Biden, adinak garaitutako animalia politikoa

Senatari urte luzez, presidenteorde Obamarekin, eta presidente azken urteotan: ibilbide oparoa osatu du Bidenek.

Joe Biden kanpainako ekitaldi batean, lehengo astean. CAROLINE BREHMAN / EFE
Joe Biden kanpainako ekitaldi batean, lehengo astean. CAROLINE BREHMAN / EFE
Igor Susaeta.
2024ko uztailaren 22a
15:00
Entzun

Sinistuta zegoen. Joe Bidenek (1942) pentsatzen zuen gaur-gaurkoz bera zela hauteskunde batzuetan Donald Trump hautagai errepublikanoari aurre egin ziezaiokeen bakarra. Azken hilabeteetan begi bistan geratu da zahartzeak zenbaitetan dakartzan ajeak nozitzen ari dela arlo kognitiboan, solasen haria galtzen duela, izenak nahasten dituela, eta ez direla, ez, lapsus soilak. Ez zuen amore eman nahi, ordea. Azkenean, baina, adinak berekin dakarren higadurak garaitu du AEBek inoiz izan duten presidente zaharrena, horregatik utzi baitu lehia.

Biden animalia politiko bat da. 50 urte baino gehiago daramatza politikagintzaren lehen lerroan. 1973tik 2009ra senataria izan zen, Delaware estatua ordezkatuz. Zuzenbidean lizentziatu ondoren eta kolpe latz bat hartuta hasi zuen bere ibilbidea. Neilia emazteak, eta Naomi, Beau eta Hunter seme-alabek auto istripu bat izan zuten 1972ko abenduaren 18an. Neilia eta Naomi hil egin ziren, eta, etsi gabe, ospitale batean Beau zaintzen ari zela egin zuen Bidenek karguaren zina.

AEBetako presidente bilakatu nahi izan zuen beti. Hori esan izan du. Orduan, bai 1988an bai 2008an, Alderdi Demokrataren presidentegai hautatu zezaten ahalegindu zen. Ez zuen lortu. Barack Obamak, herrialdeak izan duen presidente beltz bakarrak, halere, presidenteorde izendatu zuen 2009an. Bidenek 2017ra arte bete zuen kargu hori, eta tarte horretan —2010ean, hain zuzen— Obamacare osasun erreforma onartu zuen Kongresuak, Obamak eta Bidenek berak bultzatuta. Erreforma hark ez zuen osasun arreta unibertsala bermatu —hori da ezkerretik egin zaion kritika nagusia—, baina nabarmen apaldu zuen osasun asegururik gabe zeuden herritarren kopurua.

Obamaren bigarren agintaldia bukatuta —AEBetako Konstituzioan jasota dago presidente bat gehienez bi agintaldiz egon daitekeela Etxe Zurian—, Bidenek bazuen demokraten hautagai izateko asmoa. Aukera logikoena zen, kontuan hartuta presidenteordea zela. Baina beste kolpe bat hartu zuen: Beau semea hil zitzaion, minbiziak jota, 2015ean. Obamak berak babestuta, Hillary Clinton lehiatu zen Trumpekin 2016ko bozetan, eta galdu egin zuen.

Bere agintaldian

Lau urte geroago heldu zen Bidenen aldia. Trumpi nagusitu zitzaion, eta 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioko matxinada gertatu eta pare bat astera hartu zuen kargua. Bidenen hasierako asmoa zen trumpismoak AEBetako gizartearen parte handi batean duen eragina indargabetzea. Ez du lortu. Eta lehen hilabeteetan iradoki zuen agintaldi bakarra egingo zuela, hau da, lau urtez egongo zela gehienez, berak ere bai baitzekien 2024aren amaieran 82 urte edukiko zituela.

Baina ikusita Trump hautagai izango zela berriro, ezker eta eskuin begiratu, eta iruditu zitzaion bera zela hautagai bakarra 2017 eta 2021 artean Etxe Zuriko maizter izandakoari aurre egiteko moduan zegoena. Alderdi Demokratak ere gauza bera pentsatzen zuen, antza, duela gutxira arte.

Eta kanpainan, gogora ekarri ditu Etxe Zurian dagoenetik bultzatu dituen ekinbideak. COVID-19a gogor jotzen ari zela hartu zuen kargua, pandemia betean, eta segituan sustatu zuen herritarrek txertoa hartzeko kanpaina masibo bat. Udaberri hartan, Bidenek berak hauspotuta, Kongresuak 1,9 bilioi dolarreko —1,7 bilioi euro— erreskate plan bat onartu zuen ekonomia suspertzeko, eta, hilabete batzuk geroago, udazkenean, 1,2 bilioi dolarreko beste bat —bilioi bat euro inguru—, herrialdeko azpiegiturak berritzeko. Esparru ekonomikoari dagokionez, AEBetako ekonomia %2,5 handitu zen iaz; konparazio batera, eurogunekoa %0,5 egin zuen gora. Langabezia tasa %3,9koa da. Txanponaren beste aldean, baina, inflazioa dago: %2 izatea zuen helburu Bidenek, eta %3,4 da.

OBAMA. BIDEN.
Joe Biden eta Barack Obama, 2022ko azaroan. WILL OLIVER / EFE

Arlo sozialari erreparatuta, 2022ko ekainean AEBetako Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubidea indargabetu zuenetik, hura lehengoratzearen alde mintzatu da Biden. Bestalde, duela bi urte, lan egin zuen su armen gaineko kontrola handitzearen aldeko lege proiektu bat onar zedin Kongresuan. Immigrazioaren esparruan, kargua hartu berritan agindu zuen herrialdean dauden 11 milioi inguru papergabeen egoera onbideratzen ahaleginduko zela, baina, duela hilabete, lege bat sinatu zuen Mexikotik iritsitakoentzako asilo politikak gogortzeko.

Atzerri politikari dagokionez, 2021eko abuztuan AEBetako tropak Afganistandik erretiratu zituen. Modu desordenatuan egin zuten operazioa, eta, horren ondorioz, kritikak jaso zituen. Ez, ordea, azken hilabeteetakoak bezain gogorrak. Izan ere, tarteka kargu hartu badio ere Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, oro har babestu egin du Israel Gazan egiten ari den erasoaldia. Alderdi Demokrataren bozkatzaile gazteenek ez dute ulertu jarrera hori, ezta arabiar jatorrikoek ere. Azaroko hauteskundeei begira, pentsa zitekeen demokratek galdu egingo zutela hautesle horien babesa hautagaia Biden izanez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.