Zazpi urte bete berri dira Eskozian independentzia erreferenduma egin zutenetik, eta, gaur-gaurkoz, agenda politikoaren lehen lerroetan dago bigarren galdeketa egiteko perspektiba. Badira desberdintasun batzuk 2014koaren eta 2023rako iragarritakoaren artean —besteak beste, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa kontsulta egitearen aurka dagoela—, baina horien artean esanguratsuenetako bat da mugimendu subiranistan eta, batez ere, independentziaren aldeko gizarte mugimenduan sortu den aniztasuna, ugaritzea.
Gutxi-asko, hiru eragilek gorpuztu zuten baiezkoaren aldeko mugimendua duela zazpi urte; SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren gidaritzapeko Yes Scotland kanpainak zuzendu zuen eztabaida, eta Radical Independence Campaignek ezkerretik indartu zuen baiezkoaren aldeko diskurtsoa. Horiez gain, pisu esanguratsua izan zuen egun indarrean segitzen duen Independentziaren Aldeko Emakumeak elkarteak ere. Jim Sillars 1990ean SNPko buruzagiaren ondoko izandakoak azaltzen du In place of failure liburuan (Porrotaren lekuan): SNPk berak finantzatu zuen Yes Scotland, eta, oro har tokian tokiko taldeek alderdi atxikimendurik ez bazuten ere, maila nazionalean SNPk izan zuen lidergoak itzalean utzi zuen subiranismoaren aniztasuna. Hori izan zen mugimenduaren «ahulezia», Sillarsen hitzetan.
Gaur egun, eskema hori ugaritzearekin batera, deszentralizatu egin da, eta, neurri batean, kontrol politikotik aldendu. Yes Scotland zena desaktibatu egin da, edo neurri batean sare sozialetan independentzia sustatzeko datuak eta informazioak ematera mugatu. Aldi berean, talde ugari sortu dira 2014az geroztik, eta horietako batzuk jada ez daude SNPren estrategia politikoaren esanetara, haren kontra ez badaude ere. Makina elektoral eraginkorra da oraindik ere SNP, aurtengo maiatzeko hauteskundeek erakutsi zutenez —Eskoziako Parlamentuko 129 ordezkarietatik 64 lortu zituen—, baina, gizarte mugimenduaren barruan, estrategia eta interes ezberdinak bizi dira oraintxe elkarrekin.
Kalean sumatu daiteke hori; irailaren 18an, independentzia erreferendumaren zazpigarren urteurrenean, Ekintzarako Egun Nazionalera deitu zuen Sinetsi Eskozian plataformak; tokiko 112 taldek mobilizazio mota diferenteak prestatu zituzten, nagusiki eskuorriak banatzera eta zalantzatiak edota independentziaren aurka jarrera oldarkorrik ez daukatenak konbentzitzera bideratuta. Pedagogia egiteko plataforma bat da, nagusiki.
Gordon MacIntyre-Kemp ekonomistak sortu zuen Believe in Scotland, aurrez Glasgowko Merkataritza Ganberan ari zela sektore ekonomiko batzuek independentziaren inguruan zuten jarrera ezkorra edo kezkatia ikusi eta Bussiness for Scotland think tank-a sortu eta gero. Orain, 47 langile ditu plataforman, tokiko taldeak koordinatzen, elkarren artean harremanetan jartzen eta, batez ere, baliabide materialak ematen. Horixe izan zen mugimendua sortzeko arrazoietako bat: 2014ko bozketaren aurreko asteetan antzeman zuela zenbait taldek ez zutela baliabiderik kanpaina egin ahal izateko, eta inork ez zituela materialez hornitzen.
«Ongizatea» ardatz
Independentziari buruzko eztabaida parametro ekonomikoetan mugitzen da, eta diskurtso independentistaren ahaleginak bide horretan doaz, MacIntyre-Kempek dioenez; Eskozia independente batek izango lituzkeen baliabideak nabarmentzean eta horiek justuago banatuko direla hitzematean: «Gure mezu nagusia zera da: mundu garatuko pentsio okerrenak dauzkagu azken irabazien portzentajeari dagokionez. Esaten ari garena da ezin duzula pentsio duin bat izan estatuaren pentsioaren arabera bizi bazara. Pentsioak astean 200 libera handitzea proposatzen ari gara. Londresek murrizketak egin ditu pentsioetan, eta gure dirua Londresera doa». Gai hori giltzarri iruditzen zaio, 2014ko erreferendumean adinaren arabera egon zen boto joerari erreparatuta: «16 eta 25 urte bitartekoen artean, baiezkoa %76ra iritsi zen. Baina ezezkoa %70koa zen 65etik gorakoen artean». Pentsioak kobratu ezinaren beldurra haizatu zuen unionismoak 2014ko kontsultaren atarian.
