Bidenek ekonomiarekin egin dio presio DUPi gobernabidearen aferan

AEBetako presidentea Irlandan da, Ostiral Santuko Akordioaren 25. urteurrena dela eta

Joe Biden AEBetako presidentea, atzo, Ulsterko Unibertsitatean (Belfast). CHRIS RATCLIFFE / EFE.
ander perez zala
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Ipar Irlandaren brexit osteko estatusa arautzen duen Windsor Esparru Hitzarmena adostuta, eta Ostiral Santuko Akordioak (1998) 25 urte bete dituela kontuan harturik, Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen bisitak ospatzeko abagunea behar zuen. Hori zen, behintzat, hasierako asmoa; Asanblean hitz egiteko aukera ere hizpidera ekarri zuten, hori baliatuta. DUP Alderdi Demokratiko Unionistaren blokeo politikoak, ordea, plana aldatu du, eta Bidenen bidaiak espero eta nahi baino pisu txikiagoa izan du azkenean; batez ere, Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroaren interesen ikuspuntutik. Edonola ere, AEBetako presidenteak egonaldia baliatu du, batetik, bere herrialdearen babesa berresteko, eta, bestetik, ekonomiarekin DUPi presio egiteko gobernabidearen aferan.

Biden Irlandan da lau egunetarako, eta Belfasten abiatu zuen, herenegun gauean, uhartearen itzulia. Atzo, arretarik handiena Ulsterko Unibertsitatearen campus berrian egon zen jarria, AEBetako presidenteak han eman baitzuen askok esperotako hitzaldia. Estatuburuak esan zuen Ipar Irlandan «aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoak» izan direla Ostiral Santuko Akordioa adostu zutenetik hona —1991n izan zen lehen aldiz Ipar Irlandan, AEBetako senatari zela—, eta «agerikoak» direla bake itunak berekin ekarri dituen «onurak».

Oro har, agerraldi serio eta sakona egin zuen Bidenek, batez ere egungo aferez aritu zenean. Baina, finean, ideia bat iradoki zuen hitzaldi osoan : ekonomiak garrantzi handia duela bakea eraikitzeko orduan. Horrek Ipar Irlandako gobernabideaz aritzeko balio izan zion —blokeatuta dago iazko otsailetik, DUPen betoagatik—, baita inbertsioez mintzatzeko ere, batez ere AEBetako enpresenaz.

«Espero dut ez dela oso handinahia nik esatea Ostiral Santuko Akordioak sorturiko erakunde demokratikoak ezinbestekoak direla Ipar Irlandaren etorkizunerako. Espero dut Asanblea eta gobernua laster itzuliko direla. Zuek hartu behar duzue erabakia, eta espero dut gertatuko dela», adierazi zuen AEBetako presidenteak.

Zuek hitza plurala izan arren, Bidenek alderdi bakar bati egin zion erreferentzia esaldi horretan, DUPi. Zeharka, AEBetako presidenteak presio ekonomiko moduko bat egin zion Ipar Irlandako alderdi unionista nagusiari, modu batera edo bestera esan baitzuen botere partekatuko gobernurik gabe atzerriko inbertsio garrantzitsuak galtzen ari direla. «Ipar Irlandaren barne produktu gordina 1998koa halako bi baino gehiago da orain. AEBetako enpresa askok Ipar Irlandara etorri nahi dute inbestitzera», ohartarazi zuen Bidenek.

DUPek bereganatu zuen arreta guztia, batez ere goizean goizetik; besteak beste, alderdi horren ingurukoek egindako adierazpenengatik. Kasurako, Arlene Foster Ipar Irlandako lehen ministro eta DUPen buruzagi izandakoarenak, herenegun gauean GB News telebista katean esan baitzuen AEBetako presidenteak «Erresuma Batua gorroto» duela.

Antzera mintzatu zen Sammy Wilson Erresuma Batuko Komunen Ganberako diputatua ere, atzo TalkTV katean adierazi baitu Biden ere, «neurri batean», badela blokeo politikoaren errudunetako bat, argudiatuta Ipar Irlandako Protokoloaren aferan jarrera europazalea izan duela.

AEBetako presidentea beti agertu da harro arbaso irlandarrak dituelako, eta hori, Ipar Irlandaz esandakoekin batera, nahikoa froga da, DUPen ustez, ziurtatzeko Biden alderdikoia dela; baita blokeo politikoaren auzian ere. Etxe Zuriak berehala erreakzionatu behar izan zuen, eta Amanda Sloat estatuburuaren laguntzaileetako batek adierazi zuen agintaria ez dela «Britainiaren kontrakoa».

Hitzak kalkulatu beharra

Gertakari horrek agerian utzi zuen AEBetako presidenteak arreta handiz kalkulatu behar izan dituela Ipar Irlandaz esandakoak; bai hango alderdi politikoekin elkartu denean, bai gerora Ulsterko Unibertsitatean emandako hitzaldian.

Ikusteko dago Bidenek DUPen iritzia aldaraziko duen, baina alderdi unionista nagusiaren asteotako jarrerak iradoki du bere horretan eutsiko diola gutxienez datorren hilabeteko —maiatzaren 18ko— herriko hauteskundeak pasatu arte.

Nigel Dodds Erresuma Batuko Lorden Ganberako DUPen burua honela mintzatu da: «Hain modu gardenean nazionalisten aldekoa den gobernu amerikar baten presioa ez da presio izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.