Bidenek esan du Gazarako menia «gertu» dagoela, baina Hamasek erantzun du «goiz» dela hori baieztatzeko

AEBetako presidenteak adierazi du Israelek oniritzia eman diola su etenerako planari; besteak beste, bahituak eta presoak trukatzeko. Palestinako organizazio islamista, berriz, proposamena aztertzen ari da.

Palestinar batzuk Al-Nusairateko errefuxiatu esparrutik gertu eraitsitako eraikinetan, herenegun. MOHAMMED SABER / EFE
Palestinar batzuk Al-Nusairateko errefuxiatu esparrutik gertu eraitsitako eraikinetan, herenegun. MOHAMMED SABER / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 27a
11:50
Entzun

«Segurtasun Nazionaleko aholkulariak [Jake Sullivanek] esan didanaren arabera, oso gertu dugu [menia]. Nire esperantza da astelehenerako izango dugula su etena». AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenen hitzak dira. Haren ustez, gertu dago Gazako gerrarako beste menia bat adostea, negoziazioak bide onetik doaz eta. Gaurko ordu txikietan kazetarien galderei erantzun dienaren arabera, Hamasek, Israelek eta herrialde bitartekariek beste urrats bat egin dute borrokak gelditzeari buruzko negoziazioetan, eta «gertu» dago adostasuna. Dena dela, Biden baikor agertu den arren, Hamasek gaur adierazi du «goizegi» heldu direla AEBetako presidentearen adierazpenak, oraindik ere proposamena aztertzen ari baita.

Bidenen hitzak ez dira edonoiz heldu; izan ere, atzo, Israelgo delegazio militar batek Qatarrera bidaiatu zuen su etenari buruzko elkarrizketetan parte hartzeko. Ia sei aste iraungo lukeen beste menia bat adostea dute helburu bitartekariek —Egiptok, Qatarrek eta AEBek—, eta «ezinbestekotzat» jo dute laguntza humanitarioa Gazan sartzea, Ekialde Hurbileko hedabideen arabera. Izan ere, NBE Nazio Batuen Erakundeak esana du zerrendan «gosetearen atarian» daudela  2,3 milioi lagun baino gehiago.

AEBek nahi dute ramadanak —hots, musulmanen hilabete santuak— iraun bitartean egotea indarrean menia; hau da, gutxienez martxoaren 10etik apirilaren 9ra arte. Bidenek AEBetako NBC telebista katean adierazi duenez, Israel ados dago denbora tarte horretan zerrendan erasoak etetearekin: «Israelekin akordio bat egin dugu ramadanak iraun bitartean erasoak eten ditzaten. Bahituak askatzeko baliatuko dugu su etena».

Izan ere, horiek libre uztea da Hamasi proposatu dioten meniarako zirriborroan jasotzen den puntu garrantzitsuenetariko bat. Proposamena onartuz gero, sei aste horietan, Palestinako organizazio islamistak berrogei bahitu askatuko lituzke — emakumeak, 19 urte baino gutxiago dutenak, 50 urte baino gehiago duten helduak, eta gaixo daudenak—, eta Israelek, trukean, preso dauden laurehun palestinar askatuko lituzke. Hori, hala ere, ez da akordioak biltzen duen neurri bakarra: Reuters albiste agentziak zirriborroa eskuratu du, eta 11 neurri zehazten direla plazaratu du.

«Israelekin akordio bat egin dugu ramadanak iraun bitartean erasoak eten ditzaten».

JOE BIDENAEBetako presidentea

Bahitu eta espetxeratuak trukatzeaz gain, operazio militarrak «guztiz etengo» lituzkete bi aldeek. Gainera, Tel Aviven indarrek Gazan egiten dituzten aireko miaketak alde batera utziko lituzkete egunean zortzi orduz. Horrez gain, Israelek modua emango luke lekualdatutako herritarrak zerrendaren iparraldeko beren bizilekuetara itzul daitezen, «gradualki» —betiere, soldaduska egiteko adina ez duten gizonak badira—. Eta, horrekin lotuta, Israelek konpromisoa hartuko luke bere indar armatuak lekualdatzeko, «dentsitaterik handieneko hirietatik» aldenduz.

Laguntza humanitarioa

Laguntza humanitarioa da Qatarren eztabaidatu duten akordioaren bigarren bloke nagusia. Bi aldeek menia proposamena onartuz gero, laguntza humanitarioz beteriko 500 kamioi sartuko lirateke Gazan egunero; elikagaiez eta premiazko bestelako produktuez gain, negoziazioetan parte hartu duten herrialdeek hitzeman dute Gazari 200.000 kanpadenda eta 60.000 karabana ematea.

Horrez gain, Israelek baimena emango luke behar beste material, makina eta erregai sar daitezen hartara ospitaleak eta okindegiak berreraikitzeko —hamabost geratzen dira gaur egun zerrendan—. Era berean, Tel Avivek ahalbidetuko luke hondakinak kentzeko eta «bestelako helburu humanitariorekin» erabili daitezkeen makinak zerrendan sartzea —garabiak, esaterako—. Horretarako, baldintza bakarra dago: Hamasek hitzematea ez dituela erabiliko Israeli eraso egiteko.

Neurri horiek soilik meniaren aurreneko faseari eragingo liokete —ez dituzte argitara atera lehen fase horren datak—. Su etena errespetatuz gero, bigarren fasea abiatuko lukete, baina oraindik ere zehazteko dute zer neurri sartuko liratekeen indarrean aldi horretan.

Hamasen baiezkoa falta da bigarren su etena indarrean sartzeko. Palestinako organizazio islamista horren buruzagi politiko Ismail Haniyeh Qatarren bizi da, erbestean, eta hango emir Xeikh Tamim bin Hamad al-Thanirekin bildu zen bart. Herrialde hartako albiste agentziak plazaratu duenaren arabera, «Gazarako berehalako su eten iraunkor batez» aritu ziren biak ala biak; eztabaida hori «bide onetik» joan zela esan du berri agentziak, Haniyehk al-Thaniri eskerrak eman baitzizkion hark eta beste bitartekariek egindako esfortzuagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.