Beldur hori, ordea, datuekin uxatu nahi du Eskozian Sinetsik: besteak beste, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen datuen arabera, Erresuma Batuak zeukan pentsioen ordezkapen tasa garbia —azken soldataren zenbateko ehunekoa jasotzen den pentsio publiko bidez— %29 zen 2016an, eta Europako Batasunaren batezbestekoa %70,5 zen. 2017an, berriz, Eskoziako pentsiodunen %17 zeuden pobrezia erlatiboan —Europako Batasuneko batezbestekoa %14 zen—.
Ez alferrik, Independentziaren Aldeko Pentsiodunak dira azken urteetan nabarmendu diren taldeetariko bat. Daniel Laurie kideak azaldu dizkio BERRIAri taldearen izatearen arrazoiak: «Gizarteko talde txiroenetako bat gara; zibilizazio esaten zaien mendebaldeko herrialdeetako pentsiorik apalenak dauzkagu. Eta, oroz gain, zahartzen ari gara, eta nahi dugu pertsona guztiak zaintzen dituen herrialde batean bizitzea hurrengo belaunaldiak; Eskozia independente batean».
Gogoeta ekonomikoetan, estatu berriaren bideragarritasuna izaten da sarri eztabaidagaia; diru propioa jaulkiko duen, enpresa handiek ezegonkortasunetik ihes egingo duten... «Herrialde guztiek daukate diru propioa, inoizko gauzarik errazena da hori; Estoniak sei astean sortu zuen. Galdetu beharrekoa da zergatik bizi diren pentsiodunak pobrezian. Gu orain ari gara ikasten nola egin kanpaina; elkarrizketaren dinamika aldatzen ari gara». Horregatik, «ongizatea» eztabaidaren erdigunean kokatu nahi du MacIntyre-Kempek: «Ongizatea ez da ezkerrekoen edo eskuinekoen zerbait, eta guk hori darabilgu. Nahi dugu eskuineko jendea ere guregana batzea. Kontserbadoreak ere konbentzitu ditzakegu ongizateari buruzko gerturatze batekin, baina ez ezkerreko batekin».
%50a nola gainditu
2014ko erreferendumean, %45ean geratu zen Eskozia estatu independente izatearen aldeko aukera; ezezkoa baino hamar puntu gutxiago izan ziren, baina, eguna gerturatu ahala, bi aukeren arteko aldea txikituz joan zen: independentismoa %27aren inguruan zegoen erreferendumera deitu aurretik. Orain, inkestek parean jarri ohi dituzte bi aukerak, eta aipatu ohi da 2014ko %45 hura, sabaia baino gehiago, zorua izan zela. MacIntyre-Kemp: «Lehen erreferendumaren aldean, aldaketa nagusia da laboristak indartsuak zirela; urteetan, Eskoziako politikan nagusi izan dira, eta ezezkoaren aldeko kanpainaren lidergoa izan zuten; kontserbadoreak atzean geratu ziren. Orain, laboristek diote geratzeko Erresuma Batuan, federalismoa hitzematen dutela; baina ez daude guri ezer eskaintzeko posizioan».
Europako herrialde ugaritan sozialdemokraziak izandako gainbeheraren Eskoziako aldaera —eta Britainia Handikoa— da laborismoaren apaltzea, eta horrek kontserbadoreen esku utzi du oposizioaren egiteko nagusia. Horrek, era beren, eragina izan lezake erreferendumaren kanpainan, MacIntyre-Kempen hitzetan: «Kontserbadoreen, laboristen eta liberal-demokraten batasuna amaitu da, eta orain kontserbadoreek izan behar dute ezezkoaren lidergoa. Eta hori desastre bat da ezezkoaren aldeko kanpainarentzat. Jada ez dago Better Together-ik [Hobe elkarrekin. Hala izena zuen unionismoaren kanpainak 2014ko erreferendumean]».
Galdeketa belaunaldi oro
Kanpaina egiteko, ordea, erreferendumak deituta behar du, eta hori bera eztabaidagai bihurtu da. Batetik, oraindik datarik ez zehazteak SNPri modua ematen diolako luzamendutan aritzeko; 2023 amaierarako iragarri du, COVID-19aren izurria erabat gaindituta baldin badago. Alba Alderdiak, ordea, berehala abiatu nahi ditu erreferendumari buruzko negoziazioak Westminsterrekin, eta, hain justu, hor dago arazoaren gakoa: Boris Johnson lehen ministroa oraingoz ez dagoela prest bigarren independentzia erreferenduma onartzeko. Denborari begira, badirudi Eskoziako Gobernuaren jokabidearekin ados daudela eskoziarrak: Scottish Election Study azterketaren arabera, SNPren eta Berdeen jarraitzaileen aukera gogokoena da erreferenduma bi eta bost urte bitarteko epean egitea, eta bi alderdi horiek osatzen dute gobernua, gehiengo absolutuarekin. Albakoen lehen aukera da, berriz, «lehenbailehen» bozkatzea.
