Bidenen jarrerak kezka areagotu du demokraten artean, AEBetako presidentetzarako lehen debatean

Ikusleen %67k uste dute Trump hobeto aritu dela, CNN telebista kateak kaleratutako lehen zundaketaren arabera. Migrazioa, abortua eta atzerri politika izan dira debateko gai nagusiak.

AEBetarako presidentetzarako hautagai Donald Trump, ezkerrean, eta Joe Biden, eskuinean, lehen debatean, atzo, Atlantan (Georgia). WILL LANZONI / EFE
AEBetarako presidentetzarako hautagai Donald Trump, ezkerrean, eta Joe Biden, eskuinean, lehen debatean, atzo, Atlantan (Georgia). WILL LANZONI / EFE
maddi iztueta olano
2024ko ekainaren 28a
11:20
Entzun

Zalantzati, galduta eta ahanzkor. Horrela agertu da AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente eta karguari eusteko hautagai demokrata Joe Biden, datorren azaroaren 5ean egitekoak diren presidentetzarako bozetako lehen debatean. Esaldi bat amaitu gabe utzi duen batean, Etxe Zuriko maizter ohi (2017-2021) eta hautagai errepublikano Donald Trumpek iseka egin dio hautagai demokratari: «Ez dakit argudio horri zer erantzun. Uste dut berak ere ez dakiela zer esan duen». Bidenen jarrerak dagoeneko demokraten artean zabaltzen ari zen kezka bat areagotu du: ea beste legegintzaldi bat gidatzeko gauza izango ote den. 

Ordu eta erdi iraun du Bidenen eta Trumpen arteko debateak. Atlantan (Georgia) egin dute, han gaueko bederatziak eta Euskal Herrian goizeko hirurak zirenean, CNN telebista katearen estudioetan. Grafikoak eta aurretik idatzitako oharrak erabiltzeko aukerarik gabe, hautagai bakoitzak bi minutu izan ditu galdera bakoitzari erantzuteko. Eztabaida bukatu ondoren CNNk kaleratutako zundaketaren arabera, ikusleen %67k uste dute Trump Biden baino hobeto aritu dela. 

Burlak burla, Bidenek bere burua «ongi» ikusi duela esan du, debatearen ondoren CNNri egindako adierazpenetan, eta Trumpi egotzi dio «gezurrak eta gezurrak» besterik ez esatea. Efe berri agentziak demokraten kanpainako langile bat aipatuz kaleratu duenez, presidentea gripeak jota egon da egunotan, eta horregatik dauka ahotsa urratuta. Halere, berri agentzia horrek aipatutako beste iturri batzuen arabera, «izua» nagusitzen ari da Alderdi Demokratan.

«Ez dakit argudio horri zer erantzun. Uste dut berak ere [Joe Biden, AEBetako presidentea] ez dakiela zer esan duen». 

DONALD TRUMP Hautagai errepublikanoa

AEBetako presidenteorde Kamala Harrisek ere onartu du, debatearen ondoren CNNri egindako adierazpenetan, Bidenek «hasiera ahula» izan duela. Halere, hura defendatu du: «Presidente batek edukiak eskaini behar ditu». Trumpen inguruan galdetuta, Harrisek esan du «behin eta berriz gezurretan» ibili dela. «Trump distrakzio bat da demokraziarentzat, eta, gobernatuko balu, agintaldi honetan lortutako guztia suntsituko luke», ohartarazi du.

Abortua eta migrazioa

Gaitan banatutako hamabost bloke izan ditu debateak, eta abortuarena izan da eztabaidatutako gai nagusietako bat. Afera horri buruz argi mintzatu da Biden: abortatzeko eskubidea konstituzioan jasotzea eragin zuen 1973ko Roe vs Wade epaia defendatu du —Auzitegi Gorenak 2022an baliogabetu zuen—, eta zehaztu du emakumeek abortatzeko aukera izan behar luketela haurdunaldiaren lehen hiru hilabeteetan; Trumpek, berriz, zeharka erantzun du. Haren arabera, hobe litzateke afera horren inguruan estatu bakoitzak bere erabakiak hartzea, AEBetako Auzitegi Gorenak erabaki beharrean.

Gai horretan falta izan zaion irmotasuna migrazioaren auzian adierazi du errepublikanoak, galdera hauxe egin duenean: «Zergatik ekartzen dituzte milioika pertsona beste herrialdeetako espetxeetatik eta psikiatrikoetatik gure herrialdea suntsitzera?». Eta Bidenek abian jarritako migrazio politikak kritikatu ditu: «Orain, AEBak ez dira herrialde zibilizatu bat. Arratoi habia batean bizi gara. Politika absurdoen ondorioz, estatu bakoitza muga bat da». Trumpen akusazioen harira, Bidenek esan du legez kanpoko migratzaileen sarrerak %40 murriztu direla hura Etxe Zurira iritsi zenetik, eta ez dituela haurrak amengandik bereizi nahi, ezta migratzaileak «kaioletan» sartu nahi ere.

Geopolitikaren txanda

Atzerri politika ere izan dute hizpide; eta, bereziki, Ukrainako gerra eta Gazako setioa. Trumpek Bideni egotzi dizkio Errusiaren Ukrainako inbasioa eta Hamasen urriaren 7ko erasoa, argudiatuta ez zirela gertatuko «Putinek eta nazioarteak [Biden] benetan errespetatuko balute». Bidenek, berriz, Trumpen aurka egin du AEBak NATO Nazioarteko Ipar Atlantikorako Itunetik irtetearen inguruan egindako adierazpenengatik. «[Trumpek] Ez daki zer esaten duen», gehitu du. 

Israel Gazan egiten ari den erasoaldiaren inguruan ere desadostasunak adierazi dituzte. Bidenen arabera, «Hamas da gerrarekin jarraitu nahi duen bakarra»; Trumpek uste du Israel dela «borrokei eutsi nahi diena». Gatazka horretan bitartekari lanak egin dituzte AEBek, eta, horren harira, Bidenek nabarmendu du bere «administrazioari esker» adostu zela iragan azaroko su etena. 

%46

Zenbatek bozkatuko duten Trumpen alde. The New York Times egunkariak kaleratutako azken inkestaren arabera, Trumpek botoen %46 jasoko lituzke azaroaren 5eko presidentetzarako bozetan, Bidenek baino puntu bat gehiago (%45).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.