Erregimen arrazista bukatu zenetik aurrekaririk gabeko egun bat izan zen atzokoa Zimbabwen. Presidentetzarako hauteskundeak egin zituzten, eta Robert Mugabe ez zen egon hautagaien artean. 1980an egin zituzten europar jatorriko zurien erregimen arrazista kendu ondorengo lehenbiziko hauteskundeak, eta, orduz geroztik, beti Mugabek irabazi zituen, atzora arte. Haren alderdiko kide batzuek Mugaberen aurka konspiratu eta estatu kolpe baten bidez kendu zuten boteretik iazko azaroan, eta kolpe horren buruzagietako bat, Emmerson Mnangagwa, zen atzo faborito. Emaitza ofizialak larunbatean jakinaraziko dituzte, baina Zimbabwek bigarren aroa hasi duela erran liteke. Aro horren ezaugarriak zer-nolakoak izanen diren, ordea, definitzeko dago oraindik.
«Hauteskunde harmonizatuak» erran diete atzokoei, presidenteaz gain parlamentua eta udalak aukeratu behar zituztelako. 23 hautagai aurkeztu ziren presidentetzarako —lau baino ez emakumeak—, guztiak lehenbiziko aldiz. Horrek berrikuntza nabarmena eragin du Zimbabweko politikan. Mugabek hauteskunde guztiak alde nabarmenarekin irabazi zituen —2002an lortu zuen boto gutxien, %56—, eta haren alderdia, ZANU-PF Zimbabweko Batasun Afrikar Nazionala-Fronte Patriotikoa, guztiz hegemonikoa izan da 1980az geroztik. Mnangagwak hegemonia horri bere horretan eutsiko ote dion, ordea, ez dago guztiz argi.
«Afrobarometer inkesta etxe errespetatuak egin zuen azkenetako galdeketan erakutsi zuen lehia anitzez estuagoa izanen dela», erran dio BERRIAri Blair Rutherford Kanadako Carleton Unibertsitateko Soziologia eta Antropologia departamentuko irakasleak. Inkesta horren arabera, Mnangagwak botoen %40 lortu izanen lituzke atzoko egunean, eta Nelson Chamisa oposizioko hautagai nagusiak, %37.
Oposizioa, garaipenaz ziur
MDC-T Aldaketa Demokratikorako Mugimendua-Tsvangirairen hautagaia da Chamisa. 2000. urteko hauteskundeez geroztik oposizioko indar nagusia izan da, eta haren sortzaile eta presidentetzarako hautagai zen Morgan Tsvangiraik hauteskunde guztietan iruzur egitea leporatu zion Mugaberi —Tsvangirai joan den otsailean hil zen eritasun baten ondorioz—. 2008ko hauteskundeen ondoren, gainera, gatazka zibil larria piztu zen ZANU-PFren eta MDC-Tren artean. Atzoko egunaren ondoren zer gertatuko den ikusteko dago.
Chamisak duela egun batzuk adierazi zuen «kaosa» sortuko zela ZANU-PFk «iruzur» egiten bazuen. Kanpainan mezu bat errepikatu du Chamisak, eta atzo ere horri eutsi zion: «Hauteskunde hauek garbiak eta bidezkoak badira, irabaziko dugu. Hori horrela da». Rutherfordek ohartarazi du liskarrak pizteko arriskua dagoela. «Inkestei erantzun dieten anitzek erran dute ez dutela uste militarrek irabazten utziko diotenik Chamisari, nahiz eta jende gehiagok bozkatu haren alde. Duela bi asteburu Hararen izan nintzen, eta solas egin nuen jende anitzek ikuspuntu hori zuen. Beraz, nahiz eta emaitzek erakutsi Mnangagwak eta ZANU-PFk irabazi dutela, aukera handiak daude zimbabwetar anitzek hauteskundeen fidagarritasuna zalantzan paratzeko, eta, kasurik onenean, legitimitate krisi bat sortzeko».
Mnangagwaren eta oposizioaren arteko lehiaz gain, bertze faktore bat kontuan hartzekoa zela oroitarazi du Rutherfordek: «Zantzu batzuek erakusten dute ZANU-PF banatuta dagoela. Kolpeaz geroztik, Mnangagwak eta haren aliatuek alderditik garbitu dituzte bertze fakziokotzat hartu dituztenak, baina badirudi zatiketa handitzen ari dela Mnangagwaren eta [Constantino] Chiwengaren artean, kolpea zuzendu zuen militar ohiaren artean. Chiwenga presidenteordea da orain, eta aspalditik erraten da presidentetzarako anbizioa duela».
Zatiketa alderdi nagusian
Zatiketa handia izan daitekeela azaldu du Rutherfordek, ez baitago argi ZANU-PFko zenbat kidezaizkion oraindik ere leial Mugaberi, eta 2014an baztertu zuten bertze lider batek ere, Joice Mujuruk, aldekoak baditu. Mugabe bera herenegun, azken orduan sartu zen kanpainan. Erran zuen ez ziola botoa emanenZANU-PFri, eta atzo Grace Mugabe emaztearekin joan zen Harareko hautesleku batera. Hortaz, boto emaileen artean horrek izan duen eragina neurtu beharko da. «Mnangagwaren historia indarkerian eta buruzagitza politikotik lortutako aberastean oinarritzen da, eta horrek iradokitzen du eroso egonen litzatekeela alderdi sendo bat duen lider sendo baten rolean, baina, oraingoz, uste dut hori lortzea zail izanen duela».
