenago, 18:00etan, militanteen %75ek botoa emana zuten jada. Abuztuan, PSC Kataluniako Alderdi Sozialista babestearen inguruko galdeketan, militanteen %77k parte hartu zuten. Egun osoan, botoa ematera deitu dute hautagaiek, boto emaileei babesa eskatzeaz gain. Godasek ERCren egoitza nagusian eman du botoa, eta, bertaratutako kazetariei egindako adierazpenetan, militanteei eskatu die «libre» emateko botoa. «Militantziak gogoa zuen alderdiaren proiektuaren inguruan hitz egiteko», gaineratu du Godasek.

Suterik ez ERCn

Bide beretik jo du zuzendaritzarako aurkeztu den hirugarren hautagaitzako buruak, Helena Solak. Hautagaitza horrek X sare sozialean argitaratu duen bideo batean esan duenez, «egun bereziki garrantzitsua» zen gaurkoa, «orain arteko ildoarekin jarraitu edo aldaketaren alde egin» erabaki behar baitzuten alderdi subiranistako kideek.

Aditu gehienek espero zuten legez, Su Berria hautagaitza hirugarren izan da. 824 boto lortu ditu Sola buru duen hautagaitzak. ERCk azken urteetan egindako politikei dagokienez, Ezker Nazional Berriak baino pauso bat gehiago egitea proposatzen zuen hautagaitza horrek; izan ere, Solaren hautagaitzak kritikatu egin ditu alderdi subiranistak PSC eta PSOE Espainiako Alderdi Sozialistarekin egindako akordioak. Kritika horiek, oraingo honetan babes gutxi jaso duten arren, ageriko egin dituzte behin baino gehiagotan alderdiko militanteek. Abuztuan, esaterako, Salvador Illa (PSC) Generalitateko presidente egiteko aurreakordioaren aurka eman zuten botoa ERCko kideen %44,8k.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.