Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa. Jordi Turull. CiUko parlamentaria

«Bidegurutzean, noren menpe gauden erabaki beharko dugu»

CiU pieza erabakigarria da Kataluniako puzzlea ebazteko. Jordi Turull bozeramaileak dioenez, konpromisoa erabatekoa da: trabak gainditu, eta azaroaren 9an bozketa egitea.

Samara Velte.
2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Nola aldatu dira alderdien arteko harremanak prozesu honen ondorioz? Elkarrengana gerturatzeko balio izan du?

Gizartea bera mezu bat bidaltzen ari zaigu: lana ondo egiteko eta elkarrekin egiteko. Horretaz jabetu gara, eta arlo parlamentariora eramaten ari gara. Helburu bera daukagu guztiok: azaroaren 9an botoa ematea. Hortik aurrera, adostu beharko dugu nola gainditu Espainiako Estatuak egunero jartzen dizkigun oztopoak. Baina herriaren aginduak elkartzen gaitu, eta ideia bera daukagu guztiok: kontua ez da akordioa egiteko aukerarik badagoen, baizik eta ez dagoela akordiorik ez lortzeko aukerarik.

CDCk zer ikasi du honetatik?

Gure helburua beti izan da Kataluniako herritarren gehiengoa ordezkatzea. Ez dugu gutxiengo bat konbentzitu nahi, baizik eta gehiengo zabal baten bidelagun izan eta haren desioari bide eman. 80ko urteetan egin genuen, eta orain ere horretan ari gara. Jendea mugitzen bada, gu haren alboan egongo gara, haren asmo eta ilusioak gidatzeko asmoz. 2012ko [Diada eguneko] manifestazio handiaren aurretik ere esan genuen itun fiskalarena ondo ateratzen ez bazen irtenbide bakarra izango zela Katalunia Europako beste estatu bat bihurtzea.

Hilabete falta da galdeketaren egunerako.

Hilabete bizia izango da, estatuak geroz eta traba handiagoak jarriko dizkigulako bidean; orain erakutsi behar dugu batasuna eta mugimenduaren transbertsalitatea. Guk beti esan izan dugu ez diogula beldurrik demokraziari, eta azaroaren 9a horixe izango da: demokraziaren festa handi bat, Kataluniako herritarrek libreki eta modu baketsuan erabakiko dutelako herri honen etorkizun politikoa. Hortik aurrera, emaitza kudeatu beharko dugu. Herritarren %80k emaitza onartuko dutelakoan gaude, beraz, kohesio soziala mantenduko da, eta jendeak gauza normaltzat joko du halako erronken aurrean gure etorkizuna erabaki ahal izatea.

Nolako trabak espero dituzue?

Denetik: gu banatzen saiatuko dira, prestigioa kentzen, funtzionarioei eta instituzioei mehatxu egiten... Ahal bezainbeste traba jarriko dituzte, galdeketa ahal bezainbeste arazorekin egin dezagun. Horregatik, egoera guztietarako prest egon behar dugu, oztopo horiei aurre egiteko. Espainia erakusten ari da beldurra diola demokraziari, eta guk kontrakoa adierazi nahi diogu munduari: emaitza onartzeko prest gaudela.

Auzitegi Konstituzionalaren debekua A-9a baino lehenago heltzen bada, zer egingo duzue?

Alderdi guztien artean erabakiko dugu zer egin. Auzitegi Konstituzionalaren orain arteko jokabideak erakutsi digunez, botereen banaketak ez du oso ongi funtzionatzen estatuan; beraz, kontsultaren aldeko alderdien artean erabakiko dugu zer pauso eman behar diren zentzu ona gailen dadin eta katalan guztiek euren etorkizun politikoa erabaki ahal izan dezaten. Bidegurutze batera heldu gara, eta erabaki beharko dugu noren menpekoak garen. Guk Kataluniako herriari obeditzen diogu, eta haren agindua argia eta esplizitua da: galdetzea nahi dute. Elementu horiek kontuan izanda erabaki beharko ditugu gure ekintzak.

Auzitegi Konstituzionalak kontsulta etenarazi zuenean, askok zalantzan jarri zuten Kataluniako Gobernuaren konpromisoa, batez ere kanpaina informatiboa eten zuenean. Gero, goi bilera hura egin zenuten, eta gobernuak berriz eutsi zien prestaketei. Zer gertatu zen?

Ez zen aldaketarik egon. Badaezpadako neurri batzuetatik abiatuta, badaezpadako erabaki batzuk hartu genituen, eta hortik aurrera berriz aztertu genuen zer egin genezakeen. Kanpaina informatiboa etetea Espainiako Gobernuaren errua izan zen nagusiki: hark eskatzen badu, Auzitegi Konstituzionalak derrigor geldiarazi behar du.

Zein da gutxieneko bermea galdeketa egiteko?

Mundu guztiak bozkatu ahal izatea, askatasun osoz; guztiek sentitzea baldintza berberetan daudela, eta emaitza horrexegatik izatea eztabaidaezina.

Oraingo baldintzak kontuan izanda —auzitegiaren behin-behineko debekua, galdeketaren aurka dauden alderdiak...—, ba al dago nahiko berme galdeketa egiteko eta emaitzak nahiko pisu izateko gero ekintza politikoetan islatzeko?

Horretarako lanean ari gara, eta azaroaren 9an ikusiko dugu. Horretarako, beharrezkoa da aurretik tramite guztiak egitea. Ezezkoaren aldekoek bermatuta daukate euren kanpaina; nahieran ari dira zabaltzen euren hedabideetan; eta baiezkoaren aldekoek badute aukera orain. Gure ustez, berme horiek betetzen ari dira.

Madrilekin negoziatzeko aukerarik ikusten duzue?

Gu azken segundora arte gaude hitz egiteko prest; hori Burujabetza Adierazpenean ere bagenioen. Baina edozein itunek Kataluniako herritarren bozketa bat igaro beharko du: ez litzateke bulegoetan onartutako akordio bat izango. Guk beti esan izan diegu: «Ez bazaizue gure galdera gustatzen, proposa ezazue zuena». Edozein modutan, errealitateak erakusten du herritar askok nahi dutela Katalunia independentea izatea, eta bozkatu nahi dutela. Hortik aurrera, estatuak proposamenen bat egin nahi badu, jar dezala mahai gainean, eta bozkatuko dugu. Horrekin ez daukagu arazorik; areago, adostu dugun galderak aukera guztiak ematen ditu.

Zer iruditzen zaizkizu bestelako alternatiba batzuk; esate baterako, herri kanpainek edo udalek antolatzea galdeketa?

Ez; gure ustez galdeketa berme guztiekin egin behar da, eta hori da Kataluniako Gobernuaren eta Parlamentuaren konpromisoa. Horren alde egin behar dugu lan.

Eta hauteskundeak aurreratzeko aukera?

Ez dago mahai gainean. Azaroaren 9an daukagu burua. Jende asko saiatzen ari da arreta desbideratzen, gu nahasteko, banatzeko eta prestigioa kentzeko, baina espekulazio guztiak interesatuak dira; ez dugu halako egoerarik aintzat hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.