AEBetako hauteskundeak

Biden: «Karguan dudan denbora probestuko dut»

AEBetako presidenteak «agintaldi historikoa» borobildu nahi du Trumpi erreleboa eman aurretik. Bozetako emaitzak onartu ditu, eta hauteskunde sistema goraipatu.

Biden hauteskundeen osteko hitzaldia ematen, gaur Etxe Zurian. GRAEME SLOAN / EFE
Biden hauteskundeen osteko hitzaldia ematen, gaur Etxe Zurian. GRAEME SLOAN / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko azaroaren 7a
20:30
Entzun

AEBetako presidente Joe Bideni 74 egun geratzen zaizkio Donald Trumpi lekukoa eman aurretik, eta agindu du egun horiek «probestuko» dituela. Herenegungo presidentetzarako bozetan, Trump hautagai errepublikanoa nagusitu zen, eta 2025eko urtarrilaren 20an hartuko du presidente kargua. Gainera, Kongresuan ere gehiengoa lortzeko bidean da. Horiek horrela, demokratek azken asteak baliatu nahi dituzte Bidenek «agintaldi historiko» gisa definitutakoa borobiltzeko: «Elkarren artean Amerika aldatu dugu, hoberako».

Etxe Zurian eman du hitzaldia Bidenek, Euskal Herrian arratsaldeko bost eta erdiak izateko minutu gutxi falta zirenean. Hauteskundeak «galdu» dituztela onartu badu ere, ziurtatu du Alderdi Demokrata ez dagoela «etsita», eta goraipatu egin du Kamala Harrisen hauteskunde kanpaina.

Atzo Trump telefonoz zoriondu zuela ere jakinarazi du, baita boterearen eskualdatzea «modu baketsuan» egingo dutela ziurtatu ere. 2020ko bozen ostean Trumpek izandako jarrerari ere egin dio keinu bat, eta esan du herritarrek egindako aukera onartzen duela: «Ezin da herria maitatu soilik zure alde egiten duenean». AEBetako hauteskunde sistema «zuzena eta gardena» dela ziurtatu du, eta eskerrak eman dizkie herenegun hauteslekuetan lanean aritu ziren guztiei.

Moskura deirik ez

Bestalde, Kremlineko bozeramaile Dimitri Peskovek gaur jakinarazi du Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez duela Bidenekin hitz egingo AEBetako presidente kargua utzi baino lehen. Baina mahai gainean jarri du Trumpekin mintzatzeko aukera. Errusiak Ukrainako inbasioari ekin zionetik, ez dute elkarrizketarik egin Errusiako eta AEBetako presidenteek. gaur arratsaldean, Moskuk hamaikagarrenez Kiev bonbardatu ostean, Putinek adierazi du AEBetako bozen irabazlearekin hitz egiteko «prest» dagoela. Trumpek kanpainan agindu zuen Ukrainako gerra amaituko duela, baita kargua hartzerako Putinekin hitz egiteko asmoa duela ere. Trumpen aurreko agintaldian (2017-2021) elkarrizketak izan zituzten bi herrialdeetako presidenteek.

LAGUNTZA MILITAR GEHIAGO UKRAINARI, AGINTALDIA BUKATU BAINO LEHEN

Donald Trump presidente hautatu berriak datorren urtarrilaren 20an hartuko dio erreleboa Joe Bideni, gaur egungo Etxe Zuriko maizterrari; hori baino lehen, ordea, Ukrainari laguntza militar gehiago emateko asmoa daukate AEBek, hango gobernuaren gertuko iturriak aipatuz Reuters berri agentziak gaur kaleratu duenez. Horren arabera, bideratu asmo duten laguntza 9 milioi dolar ingurukoa da.

 AEBetako Ordezkarien Ganberak apirilean onartu zuen Ukrainarako azken laguntza ekonomikoa. Errepublikanoak dira gehiengoa ganbera horretan, eta hala izango dira datozen bi urteetan ere. Nolanahi ere, Alderdi Errepublikanoko sektore kontserbadoreenak hainbatetan salatu du laguntza «handiegia» ematen ari direla Kievi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.