Bidenek «terrorismoa babesten duten herrialdeen» zerrendatik atera du Kuba

AEBetako presidenteak erabaki hori hartu ostean, hiru herrialde geratzen dira zerrenda horretan: Ipar Korea, Iran eta Siria. Trumpek sartu zuen Kuba, bere lehen agintaldian.

Manifestariak AEBek Kubari ezarritako blokeo ekonomikoaren aurka protestan, abenduan, AEBen Habanako enbaxadaren aurrean. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
Manifestariak AEBek Kubari ezarritako blokeo ekonomikoaren aurka protestan, abenduan, AEBen Habanako enbaxadaren aurrean. ERNESTO MASTRASCUSA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko urtarrilaren 15a
09:30
Entzun

Kuba «terrorismoa babesten duten herrialdeen» zerrendatik atera du Joe Biden AEBetako presidenteak. Bidenek bere agintaldiko azken egunetan egin du aldaketa; izan ere, Donald Trumpek astelehenean hartuko du kargua, eta, hain zuzen, hark sartu zuen Kuba zerrenda horretan, bere lehen agintaldian (2017-2021). Izendapen hori duten herrialdeetako biztanleei bisak lortzeko orduan eragozpen gehiago jartzen dizkiete AEBek, esportazioei kontrol zorrotzagoak ezartze dizkiete, eta ez diete armarik saltzen. Muga horiek kalte egin diote Kubako ekonomiari.

Etxe Zuriak atzo gauean zabaldutako oharraren arabera, Kuba zerrenda horretatik ateratzeko arrazoiak bi dira: batetik, azken sei hilabeteetan Habanak inolako babesik eman ez izana nazioarteko erakunde terroristei; eta, bestetik, bermeak eman izana erakusteko etorkizunean ere ez duela halakorik egingo.

Kuba zerrenda horretan egon zen 1982tik 2015era ere, Afrikako eta Latinoamerikako talde armatuak babestea egotzita. Duela hamar urte kendu zion «terrorismoa babesten duen herrialde» izendapena Barack Obama AEBetako presidente ohiak (2009-2017). Trumpek, baina, berriz sartu zuen zerrendan 2021eko urtarrilaren 12an. Hark ere, Bidenen moduan, agintaldiko azken egunetan hartu zuen erabakia. Orain, hiru herrialde geratzen dira AEBen zerrenda horretan: Ipar Korea — Trumpek berriz sartua hori ere—, Iran eta Siria.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak eskerrak eman dizkie Bidenen erabakia bultzatu duten guztiei. X sare sozialean atzo idatzitako mezu batean esan zuen bere herrialdeak ez zuela inoiz egon behar zerrenda horretan, eta izendapen horrek, beste zenbait neurrirekin batera, kalte handia eragin diola nola Kubari hala hango familiei. Bestalde, salatu du neurria berandu hartu dela eta oraindik indarrean daudela 2017an martxan jarritako blokeoa eta Kubako ekonomia «itotzeko» beste neurri batzuk.

Atzo bertan, Kubako Atzerri Ministerioak iragarri zuen «askotariko delituengatik zigortutako» 553 preso kaleratuko dituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.