Kontua da gisa horretako bozketa bat noiz egingo den eta Westminsterrek luzaroan uko egin diezaiokeen. Jakina da Johnsonen iritzia: independentzia erreferendum bat «belaunaldi bakoitzean» egin litekeela, ez sarriago; egiaz, Johnsonek badu aitzakia: 2014ko kontsultaren atarian, Alex Salmond orduko lehen ministroak eta Nicola Sturgeon lehen ministroaren ondoko eta egungo lehen ministroak eurek argudiatu zuten «bizitzan behin» izaten zen aukera zela. Haatik, gauzak aldatu dira harrezkero: brexit-ak eta Eskoziak, kontra bozkatu arren, bere burua Europako Batasunetik kanpo ikusteak zeharo aldatu du jokalekua, eta SNPk, 2014ko afiliazio hazkunde ikusgarriaz gain, aise irabazi ditu hauteskunde guztiak, programan bigarren erreferendumaren promesa jasota.
Eskoziako eta Erresuma Batuko gobernuek 2012ko urrian sinatu zuten Edinburgoko Hitzarmena, erreferendumaren xehetasun batzuk adosten zituena. Itun horrek ez du ezer zehazten bigarren erreferendumaren aukerari buruz, baina MacIntyre-Kempek Ipar Irlandako eta Ostiral Santuko Akordioko adibidea dakar gogora: horren arabera, ez litzateke bigarrenez Irlandaren batasunari buruzko galdeketarik egin beharko lehen alditik zazpi urte igaro baino lehen. 2021eko irailaren 18an bete ziren zazpi urte lehen kontsultatik: «Beraz, bada aurrekaririk Erresuma Batuan».
Europazaleen rola
Egungo testuinguruan rol garrantzitsua dute brexit-aren ondorioek; Erresuma Batuko biztanleen %52k bozkatu zuten estatua Europako Batasunetik irtetearen alde, baina Eskozian, %62k egin zuten aukera horren kontra. Halere, Erresuma Batuaren parte izanik, Europako Batasunetik kanpo dago Eskozia ere.
Irailaren 18an mobilizatu ziren taldeetako bat izan zen Yes for EU: 2019an —brexit-aren ostean— Eskozia estatu independente gisa Europako Batasunean sortzearen alde sortutako plataforma. Holyroodeko parlamentuaren atarian bildu ziren hiru dozena lagun, Europako Batasuna osatzen duten estatu guztietako banderak eskuan eta kartoizko hizkiez osatutako Yes baten inguruan.
Horietako bat zen David Spacey: «Pertsona ugari ditugu 2014an ezezkoa bozkatu zutenak, esan zietenak Eskozia independente izanez gero Europako Batasunetik kanpo geratuko zela; gezurra zen, eta orain irauli egin da egoera». Beraz, soslai diferenteak biltzen ditu plataformak: Eskozia Europako Batasunean egotea nahi dutenak guztiak, baina batzuk 2014an Eskoziaren independentziaren alde egin zutenak, eta beste batzuk, berriz, orduan ezezko botoa eman zutenak. Bigarren multzokoa da Spacey: «Oso kontra nengoen 2014an, ez nituelako galdu nahi nire eskubideak Europako herritar gisa. Baina brexit-ak erabat irauli du hori; hamabi urte egin ditut Europan bizitzen eta lanean, eta eskubide hori galdu dute nire semeak eta bilobek».
Zenbateraino eragin dezake horrek bigarren erreferendumaren emaitzan? Spacey: «Yes for EUk jende asko ekarri du baiezko jarrerara». Egiaz, baiezkoak babes esanguratsuak jaso ditu azken hilabeteetan, Henry McLeish lehen ministro laboristarena, kasurako. Halere, bada baieztapen hori erlatibizatzeko daturik ere: Scottish Election Studyren beraren azterketa baten arabera, independentistek hobe dute desmobilizatuak mobilizatzea, kontrakoak konbentzitzen saiatzea baino; izan ere, kontrakoak nahikoa ziur daude beren kontrakotasunaz: 2014ko baiezkotik 2021ean ezezkora pasatu direnak adina dira, gutxi-asko, alderantzizko bidea egin dutenak: %16 dira bi multzoak.
Mobilizazioa helburu
2014az geroztik sortutako hizki zopan beste talde bat nabarmendu da: All Under One Banner (AUOB). Galdeketatik aste gutxira sortu zuten plataforma, urte hartako urrian. Aurten, irailaren 25ean, manifestazio bat egin zuen Edinburgon, eta 5.000 bat pertsona batu zituen. Independentismoak azkenaldian eginiko mobilizaziorik handiena izan zen. Bidean, Eskoziako milaka bandera, baina baita Kataluniako estelada ugari ere.
Neil Mackay AUOBko sustatzaileetako bati ez zitzaion euforia handirik nabari, baina pozik zegoen parte hartzearekin eta, batez ere, pandemiak eragindako urruntze sozialaren ostean, independentismoa berriro ere kalera atera izanarekin. Horixe baita haien asmoa: «Gure helburua da mobilizazio dinamika erregular eta iraunkor bat sortzea baiezko mugimenduaren barruan, jendeari boterea emateko. Ezin da soilik politikarien esku utzi; honek zerikusi handia dauka eskoziarrak boteretzearekin».
Alderdietako ordezkariek ere hartu zuten hitza manifestazio amaieran: SNPk eta Eskoziako Alderdi Sozialistak, beste hainbat eragileren artean. Beraz, zein da alderdi independentisten eta mugimendu sozialaren arteko harremana? Zenbatekoa da haren autonomia? Alderdiak aliatu dira, ala aldarrikapen eta kritiken jomuga? Mackayren azalpena: «AUOB ez dago ezein alderdirekin lerrokatuta, baina neurri batean alderdi independentista guztiak babesten ditugu, independentziaren kausa babesten duten heinean. Hitza har dezakete gure mobilizazioetan». Haatik, aldarrikapenen hartzaile ere badira alderdiak, eta bereziki SNP, Eskoziako Gobernuko indar nagusia denez gero: «Bi parlamentuei mintzo gatzaizkie: Holyroodi eta Westminsterri. Eskoziako Gobernuak ekin beharko lioke lehenbailehen, eta agindutakoa egin». Mackay kritikoa da Sturgeonekin: «Posible da erreferenduma 2023an egitea, baina Nicola Sturgeon ez da erabat zintzoa jendearekin: uste dut politikan jokatzen ari dela, eta jendea esnatzen ari da. Gero eta jende gehiago ez dago pozik promesa faltsuekin eta aldarrikapen amaiezinekin».
Kexak badu funtsa: azken urteetan, data atzeratzen ari da gobernua. Esaterako, 2019ko apirilean, Sturgeonek proposatu zuen erreferenduma aurtengo maiatzeko hauteskundeen aurretik egitea.
Mackayk uste du gobernuak badituela tresna juridikoak horretarako: «Ikusi nahiko nituzke parlamentuaren boterea erabiltzen, badugu-eta horretarako boterea: autodeterminazioa hori da. 1998ko Scotland Act, bertan jasotako 30. sekzioa, Erresuma Batuko legeria da. Nazioarteko legeria da. Zergatik ari zaizkie Erresuma Batuari kexaka, hark ez badu garbi jokatuko; Boris Johnsonek ez du baiezkorik emango. Aurrera egin behar dugu».
Izan ere, AUOBek badu mezua Westminsterrentzat ere: «Indarra dugu Eskozia gobernaezin egiteko Erresuma Batuko Gobernuarentzat». Horregatik, argi dauka Eskoziako Gobernuak aurrera egin beharko lukeela: «Berriro baimena eskatu beharko luke, eta epemuga bat eman. Onartu ezean, erreferendumera deitu. Legezkoa litzateke. Eta Boris Johnsonek boikotera deituta ere, parte hartzea handia izanez gero, balekoa litzateke. Aurrera egin behar dugu». Azaroaren 6an dute hurrengo hitzordua, Glasgown egitekoak diren COP26 bileraren zutabeetako bat osatuko baitu independentismoak.
Beraz, oreka batean mugitu beharko du SNPk. Eremu instituzionalean, alderdiak maiatzean bertan erakutsi zuen alderdi nagusia dela Eskozian eta, bereziki, sektore subiranistetan, baina, alor sozialean, badu erreferendumerako urratsak egiteko estutuko duenik ere. Ikusi beharko da oreka hori nola kudeatzen duen datozen hilabeteetan.
Eskoziako prozesu independentista. Gizarte mugimendua
BIGARREN AUKERAREN PESKIZAN
Bigarren independentzia erreferenduma egiteko aukerari begira daude Eskozian, 2014koan unionismoak irabazi eta gero. Harrezkero, ordea, aldatu egin da gizarte mugimendu subiranista: SNPkoengandik gero eta autonomoagoa da. Eztabaida nagusia da nola erantzun Londresen ezezkoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu