Bidenek eskatu du ez uzteko Ukraina babesteari «bake iraunkorra» lortu arte

NATO Ukrainarako laguntza «areagotzen» ari dela iragarri du Ruttek; Zelenskiren Garaipenerako Planak «porrotara» eramango dituela ohartarazi du Orbanek.

Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeier, ezkerrean, eta AEBetako Joe Biden presidentea, eskuinean, Berlinen, gaur. CLEMENS BILAN / EFE
Alemaniako presidente Frank-Walter Steinmeier, ezkerrean, eta AEBetako Joe Biden presidentea, eskuinean, Berlinen, gaur. CLEMENS BILAN / EFE
maddi iztueta olano
2024ko urriaren 18a
12:50
Entzun

Ukrainak «bake iraunkor bat» lortu arte hura babesten jarrai dezatela eskatu die aliatuei AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek: «Ezin dugu orain amore eman». Alemaniatik egin ditu adierazpen horiek Bidenek, bisita ofizial batean baitago han, atzo gauetik. Eta herrialdeko gertakaririk garrantzitsuenetako bati egin dio erreferentzia Ukrainako Gerraz mintzatzeko: «Duela 35 urte bota zuten Berlingo Harresia, giza duintasunaren aldeko aurrerapausorik handienetako bat izan zen. Orain guri dagokigu Europa oso eta aske baten ametsa betetzea». Agerraldiaren ondoren, Alemaniako, Frantziako eta Erresuma Batuko gobernuburuekin biltzekoa da Biden, Ukrainako gerraz eta Ekialde Hurbileko egoeraz hitz egiteko.

Hain justu, Ukrainarako laguntza militarra «areagotzen» ari direla iragarri du, gaur goizean, Mark Rutte NATO Ipar Atlantikoko Itun Erakundeko Idazkari nagusiak. Adierazpen horiek egin ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Europar Kontseiluan agerraldia egin eta NATO osatzen duten herrialdeetako Defentsa ministroekin bildu ondoren. Rutteren arabera, laguntza horrek ahalbidetuko du Kiev Errusiaren «gaur egungo eta etorkizuneko erasoetatik» defendatu ahal izatea.

Bruselan atzo eta gaur artean egiten ari diren bilkurak probestu ditu Zelenskik bere Garaipenerako Plana aurkezteko. Horretan eskatzen du, besteak beste, Ukrainak «ahalik eta lasterrena» jaso dezala NATOko kide bihurtzeko gonbidapena, baita aliatuek irismen luzeko misilak erabiltzeko baimena emateko ere. Lehenengo eskaerari dagokionez, Ruttek jakinarazi du luze gabe jarriko dutela martxan Ukraina erakundearen parte bihurtzeko tramitazioa: «Ukraina demokrazia bat da, eta 32 aliatuak demokraziak dira. Zalantzak eta eztabaidak egon daitezke, baina Ukrainari dagokionez, erabateko adostasuna daukagu: gatazka hau gure balioen aurkakoa da, eta gure segurtasun kolektiboari eragiten dio».

Edonola ere, Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek gaur Kossuth irrati kateari egindako adierazpenei erreparatuta, ez du irudi NATOko kide guztiek berdin pentsatzen dutenik. Orbanen arabera, Zelenskik iragarritako Garaipenerako Planak ez du balioko gerra irabazteko; are, ohartarazi du plan horrek «porrotara» eramango dituela.

Txina, NATOrekin kritiko

Gaur goizeko hitzaldiaz gain, atzo arratsaldean agerraldia ere egin zuen NATOko idazkari nagusiak. Horretan, leporatu zion Txinari Errusiaren erasoaldia «elikatzen» aritzea. Bada, gaur goizean egindako prentsaurreko batean, akusazio horiei erantzun die Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Mao Ningek; exijitu dio NATOri utz diezaiola Txinaren «izena belzteari». Are, iritzi dio Txina dela, bakeari eta segurtasunari dagokionez, «historiarik garbiena» duen potentzia.

Bestalde, Ukrainako Inteligentzia zerbitzuko buruzagi Kirilo Budanovek esan du, gaur, Ipar Koreako 11.000 soldadu inguru ari dela entrenatzen Errusiako armadan, Ukrainaren aurkako erasoaldietan borrokatu dezaten. Horretaz ohartarazi zuen, era berean, Zelenskik atzo, Europar Kontseiluan egindako agerraldian. Gaur goizean, susmo horiekin bat egin du Hego Koreako inteligentzia zerbitzuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.