Vladimir Makei Bielorrusiako Atzerri ministroak esan du prest dagoela beste hainbat gobernurekin elkarrizketa «eraikitzaile» bat izateko, herrialdean igandean izandako hauteskundeen ondorengo krisiari erreferentzia eginez. Makeik azaldu duenez, Ignazio Cassis Suitzako Atzerri ministroarekin hitz egin du jada, «presidentetzarako hauteskundeei buruz, eta herrialdearen egungo egoerari buruz». Bielorrusiako Gobernua elkarrizketa «eraikitzaile eta objektibo» bat izateko prest agertu da, horrela.
Estoniako, Letoniako, Lituaniako eta Poloniako presidenteak —Kersti Kaljulaid, Gitanas Nauseda, Egils Levits, eta Andrzej Duda, hurrenez hurren— bitartekari izateko aurkeztu dira. «Bakartzeak ez du garapenerako eta hobetzeko aukerarik uzten. Bielorrusian irtenbide baketsu bat lortzeko bitartekari lanetan aritzeko prest gaude; herrialdearen independentzia eta subiranotasuna indartzeko», adierazi zuten, atzo zabaldutako prentsa ohar batean. Bielorrusiako agintariei proposatu zieten «mahai inguru» batera biltzea, gobernuko eta gizarte zibileko ordezkariekin. Horrez gain, atxilotutako manifestariak «berehala» askatzeko eskatu zuten.
Txekiako Errepublikako lehen ministroak Twitterren eskatu du, gaur, Bielorrusiako bozak berriro egitea: «Bielorrusiako hauteskundeak gardentasunean eta nazioarteko behatzaileen presentziarekin egin behar dira berriro».
Bielorrusian igandetik izandako protestetan atxilotutakoak askatzen hasi dira; Barne Ministerioaren arabera, 2.000 lagun baino gehiago utzi dituzte libre. Hala egin dute, gaurko Atzerri ministroen bilkura baino lehenago. Askatutako batzuek orbainak zituzten; ziegan estu egon zirela esan dute, eta gaizki tratatu dituztela. Aleksander Barsukov Barne ministrordeak ezeztatu egin du hori dena.
Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak gaurko deituta dagoen bilkurari begira adierazi du EBk Bielorrusiako subiranotasuna eta independentzia babesten duela. «[EBk] Ezin ditu Bielorrusiarekin harremanak izan giza eskubideak eta askatasun politikoak urratzen diren bitartean», zehaztu du diplomaziaburuak. Beste gai batzuez gain, iragan igandeko hauteskundeak eta Bielorrusiako egungo egoera politikoa izango dituzte hizpide.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea herrialdeko protestetan izandako biolentziaren erantzuleei zigorrak ezartzearen alde agertu da gaur. Era berean, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak atxilotu guztiak askatzeko eskatu du, Alemaniako Gobernuko bozeramaile baten arabera.
Igandeko bozetan Aleksander Lukaxenko gailendu zen, Hauteskunde Batzordearen arabera, botoen %80 lortuta; beste bost urterako agintaldia bermatu zuen. Haren atzetik geratu zen Svetlana Tikhanovskaia, oposizioko hautagai nagusia, botoen %9,9 eskuratuta. Oposizioak «iruzurra» salatu zuen, eta ez zituzten onartu emaitzak. Ondorioz, hainbat protesta izan dira, eta 6.700 atxilotu inguru utzi dituzte, Minsk hiriburuan eta herrialdeko gainontzeko hirietan.
ESLAren oharra
Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak (ESLA) eskatu du bertan behera uzteko manifestazioetan ikusi ahal izan den «biolentzia». Protesten inguruko txostenetan, indarraren «gehiegizko» erabileraren berri ematen da, eta horren inguruan «ardura» azaldu du George Tsereteli ESLAko presidenteak. Horrez gain, gogorarazi du, ESLAko kide den heinean, Bielorrusiak konpromisoa hartua zuela giza eskubideen arloan; hala nola biltzeko eskubidea eta iritzi askatasunerako eskubidea errespetatzeko: «agintariei eskatzen diet eskubide eta askatasun horiek bermatu eta errespetatzeko, eta arbitrarioki atxilotu dituzten guztiak ahalik eta azkarrena askatzeko».