AEB-ak

Biden buruan, Kalifornian Sandersek irabazi arren

Hamalau estatutatik bederatzitan irabazi du Bidenek, eta hirutan Sandersek. Errepublikanoetan, Trump izan da nabarmen nagusi.

Joen Biden, primarioetako emaitzak ospatzen, bart. ETIENNE LAURENT 7 EFE
Iosu Alberdi - Arantxa Elizegi Egilegor
2020ko martxoaren 4a
08:43
Entzun

Astearte Handiak argi utzi du Joe Biden presidenteorde ohiaren eta Bernie Sanders senatariaren arteko lehiatik aterako dela presidentetzarako hauteskundeetarako Donald Trumpen aurkaria. Moderatuen eta beltzen babesa du Bidenek, eta liberalena eta gazteena, berriz, Sandersek. Zentroa ordezkatzen du batek, eta ezkerra besteak. Alderdiaren barruan, argi utzi dute Biden dutela nahiago, baina bestela pentsatzen dute herritarrek, zeintzuek uste duten Sanders dela Trump garaitzeko aukera duen bakarra. Era batera edo bestera, argi dago oso estua izango dela bi hautagai demokraten arteko lehia, batez ere ikusita Bidenek aurreko primarioak galdu ostean egindako indar erakustaldia. Dena den, ikusteko dago bietako inork lortuko ote duen hautagaitza eskuratzeko behar den adina ordezkari uztaileko kongresua baino lehen.

Sanders abantaila txiki batekin iritsi zen egun handira, baina Bidenek egoera iraultzea lortu du. Jokoan ziren hamalau estatuetatik bederatzitan garaitu du. Halere, gaueko plater nagusia, Kalifornia, Sandersentzat litzateke, estatu hartan 415 ordezkari baitaude jokoan.

AEBetako alderdi demokrataren primarioetako egunik garrantzitsuena da Astearte Handia, ordezkari gehien banatzen den eguna baita. Horren jakitun, eta orain arteko emaitzak ikusita, Amy Klobuchar senatariak eta Pete Buttigieg South Bendeko alkate ohiak euren hautagaitzak bertan behera uztea erabaki zuten bozen atarian. Alderdi demokrataren aparatuak Sandersen aurka hartutako erabakitzat jo dute askok, moderatuen arteko zatiketaren onuradun nagusia izan baita hura. Izan ere, biek Biden babestu dute, eta babes hori ezinbestekoa izan du hark, bestek beste, Minnesotan garaipena eskuratzeko. Berak ere hala onartu du: «Klobucharri esker irabazi dugu Minnesotan». Hangoa baita Klobuchar.

Hainbat estatutan ez da oraindik amaitu kontaketa, baina, Minnesotaz gain, Alabama, Arkansas, Massachusetts, Ipar Carolina, Oklahoma, Tennesee, Maine eta Virginia ere eskuratuko lituzke. Baita Texas ere, gaueko lehiarik garrantzitsuenetan bigarrena, 228 delegatu banatzen baitira han. «Gau on bat da», adierazi du Barack Obamaren presidenteorde izanikoak. Garaipen gutxiago eskuratu ditu Sanders ezkertiarrak, baina horien artean Kaliforniakoa egon liteke.

Hautagaitzarako gakoak izan daitezkeen estatuen artean daude Virginia eta Ipar Carolina ere, faborito argirik gabeko eskualdeak baitira biak, eta bietan garaile irten da presidenteorde izandakoa. Demokratentzat pisuzkoa izan ohi den komunitate beltzaren babesa ere badu hark, eta, inkesten arabera, haren aldeko joera zabaltzen ariko litzateke bizitegi auzoetan ere.

Lehen primarioetako porroten ostean, sendotuta irten da Bidenen hautagaitza Astearte Handitik. «Oso bizirik gaude», esan die Los Angelesen bildutako jarraitzaileei. «Ez izan zalantzarik, kanpaina honen ondoren maletak egin beharko ditu Donald Trumpek».

 

 

Aldiz, Sandersen alde egin dute Vermonten —hangoa da bera—, Coloradon eta Utahn. Texasen ere boto asko lortu ditu hautagai ezkertiarrak, baina, azkenean, Bidenentzat izan dira mugako estatu horretako guztiak. Lehen emaitzak eskuetan, bere hautagaitza defendatu du hark: «Politikan gure tokia egiten ari gara. Ezinezkoa da Trump garaitzea betiko politika zaharra eginez».

Dirua bai, baina emaitzarik ez

Urrun, oso urrun, geratu dira oraindik ere hautagaitzarako lehian jarraitzen duten beste hiru hautagaiak: Tulsi Gabbard kongresukidea, Elisabeth Warren senataria eta Michael Bloomberg New Yorkeko alkate ohia. Bloomberg ez zen aurkeztu otsaileko primarioetara, dena karta batera jokatzeko asmoz, Astearte Handira. 500 milioi euro inguru jarri ditu hamalau estatuetan eginiko publizitate kanpainetarako, gainontzeko hautagai guztiek batera baino gehiago, baina bueltan emaitzarik jaso gabe. Samoa Estatubatuarrean irabaztea bakarrik lortu du. AEBen menpeko lurralde hartan ezin dute presidentetzarako hauteskundeetan botoa eman, baina bai primarioetan.

Horiek horrela, hautagaitzarekin jarraitzea «berriz ebaluatu» beharko dutela adierazi du Bloombergen lan taldeak, eta baliteke gaur hartzea kanpaina bertan behera uzteko erabakia. Warren, berriz, datorren astearteko primarioetara begira jarri da, gaur bere estatuan, Massachussettsen, Bidenen aurka galdu ostean. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.