Israeli laguntza militar gehiago emango diotela esan dio Bidenek Netanyahuri

AEBetako presidentearen arabera, laguntza hori Iranen «mehatxuetatik babesteko» litzateke. Halere, Bidenek ohartarazi du Hamaseko adar politikoko buruaren hilketak ez duela lagunduko su etenerako negoziazioetan.

Joe Biden AEBetako presidentea eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, iragan astean Etxe Zurian eginiko bileran. SAMUEL CORUM / EFE
Joe Biden AEBetako presidentea eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, iragan astean Etxe Zurian eginiko bileran. SAMUEL CORUM / EFE
2024ko abuztuaren 2a
12:50
Entzun

Joe Biden AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak telefonoz hitz egin zuen bart Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin. Etxe Zuriak ohar baten bidez gaur jakinarazi duenez, AEBek Israeli «laguntza militar handiagoa» emango diotela esan dio Bidenek Netanyahuri, argudiatuta Israelek laguntza hori «beharko» duela Iranen «mehatxuetatik babesteko». Hala, Washingtonek Tel Avivekin duen konpromisoa berretsi du Bidenek. Kamala Harris AEBetako presidenteorde eta seguruenik azaroko presidentetzarako hauteskundeetan hautagai demokrata izango dena ere dei horretan izan da.

Bidenek deiaren ondorengo adierazpenetan esandakoen arabera, Iranen eraso posibleei erantzuteko ez ezik, haren gertukoak diren hainbat «talde terroristatatik defendatzeko» ere balioko du laguntza militarrak: hain justu, Hamas erakunde islamista palestinarrarengandik, Libanoko Hezbollah milizia xiitarengandik eta Yemengo huti matxinoengandik. Nolanahi ere, Bidenek ohartarazi du Ismael Haniyeh Hamasen adar politikoko buruaren hilketak ez duela «lagunduko» Gazako su etenerako negoziazioetan.

Herenegun goizaldean hil zuten Haniyeh, Teheranen (Iran), eta bai Iranek, bai Hamasek Israeli leporatzen diote hilketa. Israelek ez du, oraingoz, haren hilketari buruzko adierazpen ofizialik egin. Hori bai, atzo baieztatu zuen joan den uztailaren 13an Hamaseko buruzagi militar Mohammed Deif hil zuela, Khan Yunisen (Gaza). Tel Avivek esandakoa egia izango balitz, Hamasek bere bi adar nagusien buruzagiak galdu ditu hiru astean baino gutxiagoan. Eta, Libanoko frontean ere, tentsioa areagotzen ari da: astearte iluntzean Israelek Beirut (Libano) bonbardatu zuen, eta Hezbollah milizia xiitako buruzagietako bat hil —Fuad Shukr—.

Azken egunetako erasoek kolokan jarri dituzte orain arte abian izandako su etenerako negoziazioak. Egiptoko Gobernuaren gertuko hainbat iturri aipatuz Reuters berri agentziak jakinarazi duenez, bitartekari egiptoarrek eta  qatartarrek —AEBekin batera negoziazioetan bitartekari gisa ari diren herrialdeetako bi— Israelekin zituzten kontaktuak «guztiz» eten dituzte behin-behinean. Haniyehren hilketak Hamaseko buruzagien eta bitartekarien artean eragindako «haserrearen» ondorioz eten dituzte negoziazioak. Iturri egiptoarrek palestinarren aurkako erasoak etengo lituzkeen edozein akordiori «atea ixtea» egotzi diote Netanyahuri, eta negozioazioak martxan ziren bitartean «krimenak eta sarraskiak» egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.