Bidenek aldaketak egin nahi ditu AEBetako Auzitegi Gorenean

Epaileen agintaldia mugatzea eta kode etiko berri bat ezartzea da AEBetako presidentearen proposamen nagusia, hango hedabide batzuek zabaldu dutenez.

Joe Biden AEBetako presidentea, Las Vegasen eginiko agerraldian, atzo. CAROLINE BREHMAN / EFE
Joe Biden AEBetako presidentea, Las Vegasen eginiko agerraldian, atzo. CAROLINE BREHMAN / EFE
2024ko uztailaren 17a
15:58
Entzun

Joe Biden AEB Amerikako Estatu Batuetako presidenteak aldaketak egin nahi ditu Auzitegi Gorenaren funtzionamenduan, hango zenbait hedabideren arabera. Epaileen agintaldia mugatzea —gaur egun, hil arte edo beren borondatez utzi arte daude karguan— eta kode etiko berri bat ezartzea da proposamen nagusia.

Gainera, AEBetako presidenteei immunitatea kenduko liekeen erreforma bat ere egin nahi du konstituzioan, The Washington Post egunkariak kaleratu duenez. Uztailaren 1ean, Gorenak immunitate presidentzialaz ebatzi zuen Donald Trump presidente ohiaren aurkako auzi batean, eta 2020ko hauteskundeetako emaitzak «aldatu nahi izateagatik» jarri zioten salaketa alboratu zuen.

Demokraten buruak iragan larunbatean azaldu zituen bere asmoak, Alderdi Demokrataren adar ezkertiarrenarekin dei baten bidez hitz egin ondoren. «Zuen laguntza behar dut, Auzitegi Gorena mugatuko duen ekinaldi garrantzitsu bat proposatzear bainago»,  adierazi zien alderdikideei Bidenek, The Washington Post-ek lorturiko deiaren transkripzioaren arabera.

Baina aurkeztutako proposamenek oztopo ugari izango dituzte lege bihurtzeko, Kongresuko bi ganberetan onartu beharko direlako: Ordezkarien Ganberan errepublikanoak gehiago dira, eta Senatuan 60 boz beharko lituzkete —48 eserleku dituzte demokratek—. Trumpek, 2017 eta 2021 artean AEBetako presidente izan zenak, gogor kritikatu zuen atzo Bidenen proposamena Truth Social sare sozialean: «Demokratak presidentetzarako hauteskundeak oztopatzen saiatzen ari dira. Auzitegi independente eta bidezkoen alde borrokatu behar dugu».

Azken urteetako bira kontserbadorea

AEBetako Gorenaren zeregina legeek konstituzioa errespetatzen duten erabakitzea da, eta Kongresuan onartutako legeak betetzen ari direla ziurtatzea. Epaileak ez dituzte herritarrek aukeratzen, baizik eta presidenteak proposatzen ditu eta, ondoren, Senatuan bozkatu. Bederatzi epaileek osatzen dute auzitegia; gaur egun, sei kontserbadorek eta hiru progresistak. Kontserbadoreetako hiru Trumpek ezarri zituen, eta beste hirurak George W. Bush —presidente 2001 eta 2009 artean— eta George Bush —1989 eta 1993 artean presidente— errepublikanoek. Progresistetatik bi, berriz, Barack Obama demokratak —presidente 2009tik 2017ra— izendatu zituen, eta azkena Bidenek. 

Biden presidentetzara heldu zenetik, 2021ean, hautsak harrotu dituen hainbat erabaki hartu ditu Gorenak, epaile kontserbadoreek duten gehiengoaren erakusgarri. Besteak beste, abortatzeko eskubidea indargabetu zuen 2022ko ekainean, estatu bakoitzari utziz auziaren gaineko legedia zehazteko eskumena. Gainera, leku publikoetan armak eramatea onartu zuen urte berean, eta ingurumena arautzen duten erakundeen boterea ere murriztu zuen.

2022an, gutxi gorabehera hiru estatubatuarretatik bi ados zeuden epaileen agintaldia mugatzearekin edota erretiro adin bat ezartzearekin, Associated Press berri agentziak eginiko inkesta baten arabera. Eta iragan irailean estatubatuarren %58 ez zeuden gustura Gorenak eginiko lanarekin, Gallup enpresak eginiko ikerketa batek ondorioztatu zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.