Bideni erreleboa hartzeko lehian, Kamala Harrisek hartu du aurrea

Presidenteordea prest agertu da kanpainari heltzeko; bera ari da biltzen babes gehien Biden ordezkatzeko. Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionalean hautatuko dute presidentegaia.

Kamala Harris AEBetako presidenteordea, ezkerrean, eta Joe Biden AEBetako presidentea, eskuinean, iragan martxoan, Ipar Carolinan. ALLISON JOYCE/EFE
Kamala Harris AEBetako presidenteordea, ezkerrean, eta Joe Biden AEBetako presidentea, eskuinean, iragan martxoan, Ipar Carolinan. ALLISON JOYCE/EFE
maddi iztueta olano
2024ko uztailaren 22a
16:00
Entzun

Atzerako kontua martxan da: «Egun bat gutxiago, 105 aurretik. Batera, irabaziko dugu». Txio horrekin, presidentetzarako lehiari ekiteko «prest» dagoela baieztatu du Kamala Harris AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak. Alderdi Demokratak berandu baino lehen erabaki beharko du nor izango den presidentetzarako bozetan aurkeztuko den hautagai demokrata, Joe Biden presidenteak atzo bere hautagaitza bertan behera utzi ondoren. Azken orduetan Harrisen izena nagusitu da hura ordezkatzeko, eta, lortuko balu, lehen aldiz litzateke Asia hegoaldeko jatorriko emakume bat AEBetako presidentegai.

Harrisek gaur egin du Bidenek lehia utzi zuenetik lehen agerraldia. Etxe Zurian egin du, han 08:30ak eta Euskal Herrian 17:30ak zirenean. Ez du bere hautagaitzaren inguruan ezer esan, baina Bideni buruz mintzatzeko probestu du hitzartzea: «Joe Bidenek azken hiru urteetan eraikitako ondarea alderaezina da historia garaikidean». Etxe Zuriak jakinarazi duenez, Wilmingtonera (Delaware) joatekoa da gero, kanpainako lantaldearekin hitz egitera.

Arreta presidenteordearengan jarrita dagoen arren, ezin da ziurtatu hura lehiatuko den datorren azaroaren 5ean egingo dituzten presidentetzarako bozetan AEBetako presidente ohi (2017-2021) eta hautagai errepublikano Donald Trumpekin. Harrisek Bidenen sostengua dauka, atzo kaleratutako gutunean presidenteak berak adierazi zuenez, baita presidente ohi Bill Clintonen (1993-2001) eta alderdiko ordezkari eta senatari gehienen babesa ere. Gainera, demokraten arteko diru emaile batzuk ere lerratu dira Harrisen alde: egun bakarrean 49,6 milioi euro bildu ditu kanpainarako.

Ordezkarien Ganberako presidente izandako Nancy Pelosi izan da Harrisen alde lerratzen azkenetarikoa. «Harrotasun eta ilusio handiarekin, nire babesa ematen diot presidenteordeari. Nire sostengua ofiziala, pertsonala eta politikoa da», adierazi du gaur arratsaldean zabaldutako prentsa ohar baten bitartez. Orain arte, Pelosik ez du ezer esan Harrisen hautagaitzaren inguruan, eta, horren harira, zenbait zurrumurru zabaldu dira azken orduetan; besteak beste, demokratak ez lukeela haren hautagaitza babestuko.

Alderdi Demokratako pertsona esanguratsuenetako bat da Pelosi, eta, hortaz, haren sostengua izateak ez du pisu txikia. Hori bai, oraindik ere bada Harrisen hautagaitzaren inguruan ezer esan ez duenik, hala nola Barack Obama presidente ohia (2009-2017). «Gure alderdiko liderrak gai izango dira hautagai bikain bat aukeratzeko prozesu bat sortzeko. Konfiantza osoa daukat haiengan», esan du Obamak atzo kaleratutako prentsa oharrean.