Afrika hegoaldean garrantzi handiko herrialdea izan da Zimbabwe. Hegoafrikako apartheid sistema arrazistaren aurkako borrokak bete-betean eragin zion, bertzeak bertze, apartheid propioa jasan zuelako. Erresuma Batuaren kolonia zen garaian herrialdeaz jabetu zen elitezuriak uko egin zion deskolonizatzeari; horren ordez, botereari eutsi eta independentzia aldarrikatu zuen 1965ean, Rhodesia izenarekin. Formalki, estatu bakar batek ere ez zion independentzia onartu, eta erregimenaren aurka matxinatu ziren gerrillek eta nazioarteko bakartzeak itota, Ian Smith presidenteak trantsizio aldi bat hastea onartu zuen 1978an. 1980ko hauteskundeekin bururatu zen trantsizioa. Herrialdeak Zimbabwe izena hartu zuen, eta aitzineko erregimenaren aurka borrokatu zen lider bati lotuta egon zen iaz arte, Mugaberi.
Zimbabweren egoera ekonomikoa larria da, neurri batean Mendebaldeak ezarritako zigor ekonomikoengatik. Mugaberi presio egiteko ezarri zizkion. Harremana 2000. urtean hasi zen gaiztotzen, eta Zimbabweri nazioartean paria izaera emateraino larriagotu zen. 2000. urtean EB Europako Batasunak etaAEBek lehenbiziko zigorrak ezarri zizkioten, eta Erresuma Batuak Commonwealth kolonia ohien elkartetik behin-behinean bota zuen 2002an. Mugaberi egotzi zioten presidentetzarako hauteskundeetan iruzur egitea, eta arerio politikoen aurka indarkeria eta errepresioa erabiltzea.
«Mnangagwak ahalegin handia egin du Erresuma Batura, Commonwealth-era eta Europara hurbiltzeko, eta, aldi berean, Txinaren eta Hegoafrikaren babesa mantentzeko», azaldu du Rutherfordek. «Uste da Erresuma Batuko Gobernuko kide anitz prest daudela Mnangagwarekin lan egiteko, baina Mendebaldearen eta Zimbabweren etorkizuneko harremana, epe motzera bederen, hauteskunde hauek bidezkotzat eta garbitzat hartzeak baldintzatuko du. Hamasei urtean lehenbiziko aldiz Mendebaldeko behatzaileak egon dira, eta haien iritzia erabakigarria izanen da». EBren behatzaileek atzo adierazi zuten parte hartzea handia izan zela, eta kanpainan ez dela istilurik egon.
«Argi dago Mendebaldeak borondate gehiago duela Mugaberen aroaren ondorengo gobernu batekin lan egiteko, eta Zimbabweko ekonomiak premiazko laguntza behar du. Noski, harreman horrek zer itxura izanen duen eta neoliberalismo eta 'enplegurik gabeko hazkunde' garai honetan horri onura nork aterako dion, bertze kontu bat da».
Lur erreforma
Izan ere, aberastasunaren banaketa oinarrizko arazo bat da Zimbabwen, eta ez da kasualitatea Mendebaldearekin zuen harremana 2000. urtean gaiztotzea. Urte horretan sartu zen indarrean Lur Erreformaren Programa Azkarra, lurjabe zurien nekazaritzarako lurrak konfiskatu eta lurrik gabeko beltzen artean banatzeko legea. 2000. urtean biztanleen %0,6 baino ez ziren zuriak, eta lurren %70en jabeak ziren.
Rutherfordek Zimbabwen egin dituen ikerketa gehienak lurraren gaineko gatazkan zentratu dira. Ikerlariak azaldu du Mnangagwak FTLRPren ondorioak kritikatu dituela, eta keinuak egin dizkiela lurjabe ohi zuriei, bertzeak bertze, kalte-ordainak emateko aukera aipatuta, baina ez du uste erreformak gibelera bueltarik duenik. Rutherfordek dio herritarren artean babes zabala duela legeak, nahiz eta kritikatu izan diren «noizbehinkako indarkeria» eta «plangintza gabezia». «Zinismo handiz ikusten da ZANU-PFko, armadako, estatuko eta enpresa munduko zenbat kide baliatu ote ziren lurrik onenak lortzeko, baina zimbabwetar anitzek, baita MDCren aldekoek ere, lurrak jaso zituzten; horregatik, neurriak babes handia du».
Zimbabwe. Mugaberen ondorengo garaia
Bigarren aroaren hasiera
Robert Mugaberen 37 urteko agintaldiaren ondorengo lehenbiziko hauteskundeak egin dituzte Zimbabwen. Iaz Mugaberen aurkako kolpea zuzendu zutenetako bat da faboritoa: Mnangagwa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu