AEBetako hauteskundeak. Estatu Batuak (eta mundua) bidegurutzean

Bigarren geltokia: Kalifornia

Kalifornia askatasunaren sinonimo izan da kultura popularrean. Estatu hartan euskaldun andana bizi da. Chinoko euskal etxeko mahaian ez dute hauteskunden inguruan hitz egiten, baina giroan nabari dira bozak.

Los Angeles hiria (AEB) goitik ikusita. KIRMEN URIBE
Los Angeles hiria (AEB) goitik ikusita. KIRMEN URIBE
Kirmen Uribe.
Los Angeles
2024ko azaroaren 2a
05:00
Entzun

Marilyn Monroek gazteengatik gertu hartzen du atseden Los Angelesen. UCLA unibertsitatearen auzo berean, Westwooden, campusetik harra bete bidera. Hilerriak parkea ematen du. Zelai batean, hilarriak lurrean etzanik daude, txikiak dira, urrundik belarra baino ez da ikusten. Marilyn parkearen bazter batean dago, kantoiari buelta eman eta kasualitatez egiten duzu topo berarekin. Harrian, haren artista izena, lore freskoak eta karminezko muxuak.

Ikerrek, UCLA unibertsitateko euskara irakasleak, eraman nau bertara. «Marilyn, sistemak gauza bihurtu nahi izan zuen arren, oso pertsona bizkorra zen». Misfits filma aipatu dit. «Bere azken filma da, hil baino gutxi lehenago filmatua. Reno inguruan kokatzen da, euskaldunen lurraldean. Pertsonaia oso polita da Marilynena filma horretan, aktorea eta pertsona bat dira, bera da. Gauza guztien gainetik Misfits izeneko zaldi basatien askatasuna nahi du».

Kalifornia askatasunaren sinonimo gisa islatu izan da kultura popularrean. Lurralde hura izan zuten jomuga Beat belaunaldiko Jack Kerouacek eta enparauek, hantxe lortuko zutelakoan libertatea. Eta Kalifornian jaio zen Kamala Harris. Ama Indiako zientzialaria, eta aita jamaikarra, ekonomia irakaslea. Bikotea banatu egin zen eta Kamala eta ahizpa amak bakarrik hazi zituen. Migrarien alaba, emakumea, ametsen estatuan jaioa, eta orain presidentetzarako hautagaia. Amak esaten zion dena dela posible. Baita hori ere. Laster ikusiko da ametsen lurraldea benetan halaxe den, Ameriketako Estatu Batuak prest dauden emakumezko bat gidari izateko.

Marilyn Monroeren hilarria, Los Angelesen (AEB). KIRMEN URIBE
Marilyn Monroeren hilarria, Los Angelesen (AEB). KIRMEN URIBE

Chino, Los Angelesetik ordubetera dagoen herria da. Euskaldun andana bizi da bertan. Euskal etxeko hileroko bazkaria dela eta, Chinora joateko geratu gara Iker eta biok, igande goizez. Hara abiatu aurretik, Blade Runner zientzia-fikziozko filmean agertzen den Ennis House ikustera eraman nau Ikerrek. Frank Lloyd Wright arkitektoak diseinatu zuen etxeak maien piramidea ematen du. Oso ezagun bilakatu zen filma egin eta gero. Museoa ote den galdetu diot Ikerri. «Baita zera ere, etxe pribatua da. Soilik urtean behin zabaltzen dute bisitarientzat. Hemen ia dena da pribatua».

Blade Runner filmak asmatu egin zuen gauza askotan. Teknologia maila handia baina bizitza kalitate urria izango duen etorkizuna aurreikusten zuen. Gurea, alegia. Los Angeles autoentzat egindako hiria da. Bizikletarik ez da ikusten, oinezkorik ere ia ez. Autopistek sei lerro dituzte norabide bakoitzera. Autopista hartu eta Chinorantz egin dugu, Nafarroa hegoaldea gogorarazten duten paisaietan barrena.

Chinoko euskaldunek garai batean behiak hazten zituzten hango belaze zabaletan eta esnea saldu. Baina belazeetan etxeak eraiki dituzte orain. Eta ez da ikusten behirik. «Gure aitak trinketa eraiki zuen bere esnetegian. Bere eskuekin. Orain, presio demografikoa dela-eta bota egingo dute aitaren frontoia etxeak egiteko», kontatu dit euskal jatorriko emakume batek.

Lehen, bigarren, eta hirugarren belaunaldiko euskaldunak bildu dira Euskal Etxera. Lehenengoen artean, Aezkoako gizon bat: «Soldaduskara ez joateko etorri nintzen hona. Eta hemen egin dut bizimodua kamioiak gidatzen». Hirugarren belaunaldikoen artean, Andrea, bizipoz handiko emakumea. Kantaria da, eta Kalifornian idatzitako bertso zaharrak biltzen ari da. Hemen ere sortu dira gauzak euskaraz. Askotan ahaztu egiten zaigu hori. Euskal Herritik kanpo ere badela euskara. Miragarria da nola eusten dioten Mendebaldeko kostako euskaldunek. Oso baldintza kaskarretan, maitasunagatik.

Trumpen aurkako kartela, Los Angelesen (AEB). KIRMEN URIBE
Trumpen aurkako kartela, Los Angelesen (AEB). KIRMEN URIBE

Hauteskundeei buruz ez dugu hitz egin. Komunitatea horren gainetik dago. Hala ere, giroan nabari dira bozak. Bazkalostean, hiriko Sheriffak hitz egin du. «Ez nator hauteskundeei buruz hitz egitera», argitu digu irribarrez hasieran. Baina gero segurtasun kontuez aritu izan da, kanpotarren arriskuez. Kafean, mugikorrari begiratu eta Trumpek Madison Square Gardenean emandako mitina aipatu du mahaikide batek. «Puerto Rico zabor poltsa bat dela esan dute». Ikerren ustez, hauteskunde guztietan dago «urriko notizia» deitzen den ezusteko bat. Eta ezusteko horrek baldintzatzen du lehia. Beharbada hau izan liteke. Nork daki. Oso azkar doa dena. Biharamunean, urriko notizia beste bat izango da.

Asteartez, hitzaldia UCLAn. Entzuleen artean, Jean Pierre, Bakersfieldeko gaztea. Euskaraz mintzatu zait. Politika estudiatzen du. Hauteskunde giroaz galdetu diot. Afarira biltzeko eta han egingo dugula solas. «Azterketa daukat eta ezin dut», desenkusatu da. «Baina idatziko dizut mezu elektroniko bat».

«Baikorra naiz, uste dut zatiketaren penduluak erdirantz egingo duela. Garai berri bat hastera goaz birao eta hitz txarrak atzean utzita»

JEAN PIERREBakersfieldeko gaztea

Afarian, Jorgek, literatura irakasle argentinarrak, gazteen pasibotasuna aipatu digu. «28 ikasleetatik lauk baino ez dute bozkatu». Maitanek, Santa Barbarako euskara irakasleak, Gazako sarraskiaren eragina azpimarratu du. Gazteak oso kritikoak dira Harrisek Palestinarekin duen jarrerarekin. Gai honetaz ezin da hitz egin unibertsitatean. Maitanek esandakoaren harira unibertsitateko komuneko atean idatzita zegoen grafiti bat gomutan hartu dut: «Ez izan lotsatia eta alboko zuloan dagoenarekin hitz egin ezazu, adibidez, politikaz?». Komunak, beti egia esaten.

Hotelera iritsi eta mezu elektronikoak behatu ditut. Berri ona. Jean Pierrek idatzi dit. Azterketa izan arren tartea hartu du niri idazteko. Haren iritziz, gazteak pasibo daude ez dituztelako kontuan hartzen. Zatiketaz, uste du gizarteko dibisioa alderdiek eurek sortu dutela. «Komeni zaie polarizazioa». Etorkizunaz mintzo zait gero. «Baikorra naiz, uste dut zatiketaren penduluak erdirantz egingo duela. Garai berri bat hastera goaz birao eta hitz txarrak atzean utzita».

Ohera sartu naiz. Begiak itxi eta zaldiak ikusi ditut. Libre lauhazkatzen ziren misfits basatiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.