Etxe Zuriko maizter izandakoaren hitzek atea irekita utzi diote aukera bati: Harris ez den beste norbaitek presidentetzarako lehian Alderdi Demokrataren ordezkari izateko hautagaitza aurkeztea. The Washington Post egunkariak atzo iluntzean jakinarazi zuenez, pauso bat aurrera eman edo ez hausnartzen ari zen Joe Manchin senatari demokrata. Nolanahi ere, CBS hedabidean egindako elkarrizketa batean, argitu du ez duela hautagaitza aurkezteko asmorik, baina uste du «ezinbestekoa» dela alderdi barruan «nolabaiteko prozesu bat» abiatzea.

%48
 

Zenbateko babesa jasoko lukeen Harrisek bozetan. CBS hedabideak eta YouGov-ek egindako azken inkestaren arabera —hilaren 16aren eta 18aren artean egin zuten—, Kamala Harris AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak botoen %48 jasoko lituzke azaroaren 5ean egitekoak diren presidentetzarako bozetan, eta Donald Trump hautagai errepublikanoak, berriz, %51 (+3).

Azken egunotako inkestei erreparatuta, irudi du Harrisek Bidenek baino errazago izango lukeela errepublikanoari aurrea hartzea. Inkesta gehienek botoen %45 eta %48 artean ematen dizkiote presidenteordeari. Halere, ohiko tonuari eutsiz, Trumpek haren hautagaitza gutxietsi du, iritzita «Bideni baino aiseago» irabaziko diola Harrisi.

Gaia zeresana ematen ari da AEBetatik haratago, eta bolo-bolo dabil bai nazioarteko hedabideetan, bai beste herrialdeetako gobernuetan. Harrisen hautagaitza posiblearen inguruan, zera esan du Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek: «Orain arte [Kamala Harrisek] ez dio ekarpenik egin Errusiaren eta AEBen arteko harremanari». Bestalde, Washingtonera bidaiatu du gaur Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk; Bidenekin biltzekoa da bihar, eta AEBetako Kongresuan hitz egitekoa da. Ur handitan sartu gabe, nabarmendu du Israel «beti» izango dela AEBen «aliaturik handiena», bozen irabazlea «dena dela».

Bederatzigarren presidentea

Atzoko erabakiaren ondoren, berriz ere kargua lortzeko hautagai izan zitekeen arren presidentetzarako lehiatik at geratzea erabaki duen bederatzigarren presidentea bihurtu da Biden. Zerrenda horretan daude: James Polk (1845-1849), James Buchanan (1857-1861), Rutherford Hayes (1877-1881), Theodore Roosevelt (1901-1909), Calvin Coolidge (1923-1929), Harry S. Truman (1945-1953), Lyndon B. Johnson (1963-1969) eta Richard Nixon (1969-1974).

Halere, presidente horiek guztiek nork bere alderdiko kongresu nazionala —hor berresten dute presidentegaiaren hautagaitza— egin baino soberan aste lehenago hartu zuten erabakia; eta erabaki hori ez zuen euren osasun egoerak baldintzatu.

Hautagaia aukeratzeko prozesua

Edonork aurkeztu dezake hautagaitza?
Alderdi Demokratako Batzorde Nazionalak ezarritako arauen arabera, bai. Baina hautagaiak gutxienez hirurehun ordezkariren babesa behar du Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionaleko aukeraketan parte hartu ahal izateko.

Noiz egingo dute Kongresua?
Abuztuaren 19tik 22ra bitartean, Chicagon.

Zer erabakiko dute hor?
Nor izango den alderdia ordezkatuko duen presidentegaia. Izendapen ofiziala jasotzeko, hautagaiak alderdiko 1.976 ordezkariren botoak beharko ditu gutxienez. Denera, 3.949 alderdikidek bozkatuko dute.

Zenbat ordezkariren babesa du Harrisek?
The Hill egunkariak egindako zenbaketaren arabera, Harrisek gutxienez 531 ordezkariren babesa du oraingoz, horiek baieztatu baitute haren alde egingo dutela Demokraten Kongresu Nazionalean.

Zenbateko babesa zuen Bidenek?
Bidenek 3.896 kideren sostenguarekin lortu zuen hautagai izendatzea, baina boto horiek ez dute balio Harrisen hautagaitza babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.